Gaur goizean Hazinnova zerbitzua Bilboko zein Bilbo Handiko eskualdeko ETEei ezagutzera emateko aurkezpena izan da Cámarabilbao-n. SPRI Taldeak eta Innobasque, Berrikuntzako Euskal Agentziak abiatutako zerbitzu horren jomuga da ETEei lana antolatzeko modu berriztatzaileak eta produktu zein zerbitzuak merkaturatzeko molde berriak baliatzeko aukera ematea; horretarako, ekimen horretan esku hartzen duen enpresa bakoitzaren beharretara egokitutako proiektuak onduko dira. Zerbitzu hori ETEei helarazteko hainbat jardunaldi burutzen ari dira Euskadin, Hazinnova jardunaldiak, eskualdez eskualde izenburu harturik. Gaurko jardunaldia Hazinnova agentea den heinean sustatu du Cámarabilbao-k; Hazinnova agenteak zerbitzu hori euren inguruneko enpresei ezagutzera emateaz arduratu eta bitartekari aritzen diren organizazioak dira.

Aurkezpen-jardunaldia goizeko 9:30etan hasi da, Cámarabilbao-ko Sail Korporatiboko zuzendari Mikel Arieta-araunabeñaren ongietorriarekin; zera adierazi du: Bilboko Ganberak sustatutako Barrixe, Bizkaiko Berrikuntza Behatokiak Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera plazaratzen duen Norabidea azterlanak jasotzen du horretan esku hartzen duten 10 enpresatatik 6 pozik agertzen direla     espektatibekiko lortutako emaitzarekin eta berrikuntzak enpresa horietan izan duen eraginarekin; gainera, 10 enpresa berritzaileetatik 8-k “eragin nabarmena” hauteman dute alor ezberdinetan.

Ondoren SPRI Taldeko Berrikuntza Saileko zuzendari Josu Ocarizek, Hazinnova zertan datzan eta ETE bati zein onura eskaintzen dizkion azaldu die bertaratutakoei: berrikuntzan estreinako urratsak emateko prest dauden eta 6 eta 99 langile bitarte dituzten enpresei zuzendutako zerbitzu horrek aholkularitza eta laguntzarako doako 50 ordu eskaintzen ditu, berrikuntza ez teknologikoko mikroproiektuak modu eraginkorrean burutzeko. Horien emaitzak 3 hilabeteren buruan hautemango dira. Gaineratu du helburua dela, bitartekari diren Hazinnova agenteak, esaterako Cámarabilbao-k, enpresak zerbitzua erabiltzeko akuilatu ditzatela.

Innobasqueko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Politiken zuzendari Alaitz Landaluzek Euskadin berrikuntzak bizi duen egoeraren diagnostikoa egitearekin batera zerbitzuaren testuingurua agertu du: etorkizunean ere lehiakortasuna bermatzeko beharrezkoa da sendotasunak eta ahuleziak ezagutzea; testuinguruaren adierazleei dagokionez, egoera egokia da, baita I+G jarduerei dagokienean ere. Berrikuntza jardueretan dugu hobekuntzarako tartea eta etorkizuneko erronka dugu berrikuntza ez teknologikoa; horri zuzentzen zaio, hain zuzen ere, Hazinnova. Horren helburua da ETEek berrikuntza ez teknologikoaren arloan lehenbiziko urratsak ematea. 

Hazinnovaren nondik norakoa azaldu eta gero, Ana Isabel Jiménezek, Bilboko Albea Proyectos y Reformas, enpresako zuzendari kudeatzaile eta Aloja-ren zuzendari exekutiboak eta Conchi Carrascok, Ermuko (Bizkaia) Manufacturas Jica-ko zuzendari kudeatzaileak jardunbide egoki bana aurkeztu dute. Ana Isabel Jiménezek agertu du Albea enpresak berrikuntza zertan landu duen: euren kasuan pertsonengan landu dute; design thinking delakoaren bidez, etxeetako ezbeharrak kudeatu eta konpontzeaz arduratzen den enpresa honek pertsona jarri du bere jardunaren erdigunean eta bezero, lankide zein lan-taldea bera osatzen duten pertsonen beharrei hobeto erantzutea ahalbidetu die horrek. Etokizunera begira, Aloja, hotel zein alokairuzko etxebizitzei zuzendutako zerbitzu berria aurkeztu du. Bere hitzaldia amaitzekoa, ETEetako ordezkariei zuzendu zatzaie: “Pentsatu eta hobetzeko tarte bat hartzera animatzen zaituztet eta, bide batez, erakundeak eta kanpoko lankideak bide lagun hartzera, hazteko ezinbestekoak baitira”.  

Injekzio bidez plastikozko piezak egin eta diseinatzen dituen Manufacturas Jica-ko zuzendari kudeatzaile Conchi Carrascok Jicaclick bere markaren ibilbidea azaldu du eta nola berrikuntzak lagundu zien euren mikroETEa aurrera ateratzen: enpresak produktu propio bat zuen eta ildo horretatik jarraitzea erabaki zuten: “Mahaietarako berezko piezak sortzen hasi ginen eta ondoren katalogoa zabaldu genuen, bezeroentzako erakargarriagoa izan zedin. E-commerce-a zuen webgune eleanitza sortu genuen eta artikulu gehiago sortu genituen aldi berean (gure enpresan bertan diseinatuak eta hainbat fabrikatzailerekin ekoiztutakoak); Leartiker-ekin lanean dihardugu gainera ingurunea zaintzen duten materialak erabiltzeko”. Produktuak zuzenean merkaturatzeari dagokionez, zera esan du: “Balio handia ematen zaio ekoizten duen eta bere marka propioa duen enpresa izateari; bezeroak atsegin du fabrikatzaileari zuzenean erostea, bere beharretara hobeto egokitzen baita eta erosi ondorengo zerbitzua ere hobea baita hartara”.  

Bilboko eta Bilbo Handiko eskualdeko sektore anitzetako 42 ETEetako ordezkariak izan dira bertan. Sektore horien artean, aholkularitza, publizitatea, ostalaritza, turismoa, formakuntza, garraioak, elikadura, altzairu zein plastikoaren industria, klimatizazioa, ingurumen-osasuna, eraikuntzarako materialak eta abar.

Bilboko Ganberan egin berri den jardunaldi honek eman dio amaiera Hazinnova jardunaldiak, eskualdez eskualde ekimenak Bizkaian barrena egindako ibilbideari: gaur Bilbon aurkezteaz gain, Durangon, Barakaldon eta Sondikan ere aurkeztu da Hazinnova. Halaber, Gipuzkoan ere eman da ezagutzera Hazinnova, Tolosan, Irunen, Azpeitin eta Eibarren, hain zuzen ere; eta laster Arabara iritsiko da: azaroaren 14an Guardian aurkeztuko da.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago