Gaur goizean EGAZ Txorierriren Sondikako egoitzan (Bizkaia) jardunaldi bat izan da Txorierriko, Mungialdeko eta Uribe Kostako zein Leioako ETEei Hazinnova zerbitzua ezagutzera emateko. SPRI Taldeak eta Innobasque, Berrikuntzako Euskal Agentziak abiatutako zerbitzu horren jomuga da ETEei lana antolatzeko modu berriztatzaileak eta produktu zein zerbitzuak merkaturatzeko molde berriak baliatzeko aukera ematea; horretarako, ekimen horretan esku hartzen duen enpresa bakoitzaren beharretara egokitutako proiektuak onduko dira. Jardunaldia EGAZ Txorierri, Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearen Sustapen Ekonomikoko Zerbitzuak antolatu du eta eginkizun horretan lankide izan ditu Behargintza Leioa (enplegu eta tokiko garapenerako Leioako Udal Zentroa), Mungialdeko Behargintza (Mungiako Udalaren menpeko enplegua eta ekonomia sustatzeko agentzia, mungiarrei eta inguruko ekonomia eragileei zerbitzua eskaintzen diena) eta Uribe Kostako Behargintza (Uribe Kostako eskualdea osatzen duten udalerrien Enplegua Laguntzeko eta Sustapen Ekonomikorako Udal Zentroa).

Jardunaldia EGAZ Txorierriko enpresa teknikari Ana Sonia Elorriagaren ongietorriarekin ireki da; ongietorria inguruan Hazinnova agenteak, hau da, zerbitzua euren inguruneko enpresei ezagutzera emateaz arduratu eta bitartekari aritzen diren lau organizazioen izenean egin du: EGAZ Txorierri bera, Behargintza Leioa, Mungialdeko Behargintza eta Uribe Kostako Behargintza.

Ondoren SPRI Taldeko Berrikuntza Saileko zuzendari Josu Ocarizek, Hazinnova zer den eta ETE bati zein onura eskaintzen dizkion azaldu du: “doako aholkularitza eta laguntza eskaintzen du, berrikuntza ez teknologikoko mikroproiektuen ezarkuntzarako. Proiektu txikiak dira, baina eragin handikoak eta epe laburrean emaitzak emango dituztenak”. Gaineratu du, halaber, Hazinnovak enpresen akuilu izan nahi duela bitarteko eragile diren Hazinnova agenteen bidez.

Innobasqueko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Politiken zuzendari Alaitz Landaluzek zerbitzuaren testuingurua zein den agertu eta Euskadin berrikuntzak bizi duen egoeraren diagnostikoa egin du: testuinguruaren adierazleei dagokionez, egoera egokia da, baita I+G jarduerei dagokienean ere. Berrikuntza jardueretan dugu hobekuntzarako tartea eta etorkizuneko erronka dugu berrikuntza ez teknologikoa; horri zuzentzen zaio, hain zuzen ere, Hazinnova. Horren helburua da ETEek berrikuntza ez teknologikoaren arloan lehenbiziko urratsak ematea.

Hazinnovaz jardun ondoren, berrikuntza ez teknologikoaren arloko jardunbide egokiak aurkeztu dituzte: Guillermo Bucesek, Grupo Biolid taldeko zuzendari nagusiak, etiketen fabrikazioan bereiztutako Zamudioko enpresa horren esperientzia oinarri hartuta, giza-taldeak kudeatzeko molde berriez hitz egin du. Redarkiak, hots, talde lidergoak jerakiaren aldean eskaintzen dituen abantailak izan ditu hizpide eta adierazi du liderraren lana ez dela jarraitzaileak sortzea, enpresaren alor bakoitzean lider ezberdinak ezartzea baizik. “Guztia da guztion lana, guztiok hartzen ditugu erabakiak; erabakirik hartzen ez duenak ez du hutsik egiten, baina ekarpenik ere ez”.

Plentziako Badian dagoen Crusoe Treasure, arrezife artifiziala eratuta, ur azpian kokatutako munduko lehenbiziko upategiaren sortzaile eta zuzendaria den Borja Sarachok berrikuntzak eurentzat zer suposatu duen azaldu du: une jakin batean produktu berri baten aldeko apustua egin zuten, itsaspean ondutako ardoaren aldekoa, eta ordutik enpresaren alor guztietan ezarri dituzte berrikuntzak; merkaturatzeari dagokionez, adibidez, online saldu eta marketinga egiteak ahalbidetu die xede duten herrialde bakoitzaren beharrak zeintzuk diren ezagutzea.

Jardunaldian inguruko hainbat sektoretako ETEen ordezkariek parte hartu dute; besteak beste, elikaduraren alorreko fabrikazioa, hortz-osagarrien fabrikazioa eta banaketa, lanerako banakako-babes-ekipoen banaketa, paketeen banaketa, makinatuak, trokelgintza edo plastikoak.

Hazinnova jardunaldiak, eskualdez eskualde osatzen duten aurkezpen-ekitaldiak joan zen irailaren 19an Durangon abiatu eta ondoren Tolosan, Irunen, Azpeitian, Eibarren eta Barakaldon izan dira; bere ibilbideari jarraituz, gaurko aurkezpenaren ostean, 29an Bilbon izango dira, urriaren 30ean Gasteizen eta, amaitzeko, azaroaren 14an Guardian (Araba). Guztira 10 jardunaldi izango dira modu zehatzean eta ahalik eta euskal ETEen kopuru zabalenari Hazinnova helarazi eta zer den azaltzeko.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago