Gaur goizean Petronor enpresaren Muskizeko egoitzan “Zaintzatik prospektibara” izenburu duen saioa izan da, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak ETEek organizazioen berrikuntzarako zaintzak eta prospektibak duten garrantzia aintzat har dezaten antolatua. Ezkerraldeko ETEetako ordezkariak izan dira horretan. Saioa joan zen irailaren 20an abiatu eta urriaren 18an amaituko den saio-sorta bati dagokio; Euskadiko zenbait eskuldetan egiten ari diren saio horietan Innobasquek bere bazkide diren hainbat erakunderekin dihardu lankidetzan.

Gaurko saioa Petronor Innovación-eko gerente Elías Unzuetak ireki du. Petronor Innovación da besteak beste, ikerketa, garapen eta berrikuntza arloan aritu eta teknologia berriak produktuetan zein fabrikazio-prozesuetan txertatzea helburu duen Petronor-en filiala. Petronor-en jardunbide arrakastatsua azaltzerakoan, Elías Unzuetak enfasia jarri du aliantzek duten garrantzian eta berrikuntza irekia nabarmendu du etorkizunerantz aurrera egiteko giltzarri gisa. Ondoren, Protón Electrónica-ko gerente Ángel Vidalek kalitatearekin eta energia-eraginkortasunarekin lotuta, ekipo elektriko nahiz elektronikoen inguruko aholkularitza, diseinu, merkaturatze, instalazio eta mantentze-lanetan diharduen Trapagarango enpresaren esperientzia azaltzerakoan adierazi du informazio ekonomikoko iturriek, patenteenak, sare sozialek edo berrikuntza zein lankidetza sareek informazio egituratua eskuratzea ahalbidetzen dutela, eta baita ezustekoa gerta daitekeen informazioa eskuratzea ere. Gainera, Lola Elejaldek, Innobasqueko Prospektiba eta Nazioartekotze zuzendariak azaldu du etorkizunari aurre egiteko norberak bere etorkizunaren protagonista izan behar duela, datorrenera lerratu eta egokitzeko aldaketak interpretatu ordez; enpresak gai izan behar dira informazioa bildu, aztertu, eraldatu eta partekatzeko, horrela sortutako aukerak aprobetxatu eta mehatxuei aurre egiteko ekintzak garatzeko.

Bestalde, zaintzari eta prospektibari dagokionean euren egoera zein den ezagutzeko, ETEetako ordezkariek horretarako espreski diseinatutako inkesta bat betetzeko aukera izan dute.

“Zaintzatik propektibara” azkeneko saioa urriaren 18an izango da Zamudioko Vodafone enpresaren egoitzan. Esku hartzeko interesa duten organizazioek izena eman behar dute INNOBASQUEren webguneko honako lotura erabiliz. Plazak mugatuak dira eta saio bakoitzerako izena emateko epea saio hori hasi baino 24 ordu lehenago bukatzen da.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago