Beatriz Artolazabal, Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak, eta Izaskun Landaida, Emakunde- Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, gaur goizean eman diote Berrikuntzaren Euskal Agentzia-Innobasqueri Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako Erakunde Laguntzailearen aitorpena. Leire Bilbao, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak eta Teresa González, Giza Baliabideetako zuzendariak, jaso dute bereizgarria.  Innobasquez gain, 7 erakundek jaso dute plaka, eta bat egin dute lehendik aitortza hori zeukaten 114 organismoekin.

Innobasquek berdintasunaren alde aurrerapausoak emateko eta gizarte- eta lan-esparruan berdintasun hori lortzen lagunduko duten ekimenak sustatzeko agertutako konpromisoa eta eginiko lana aintzat hartu du Emakundek bereizgarri horren bidez. Aitortza egiaztatzeko plakak gaur eman dira, Emakundek berak antolatutako “Berdintasunaren arloko aurrerapenak enpresetan. Araudi berria eta esperientziak” jardunaldia amaitzean. Besteren artean, kargudun hauek izan dira partaide ekitaldi horretan: Beatriz Artolazabal, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; Izaskun Landaida, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria; Carolina Martínez Moreno, Oviedoko Unibertsitateko Lan eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko katedraduna, eta Bai Sarea elkarteko Soldata Arrakalaren Taldeko ordezkariak.

2016. urtetik Berrikuntzaren Euskal Agentziak Berdintasun Plan bat dauka, helburu nagusi batekin: “Generoaren ikuspegia Innobasqueren antolaketako eta harremanen esparruko maila guztietan txertatzea, egiazko berdintasuna lortzeko”. Planak hainbat ekintza eta neurri jasotzen ditu barneko erabaki-organoetan emakumeen presentzia handitzeko, berdintasunaren gaian sentsibilitate handiagoz jokatzeko, eragile eta eredu izateko, eta lan arloan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatuko duten inguruneak eta baldintzak sustatzeko.

Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde Laguntzailea izateko, Innobasquek diagnostiko bat egin du erakundean emakumeen eta gizonen egoera zein den jakiteko, eta ekintza-plan bat dauka, besteak beste, honako konpromiso hauek bere gain hartzen dituena: langileen kontratazio, sustapen eta prestakuntzarekin lotura duten ekintzak gauzatzea; kontratazio-, hautaketa- eta formakuntza-prozesuak berrikustea, hartutako neurriak praktikan islatzen direla ziurtatzeko; familia-ardurak dituzten langileen lan-baldintzak malgutzea; eta emakume eta gizonen arteko aukera-berdintasuna bultzatuko duten sentsibilizazio-kanpainak egitea. Horrez gain, martxan jarritako ekintzen jarraipenari buruzko txosten bat entregatuko dio Innobasquek Emakunderi, bi urtean behin.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago