Esparru-programaren 1. zutarriak EBk ezagutzaren mugaren ikerketan erreferentea izateko erabili nahi dituen estrategia-ildoak ezartzen ditu

2021eko apirilaren 29ko erreportajea

 

Europak aurrean ditugun erronkei aurre egiteko erabili nahi dituen estrategia guztiek, bai globalek bai partikularrek, oinarria dute ikerketa zientifikoan eta enpresa-berrikuntzan. Bietan bikaintasuna lortzeko eta bataren zein bestearen fruituek gizartean eragina izateko beharrezkoa da planifikazioa. Planifikazio hori hiru zutarritan egituratzen da Horizon Europe esparru-programan.

Aurreko artikulu batzuetan horietako bi aipatu ditugu, berrikuntzarekin eta lehiakortasunarekin zuzenean lotuta daudelako euskal ETE-ei aukera handiagoak emango dizkietenak etorkizuneko Europa berdearen, digitalaren eta iraunkorraren protagonista izateko. Hortaz, bat geratzen zaigu, EB zientzia bikainaren munduko lider gisa eta etorkizuneko eta sortzen ari den teknologiaren sortzaile gisa kokatzen dela bermatzeko asmoa duena, eta (gure aurkezpen-ordena berezia gorabehera) 1. zutarria da esparru-programaren antolaketa-organigraman. 

1. zutarriaren oinarrizko xedeak honako hauek dira: alde batetik, ezagutza sortzea eta zabaltzea, eta, bestetik, talentu ikertzailea erakartzea eta sortzea. Horretarako, 23.000 euro inguru izango ditu. Funts horien % 64 Europako Ikerketa Kontseilura zuzenduta dago (ERC, ingelesezko siglengatik), eta horren xedea da lan-arlo bakoitzeko ikertzaile onenek egindako mugako ikerketa finantzatzea; Marie Skłodowska-Curie ekintzek aurrekontuaren % 27 dute esleituta, eta, horren bidez, ikertzaileei ezagutza eta trebetasun berriak emango zaizkie, eta prestakuntza eta mugikortasuna hobetuko dira; eta gainerako % 9ak ikerketa-egituren erabilera indartzeko eta horiek munduko erreferente bihurtzeko balioko du.

 

Zer da Europako Ikerketa Kontseilua eta zein proiektu babesten ditu?

Europako Ikerketa Kontseilua (ERC) 2005ean sortu zen, ikerketa disruptiboko proiektuei (normalean luzeak izaten direnak) babesa emateko. Proiektu horiek, oro har, etorkizunean oso errentagarriak izan daitezke, baina horiek martxan jartzeak arrisku ekonomiko handiak ditu. Edozein gairi buruzkoak izan daitezke eta horiek baloratzeko irizpide bakarra bikaintasun zientifikoa da; ez dago kuotarik ez interesguneengatik, ez proposamenen jatorrizko herrialdeengatik. Hortaz, zabalik dago Europan bere proiektua (bai banakakoa, bai taldekoa) egin nahi duten mundu osoko ikertzaileentzat.

ERCk babestutako proiektuen hautaketa nazioartean famatuak diren 22 ikertzaileren esku dago, eta haiek baloratuko dute zein proposamenek ekartzen dituzten ezagutza berriak (mugako ikerketa), zein kontsideratu ahal diren abangoardiako zientzia, eta, horietatik, zeinek duen eragin handien. Kontseilu zientifiko horrek, gainera, hautatutako ekimen bakoitzaren kalitatea kontrolatzeko lanak egingo ditu. Bestalde, agentzia exekutiboa dago (ERCEA), Europako Batzordeak ERCren bidez finantzatzen dituen proiektuen kudeaketa administratiboaz arduratzen dena.

Ikertzaileen esperientziaren arabera, Kontseiluak bere programetako batean sartuko du proiektu bakoitza, izan banakako taldeek egindakoak, izan zenbait lantaldek partzuergoan abiarazitakoak.

 

BANAKAKO TALDEEK EGINDAKO IKERKETETARAKO PROGRAMAK

ERC Starting Grants. Itxuraz ibilbide oparoa izango duten eta haien ikerketa-ildoa abiarazten ari diren ikertzaile gazteek bultzatutako ikerketa-taldeak babesten ditu. Gehienez milioi bat eta erdi euro jasoko dituzte, bost urteko gehieneko epean. Ikertzaile nagusiak bi eta zazpi urte bitarteko doktorego-osteko esperientzia izan behar du, eta gutxienez bere lanaldiaren erdia eman behar du finantzatutako proiektuan. Eskariak aurkezteko Horizon Europeren lehenengo deialdia otsailean ireki zen eta hilaren 8an amaitu da. Hurrengoa irailaren 23an ireki eta 2022ko urtarrilean itxiko da.

ERC Consolidator Grants. Oraindik gazteak izanagatik ere beren ikerketa-ildoa finkatzen ari diren ikertzaileentzat pentsatuta dago. Hortaz, esperientzia apur bat handiagoa eskatzen zaie (zazpi eta hamabi urte bitarteko doktorego-osteko esperientzia), eta gehienez bi miloi euroko hornidura jasoko dute bost urtez. Ikertzaile nagusiak proiektu honetan duen dedikazioa apur bat txikiagoa izan daiteke: lanaldiaren % 40. Eskariak aurkezteko Horizon Europeren lehenengo deialdia martxoan ireki zen eta hilaren 20an amaitu da. Hurrengoa urriaren 19an ireki eta 2022ko martxoan itxiko da.

ERC Advanced Grants. Hamar urtetik gorako ibilbidea eta beren ezagutza-arloan ospea duten ikertzaileek gidatutako proiektuetara zuzenduta dago. Hornidura bi milioi eta erdi eurokoa da gehienez ere, bost urtez, eta eskatutako dedikazioa % 3oekoa. Eskariak aurkezteko deialdia maiatzaren 20an ireki eta abuztuaren 31n itxiko da.

PARTZUERGOAN EGINDAKO IKERKETETARAKO PROGRAMAK                

ERC Synergy Grants. Lantalde ugariren arteko partzuergoak finantzatzen ditu haien baliabideak eta ezagutzak batzeko. Horrela, asmo handikoak diren eta bakarrik egin ezingo lituzketen erronka zientifikoak gauzatu ahal dituzte. Bi eta lau ikertzaile nagusi artean izan ditzakete, eta horietako batek Europar Batasunetik kanpoko erakunde batean lan egin dezake. Hamar milioi eurora arteko babesa jasotzen dute, gehienez ere sei urteko epean. Deialdia uztailaren 15ean irekiko da eta azaroaren 10ean itxiko da.

Lau programa horiekin batera, bosgarren bat dago (Proof of concept). Programa horren xedea da 18 hilabetez 150.000 eurorekin finantzatzea ERCk aurretik finantzatu dituen eta dagoeneko merkatura atera ahal diren proiektuen bideragarritasun komertziala.

 

Zer dira Marie Skłodowska-Curie ekintzak era nori ematen diete laguntza?

EBk omenaldia egin nahi izan dio Poloniako ikertzaileari; horregatik, haren lanbideko kide gazteenen garapen profesionala hobetzeko pentsatutako ekimen-sortari bere izena eman zaio, eta arreta berezia jarri da haien prestakuntza eta mugikortasuna indartzeko. Ekintza horiek doktoregoa oraindik ez duten edo hiru urte baino gutxiagoko esperientzia daukaten ikertzaileentzat zabalik daude, haien ikerketa-esparrua eta nazionalitatea edozein dela ere.

Proiektuak (osorik finantzatuko dira) banakakoak zein lankidetzakoak izan daitezke, baina nazioarteko, sektore arteko eta diziplina arteko ikuspegia izan beharko dute beti. Alderdi hori oso garrantzitsua da; izan ere, tresna horren xedeetako bat doktorego industrialak sustatu eta ikertzaileek enpresetan egonaldiak egitea da. Horrela, aukera izango dute haien lanaren emaitzak merkatuaren esparruetara nola transferitu jakiteko. Oraindik ez dira hautagaitzak aurkezteko deialdien irekiera- eta itxiera-egunak jakinarazi.

 

Zer dira Europako ikerketa-egiturak?

Ziur noizbait CERNen (Ikerketa Nuklearreko Europako Elkartea) partikula-azeleragailuei edo Zientzia Irekiko Europako Hodeiari (EOSC) buruz zerbait entzun duzula. Eta ziur, horiek dakarten inbertsioaz gain, horietan nork lan egiten duen eta horra nola heldu diren galdetu diozula zure buruari. Bada, bi horiek esparru-programaren 1. zutarriaren bidez kudeatzen den ikerketa-egituren adibide dira.

Hortaz, ikerketa-egitura horiek diziplina zehatz bateko komunitate ikertzaileari baliabideak eta zerbitzuak ematen dizkieten zentroak dira. Horrela, aukera dute ahal den baldintzarik onenetan haien lana egiteko. Horiei esker, EBk eraldaketa berde eta digitalerako oinarrizko ikerketa-esparruak betetzen ditu. Hau da, espero da egitura horietan egiten diren proiektuek gizarte-eragin handia izatea. Horregatik, Europako Batzordeak inbertsio estrategikotzat jotzen ditu, eta, lehendik daudenak optimizatu nahi izateaz gain, horiek nazioarteko erreferente bihurtzeko, ikerketa-egitura berriak sortzea egokia den aztertzen du, etorkizuneko beharrei erantzuteko.

 

Euskal partaidetza 1. zutarrian

Benetan, Horizon Europek aurreko programan (Horizon 2020) zituen tresnak mantentzen ditu bere 1. zutarrian. Hori indarrean egon den urteetan (2014-2020), programa horietan egon den euskal taldeen partaidetzak gora egin du. Beren karrera Euskal Herriko Unibertsitateko Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroetan (BERC), Ikerketa Kooperatiboko Zentroetan (CIC) eta gure zentro teknologikoetako askotan garatzen duten ikertzaileek Europako ikerketa-esparruan beren lekua bilatzen jakin izan dute, eta Europako Batzordeak maila gorenean aitortu du beren lanaren kalitatea.

Zifretan, EBk 40,9 milioi euro eman ditu euskal ikertzaileen mugikortasunerako beketan eta beste 38,5 milioi Euskadin lehenengo maila zientifikoko proiektuak gidatzen dituzten ikertzaileei laguntzak emateko. Zifra horiek Batzordeak bi tresnetan (Marie Skłodowska-Curie ekintzak eta ERC) jarri zuen aurrekontuaren % 1 eta % 0,4 hartzen dute. Ehuneko horiek txikiak dirudite aintzat hartzen badugu gure ikertzaileak Europako onenekin lehiatzen ari direla puntako ikerketa-ildoak garatzeko. Hortaz, hautaketa horren arrakastak gure lurraldearen heldutasun zientifikoa islatzen du.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago