Patenteen arloan enpresan kultura bat sortzea da Mondragon Unibertsitateak eta Bilboko Merkataritza Ganberak antolatutako “Enpresaren eremuko patenteetan espezializatzeko ikastaroaren” hamargarren edizioaren helburua. Ikastaro horrek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren, SPRI taldearen, Enterprise Europe Network-en eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren laguntza du.

Euskadik 309 patente eskatu zituen 2018an, eta horietatik gehienak, 222, Europakoak izan ziren, horiek lehiakorragoak eta sofistikatuagoak direlako eta eragin-ahalmen askoz handiagoa dutelako. Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak Europako patenteetan jartzen du arreta, eta hor nabarmena da euskal teknologia-zentroek azken urteotan egindako ahalegina.

“Enpresaren eremuko patenteetan espezializatzeko ikastaroa” apirilaren 24tik ekainaren 19ra bitartean egingo da Bilboko Merkataritza Ganberan, Mondragon Unibertsitateko Elisabeth Urrutiak koordinatuta eta Ismael Igartuak, Galbaian-eko bazkide sortzaile eta zuzendariak eta ikastaroaren irakasleak, zuzenduta.

Prestakuntzak 8 saio ditu, 48 ordu bereziki praktikoak, enpresa-esparruan industria-jabetzari eta jabetza intelektualari buruzko gidalerroak eta irizpideak finkatzeko balio dutenak, eta partikularki, patenteei dagokienez, horien estrategia, kudeaketa eta errentagarritasuna bezalako alderdiak nabarmenduz. Aurten beste hizlari bat gehitu da, Hendrik Promies, Siemens AGn Jabetza Intelektualean aditu nagusia, patenteen Europako zuzenbidean espezializatua.

Ikastaro honetan parte hartu duten 137 pertsonetako batzuek nabarmendu dutenez, “enpresa-munduan patenteek duten balioaz jabetzen laguntzen du, gure ideiek eta garapenek duten balioa azpimarratzen, eskandinaviarrek, alemaniarrek edo estatubatuarrek egiten duten bezala”. Beste batzuek diotenez, “jabetza industrialaren kudeaketa egokia gero eta elementu garrantzitsuagoa da globalki lehiatzeko. Gai delikatua da, osagai teknikoak eta legalak dituena, eta enpresaren barruan hainbat esparru eta maila ukitzen dituena “. Gainera, “gure ibilbideetan bide berriak ireki ditzakeen profil berezi batez hornitzeko aukera ezin hobea” dela uste dute.

Patente Ikastaroaren Programa

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago