Portugalete udalerriko Santa Maria ikastetxeko Edurobotic Hermes euskal taldeak FIRST LEGO League txapelketako Espainiako final handian lehenengo saria irabazi du. Finala asteburu honetan egin da Tenerifen, online formatuan. Bigarren eta hirugarren tokian sailkatu dira Kanarietako Aldeatrón Robotix eta Nafarroako Legotronic Beavers, hurrenez hurren. Portugaleteko ikasleek osatu dute talderik osoena berrikuntza, robot eta txapelketako balioak txertatzeko proiektuan. Joan den maiatzean, Edurobotic Hermes taldeak FIRST LEGO League Euskadi irabazi zuen Deustun.  

Espainiako finalean parte hartu duten 51 taldeetatik sei Euskadikoak ziren, eta FIRST LEGO League Euskadi ordezkatuta parte hartu zuten. Irabazleen gain, honako hauekere parte hartu dute: Portugaleteko (Bizkaia) Santa Maria ikastetxeko Edurobotic Mercurio, Donostiako (Gipuzkoa) Axular Lizeoko Overclock, Markina-Xemeingo (Bizkaia) Berakruz ikastolako Energear, Gernikako (Bizkaia) San Fidel ikastolako Sanfitek eta Arrasateko (Gipuzkoa) Arizmendi Ikerlaneko Neskek Eraldatux. 

FIRST LEGO League Euskadi STEAM hezkuntza-programa bat da eta Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategiaren parte da. Euskadin Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Deustuko Unibertsitateak, Donostiako Sustapenak eta Mondragon Unibertsitateak antolatzen dute. Helburua da euskal gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea. 

Zorionak!

Partekatu albiste hau