2030ean Euskadi berrikuntzan lider diren europar lurraldeen artean kokatzeko asmoz, Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, 2021‑2024 Plan Estrategikoa aurkeztu du gaur goizean egindako Batzar Nagusian. Innobasqueko ohorezko presidentea den Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak ireki du saioa, eta, bertan, Innobasqueko Manuel Salaverria presidenteak eta Leire Bilbao zuzendari nagusiak ekintzara bideratutako ibilbide‑orri berri honen lerro nagusiak aurkeztu dituzte, euskal ETEen berrikuntza sustatzeko, euskal I+G+Baren nazioartekotzea bultzatzeko eta gazteen artean STEAM Hezkuntza sustatzeko. Plan horrek 2030rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak (ZTBP) ezarritako helburuak betetzen lagunduko du.

COVID‑19aren osteko testuinguru berde eta digitalean, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Plan Estrategikoak lan‑arlo berriak hartzen ditu barne, emaitzengana bideratuagoa dago eta 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren helburuei ekarpen handiagoa egitea du xede. Horizonte Europa eta NextGenerationEU programen esparruan, ibilbide‑orri honek euskal enpresen sarearen, eta bereziki ETEen, berrikuntza bultzatzeko ahalegina jartzen du erdigunean. Tresna horren helburua da esfortzuak eta sinergiak batzea gainontzeko eragile pribatu eta publikoekin I+G+Baren aldeko euskal apustuan elkarrekin aitzindari izateko. 

Innobasquek hiru helburu ezarri ditu berrikuntzako euskal ekosistema hobetzeko: Euskadiko ETEen berrikuntza handitzea sustatzea, euskal gazteek zientzian zein teknologian duten interesa sustatzea, bereziki emakumeen artean, eta euskal I+G+Baren nazioarteko presentzia handitzea.

Irakurri 2021-2024 Plan Estrategikoaren laburpena

 

Partekatu albiste hau