Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia lankidetzan ari da Deustuko Unibertsitatearekin “Inspira STEAM at home” zikloan; hamabost egunean behingo serie honetan elkarrizketak on line egingo zaizkie zientzialari eta teknologoei; datorren asteazkenean, maiatzaren 20an, hasiko da, Nerea Luis Mingueza adimen artifizialeko adituarekin. Ekimenak ikusgaitasuna emango die zientziaren eta teknologiaren arloko emakume profesionalei, haurrek beren ikasketak aukeratzerakoan edo etorkizun profesionala erabakitzerakoan kontuan hartu ahal izateko moduko eredu izan daitezen.

Nerea Luis Mingueza adimen artifizialean adituak irekiko du zikloa, Deustuko Unibertsitateko Lorena Fernandezek eta Innobasqueko Estibaliz Leonek gidatuta. Elkarrizketarekin bat egiteko, beharrezkoa da erregistratzea hemen klik eginda.

Nerea Luis konputazio Zientzietan doktorea da, T3chFest-en sortzaileetako bat eta Adimen Artifizialean ingeniaria Sngular-en. Merezimendu Zibilaren Ordena du, eta 2018tik “Cotec-en 100”etako bat da, teknologian, talentuan eta generoan duen ezagutzagatik. Business Insider aldizkariak iraultza teknologikoaren buru izateko prest dauden 35 urtetik beherako 23 talentuetako bat dela aitortu du. Gainera, “Espainiako emakume liderren Top 100″en artean sartu dute errebelazio kategorian.

“Inspira STEAM at home” Inspira STEAM proiektuaren parte da; Deustuko Unibertsitatearen proiektua da, neska-mutilek handitzen direnean zer izan nahi duten erabaki dezaten, estereotipoek, joerek edo emakumezko erreferenterik ez izateak zientziatik eta teknologiatik urrundu gabe. Horretarako, borondatezko mentore edo aholkulariek lan-saioak egiten dituzte ikastetxeetan, beren eguneroko bizitza profesionala nolakoa den erakutsiz. Eskolak bertan behera geratu direnez COVID-19aren pandemiaren ondorioz, zeregin horretan jarraitzeko sortu da Inspira STEAM at home.

Inspira STEAM 2016an sortu zen Euskadin, 17 aholkularirekin. Gaur egun 580 aholkularik parte hartzen dute eta programa beste 6 autonomia erkidegotan ere gauzatzen da, baita Txilen ere.

Deustuko Unibertsitateak Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin elkarlanean sustatzen du gune hau, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru-aldundiek lagunduta, baita BBK, Roche, Barcelona Activa, Silk, HP Foundation eta Donostiako Udalak ere.

Inspira STEAM at home. Inspiratzen duten emakumeak
• Elkarrizketa Nerea Luis-ekin: Adimen Artifiziala (AA) COVID-19aren garaietan
• Maiatzak 20a, asteazkena
• 16:00
• Izen-ematea: http://deus.to/NereaLuis

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago