2021eko ekainaren 3ko erreportajea

Europak badaki etorkizun berdeago eta digitalagoa soilik posible izango dela enpresa txiki eta ertainak (EBko enpresa-sarearen % 99 osatzen dute) aldaketaren protagonistak badira. Horregatik, beharrezkoak diren mekanismoak eratuko ditu proaktiboak izan daitezen.

 

Erreportaje sorta hau jarraitzen ari bazara, dagoeneko konturatuko zinen berdin diola zein programa edo politikaz ari garen, beti egiten diegula aipamen berezia enpresa txiki eta ertainei. Innobasqueren estrategiaren lehentasunezko helburuetako bat horiek berrikuntzaren kulturara hurbiltzea da, baina oraingoan ez da gure kontua bakarrik haiei buruz hitz egiteko grina. Izan ere, Batzordearena ere bada; epe erdira eta luzera gozatu nahi dugun Europa berde, digital eta erresiliente hori lortzeko ETEak funtsezkoak izango direla nabarmentzeko asmoa baitu.

Batzordearen datuen arabera, Europan 25 milioi ETE baino gehiago daude. Guztizko kopuruaren % 99 dira, EBko Barne Produktu Gordinaren (BPG) erdia baino gehiago sortzen dute eta hiru enplegutik bi horietatik datoz; beraz, ehun milioi pertsona ingururi ematen diete lana eta prestakuntza sektore eta eskualde guztietan. Kategoria horren barruan errealitate guztiak berdinak ez badira ere, “Europako ekonomiaren bizkarrezurra” dira.

Iturria 

Dena den, horien erdiek soilik egiten dituzte berrikuntza-jarduerak, eta, oro har, ondorio bereziak pairatzen dituzte krisiak gertatzen direnean. Horregatik, funtsezkoa da Europako industria-estrategiaren barruan mekanismoak izatea. Horrela, ETE mota bakoitzaren behar espezifikoak aitortzeaz gain, lehendik daudenen hazkunde jasangarria ziurtatu ahalko duten baldintzak garatuko dira eta Europa negozio bat abian jartzeko leku erakargarriagoa bihurtuko da.

Zorionez, ez gara hutsetik hasten. ETE-en lehiakortasuna hobetzea dagoeneko bazen 2014-2020 aldiko kohesio-politikaren helburu nagusietako bat, eta erkidegoko hainbat programaren ekimenetan jasota dago, hala nola Egitura Funtsetan, Europako Inbertsioen Funtsean, NextGenetionUE suspertzeko aldi baterako funtsean eta, jakina, ikerketara eta berrikuntzara bideratutakoetan, Horizon Europe esparru-programatik hasita. Horri esker, ETE-en europar estrategia eratzean (‘Europako ETE-en potentzial osoa askatzea, Europa jasangarri eta digitalaren alde’ izenekoa), Batzordeak hiru zutabetan oinarritzeko aukera izan du:

–          Jasangarritasun eta digitalizaziorako trantsiziorako gaitasunak eta laguntza garatzea.

–          Araudi-karga murriztea eta nazioarteko balio-kate eta merkatuetarako sarbidea hobetzea.

–      Inbertsioen finantzaketarako sarbidea hobetzea, dirulaguntzen, maileguen, kreditu-bermeen eta arrisku-kapitalaren bidez, besteak beste.

Banan-banan aztertuko ditugu.

 

Nola garatuko dira EBren gaitasunak trantsizio bikoitzean?

Europa teknologia berdeen sorterria da. Dena den, haren lidergoa eta klimaren aldetik neutroa den lehenengo potentzia izateko asmoa ETEak trantsizio ekologiko eta digital bikoitzean proaktiboak izatearen mende egongo dira. Horregatik, aitzindari izateko eskatzen zaie. Hala ere, gaur egun, horien laurden batek baino ez ditu eskaintzen produktu eta zerbitzu jasangarriak, eta ETE-en % 17k baino ez du lortu teknologia digitalak txertatzea (enpresa handien % 54k lortu du), ekoizpen-prozesuen eraginkortasuna hobetzeko edo ezustekoak gainditzeko aukerak ematen duten arren, pandemian ikusi dugun bezala. Hau da, agerikoa da Europako enpresa txiki eta ertainek laguntza jasotzeko beharra dutela trantsizio bikoitzari ekiteko.

Iturria

Bere estrategian, EBk laguntza horren alderdi teknikoa Enpresen Europako Sarearen (EES, edo EEN, ingelesezko siglen arabera: Enterprise Europe Network) esku uzten du. Hain zuzen ere, Innobasque sare horren kide da, eta hari eskainiko diogu datorren asteko artikulua. Oraingoz, bere zeregina ulertzeko, nahikoa da honako hau adieraztea: nazioarteko proiekzioa duten ETE-ek tokiko hiru mila espezialista baino gehiago dituzte sare hori osatzen duten 600 erakundeetan. Espezialista horien zeregina da ETE-en beharrak ebaluatzea eta haien botila-lepoa arintzeko zerbitzu, jarduketa eta laguntza-programa egokienei buruzko aholkularitza ematea. Gainera, nazioartean bezero potentzialak aurkitzen lagunduko diete.

Enterprise Europe Network sarearekin batera, 240 Berrikuntza Digitaleko Zentroak (edo Digital Innovation Hubs, DIH) egongo dira, leihatila bakartzat hartzen direnak. Horien bidez, enpresek informazioa, zerbitzuak eta behar dituzten instalazioak lortu ahal izango dituzte eraldaketa digitaleko prozesuei ekiteko. Hau da, nazio-, eskualde- eta toki-mailan digitalizazioari laguntzeko egiturekin konektatuko dituzte. Horrela, beren produktuetan, negozio-ereduetan eta prozesuetan berrikuntza digitalak txertatzen lagunduko diete. Euskadin zentro horietako bat dago, Basque Digital Hub. Zentro hori sare konektatua da, enpresen esku jartzen dituena aktiboak eta fabrikazio aurreratuko zerbitzuak, baita teknologiak prestatzeko, ikertzeko, probatzeko eta baliozkotzeko azpiegitura egokia ere.

ETE-ek jasotzen duten erakunde-laguntzaren atal ekonomikoak Itun Berdeko inbertsioen laguntza izango du, bai eta Digital Europe eta Horizon Europe programena, horien Berrikuntzarako Europako Kontseiluarena, Egitura Funtsena eta NextGenerationUE funts berriena ere.

Bestalde, Berrikuntza eta Teknologiaren Europako Institutuak (EIT) honako hau ziurtatuko du: bere ezagutza- eta berrikuntza-komunitateak ETE-etarako irekiago daudela eta horiek tokiko ekosistemen parte izateko aukerak handituko dituztela. Gainera, jabetza intelektualaren eta industrialaren gaineko ekintza-planak arlo horietako babesaren eraginkortasuna areagotzeko neurriak proposatuko ditu.

Batzordeak ez du ahazten gaitasun profesionalak hobetzeko hezkuntza eta prestakuntza funtsezkoak direla ETEak merkatu bakar horretara egokitzeko. Izan ere, kualifikatutako langileen eta eskarmentudun zuzendarien eskuragarritasuna da oraindik ere EBko ETE-ek duten arazo handienetako bat. Halaber, konpetentzien eskasia bereziki larria da digitalizazioaren eta teknologia berrien kasuan; izan ere, herritar aktiboen % 35ek konpetentzia teknologiko eskasak dauzka, edo, zuzenean, ez du konpetentzia teknologikorik. Ondorio zuzena da enpresen % 70ek baino gehiagok uste duela faktore horiek direla daukaten trabarik handiena berrikuntzan inbertsio berriak egiteko.

Oztopo horri aurre egiteko, Batzordeak ETE-etarako ikastaro digital trinkoak egingo ditu honako esparru hauetan: adimen artifiziala, zibersegurtasuna edo bloke-katea (“blockchain” teknologia). Gainera, “boluntario digitalentzako” programa bat martxan jarriko du, eta, horri esker, kualifikazioa duten gazteek eta esperientzia duten helduek konpetentzia digitalak enpresa tradizionalekin partekatzeko aukera izango dute.

Agur, burokrazia krudela

EBren eskumenekoak diren arauak zorrotz aplikatzeak bermatzen du enpresa guztiek, eta, bereziki, ETE-ek, aukera dutela merkatu bakarrean beren merituengatik lehiatu eta berritzeko. Horrela, merkatuan nagusikeria eta konpainia gutxi batzuek aberastasuna pilatzea saihesten da. Dena den, praktikan, burokraziak enpresa txiki eta ertainei erkidegoko merkatuan sartzeko edo enpresa handiekin baldintza-berdintasunean nazioarteko proiektuetan parte hartzeko gaitasuna kentzen die. Azkenean, erregelamenduak, arauak, etiketak eta administrazio-izapideak errespetatzeak gehiago eragiten die, finantza- eta giza baliabide mugatuta dituztelako.

Iturria 

Horregatik, estrategia berri honen bidez, EBk merkatu bakar horretan egon daitezkeen oztopoak murriztu nahi ditu; izan ere, erreferentziazko merkatua da Europako ETE-en % 80rako, eta salgaien esportazioen balioaren % 70 ordezkatzen du.

Batzordeak onartzen du oztopo horiek gainditzea bere eta estatu kide bakoitzaren erantzukizuna dela; izan ere, “kargaren zati handi bat legeria nazionaletik dator”. Horregatik, honako konpromiso hau hartzen du: ETE-en mugaz gaindiko hedapena erraztea eta legeak egitean horiei garrantzi handiagoa emateko neurri gehigarriak ezartzeko beharra ebaluatzea. Era berean, gobernuei “gehiegizko erregulazioek” ETE-etarako dituzten ondorioak ebaluatzeko gonbita egiten die, eta eskatzen die “‘lehenik eskala txikian pentsatzeko’, ‘behin soilik’ eta ‘digitala lehenetsita’ printzipioak zorrotz aplikatzeko”.

Batzordeak ahalegin horiek osatuko ditu, eta, horretarako, estatuak Pasabide Digital Bakarra martxan jartzera animatuko ditu. Horri esker, ETE-ek aukera izango dute informazioa, prozedurak eta mugaz gaindiko merkataritza-jardueran ezarritako laguntza-zerbitzuak erraz eskuratzeko. Horretarako, herrialde bakoitzak bere zerbitzuak konektatu behar ditu leihatila bakar batera, erantzun arin eta koordinatua emate aldera.

EBtik kanpoko merkataritza-harremanei dagokienez (600.000 ETErentzat soilik da ohikoa gaur egun), Batzordeak enpresa txiki eta ertainen aldeko ingurunea sustatuko du alde anitzeko eta aldebiko elkarrizketetan. Horrez gain, informazio-atari berri bat martxan jarriko du, hirugarren herrialdeetako merkataritza-politikei, prozedurei eta aduana-izapideei buruzko informazioa emateko.

Bestalde, Europar Batasunak enpresen transmisioan lanean jarraituko du, balin eta horrek ETE-en jarduera eta enplegua mantentzeko balio badu, eta estatu kideei laguntza emango die jabeen aldaketa sustatuko duen enpresa-ingurua ezartzeko. Batzordearen arabera, “dagoeneko existitzen den enpresa bat erostea, askotan, hobea da enpresa berri bat sortzea baino”. Halaber, kalkulatzen du 450.000 ETE inguruk aldatzen dutela jabea urtero, eta horrek bi milioi langile baino gehiagori eragiten die. Hala ere, jabetzaren transmisioen heren batek ez du aurrera egiten, eta, ondorioz, Europak 150.000 elkarte eta 600.000 lanpostu inguru galtzen ditu. Sarritan, arrazoiak honako hauek dira: aurretiazko prestakuntza falta, ondorengoa aurkitzeko zailtasuna edo aldekoak ez diren zerga- eta arau-neurriak.

 

Finantzaketa handiagoa eta hobea

Finantzaketa lortzeko aukera beti da funtsezkoa edozein enpresatan trantsizio bikoitzak behar dituen inbertsio-beharrak ordaindu ahal izateko. Dena den, garapen-fase guztietan, enpresa txikiek finantzaketa lortzeko zailtasun handiagoak dituzte enpresa handiek baino. Errealitate horri buelta emateko, beharrezkoa izango da erregelamendu-ingurune egokia eta finantzaketa europar eta nazional nahikoa eta harmonizatua konbinatzen dituen ikuspegia, bai eta enpresa- eta inbertitzaile-sareetarako sarbidea ere.

Iturria 

Hasteko, beharrezkoa izango da finantzaketa-iturriak dibertsifikatzea. Adibidez, Europan egiten diren arrisku-kapitaleko inbertsioak zortzi bat aldiz txikiagoak dira Estatu Batuetan egiten direnak baino; horregatik, garatzeko bidean dauden eta azkar hazten ari diren enpresa berritzaileak (kapital-premia handiak dituztenak) askotan atzerrira joaten dira arrisku-kapitala aurkitzeko. Ildo horretan, lehenengo neurri gisa, balizko inbertitzaileen mesfidantza ekiditeko, EBk proiektu pilotu bat abian jar dezake, teknologia handiko ETE-en balorazio zehatzagoa egiteko, “teknologiako eta jabetza intelektual eta industrialeko zorroa” oinarri hartuta. Horrez gain, ekintza-plan berritua egingo da kapital-merkatuen bateratzeari buruz, eta sektore pribatuarekin arriskuak partekatzeko modu berriak eratuko dira, hala nola EBren partaidetza “aingura-inbertsore” gisa ETE-ek egindako hasierako eskaintza publikoetan (HEP).

Bestalde, estatuko laguntzei buruzko arauei esker, laguntza nazional esanguratsua eman zaie ETE-ei eta arrisku-kapitalari; hortaz, Batzordeak horiek berrikusiko ditu 2021. urtea amaitu baino lehen, dituzten helburuetarako egokiak izaten jarraitzen dutela bermatzeko.

Gainera, inbertsioen hartzaileen dibertsitate-faltak talentuen eta berrikuntzaren erreserba murrizten du. Emakumeek Europako enpresen heren bat jarri zuten martxan, baina beren proiektuek ez dute behar adinako ordezkaritzarik arrisku-kapitala lortzean. Ildo horretan, Batzordeak genero-ikuspegia duen iniziatiba bat planteatu du InvestEU inbertsio-funtsak erabiltzeko, eta Berrikuntzaren Europako Kontseiluari berrikuntza-proiektuak aurkezten dizkioten emakumeek zuzendutako ETE-ei lehentasuna emateko.

InvestEUra itzuliz, ETE-ei dagokien partidak finantzaketa laguntzeko balioko du. Xede horrez, ETE-etarako eta Europar Batasunarentzat interes berezia duten sektore berezietakoak diren eta kapitalizazio ertaina daukaten enpresa txikientzat ekintzak abiaraziko dira, hala nola espazioa eta defentsa, jasangarritasuna, digitalizazioa, berrikuntza, genero-ikuspegia duen finantzaketa eta teknologia berde eta sakona.

Partekatu albiste hau