Gaur, asteartearekin, Tolosako Lehiberri Zentroan izan da Tolosaldea, Goierri eta Beterri-Buruntza eskualdetako enpresentzako Hazinnova zerbitzuaren aurkezpena. SPRI Taldeak eta Innobasque-Berrikuntzako Euskal Agentziak abiatutako zerbitzu horren jomuga da ekoizpen eta kudeaketa teknologia berriak euskal ETEei hurbiltzea; horretarako, ekimen horretan esku hartzen duen enpresa bakoitzaren beharretara egokitutako proiektuak onduko dira. Jardunaldi hori antolatu dute Tolosaldea Garatzen eta Goieki garapen agentziek eta Beterri-Buruntzako udalek. 

Hazinnova jardunaldiak, eskualdez eskualde izenburu harturik, joan zen irailaren 19an Durangon abiatu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan barrena egingo diren aurkezpen-ekitaldietako bat dugun honetan modu zehatzean azaldu zaie Hazinnova zer den bertaratu diren enpresen ordezkariei, kasu honetan Tolosaldeko, Beterri-Buruntza eskualdekoei eta Goierrikoei, hain zuzen ere. 

Jardunaldia goizeko 9:30etan abiatu da, antolatzaileetako bat den Tolosaldea Garatzen erakundearen lehendakari Gurutze Etxezabalen ongietorriarekin; Gurutze Etxezabalek esan du Hazinnova zerbitzua oso ondo egokitzen zaiola eskualdeko enpresei, eskualdea bera herri txikiz osatuta dagoen moduan bertako enpresa gehienak ere txikiak baitira (esaterako, bertako enpresen %93a mikroenpresak dira) eta horiei zuzentzen zaie, hain zuzen zerbitzu hori.

Ondoren, SPRI Taldeko Berrikuntza Saileko zuzendari Josu Ocarizek Hazinnova zer den eta ETE bati zein onura eskaintzen dizkion azaldu du: bitartekaritza lanetan diharduten Hazinnova agenteak eraginkorrak izan daitezela helburu dutela aipatzeaz gain, azaldu du enpresan proiektu zehatzak garatzea dela xedea, ekonomia eta finantza kudeaketa, ekoizpena, logistika, barne prozesuak, pertsona zein bezeroekin harremanak eta merkatu berrien bilaketa bezalako arloetan eta baita marka eta erregistroen eremuan ere; Hazinnovak eskaintzen ditu aholkularitza espezializatuko doako 50 ordu, gertuko agente baten laguntza prozesu osoan zehar eta karga administratibo oso txikia.

Horren ostean, Innobasqueko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Politiken zuzendari Alaitz Landaluzek zerbitzuaren testuinguruaz jardun eta Euskadin berrikuntzak bizi duen egoeraren diagnostikoa agertu du: gazteen hezkuntzan eta formakuntzan sendotasun ugari dugu eta berrikuntza teknologikoari dagokionez Europako batezbestekoaren gainetik gaude; ahulgune nagusiena produktu eta lan-prozesuen inguruko berrikuntzan agertzen da, batez ere enpresa txikienetan; hori da Hazinnova zerbitzuaren garrantziaren funtsa. Aipatu du, gainera, esportazioa jardueraren oinarri duten enpresentzat garrantzitsua dela euren markak erregistratzea.

Aurkezpenaren bigarren zatian, Beterri-Buruntza eskualdeko enpresa teknikari Almike Arrastuak eta Tolosaldea Garatzen-eko enpresa teknikari Unai Anduezak jardunbide egokien inguruan solasaldian jardun dute Aitor Ariznabarretarekin, Asteasuko Ariznabarreta S.A.-ko gerentearekin, eta Sergio Barrónekin, Hernaniko Fundiciones Seiak S.L. enpresako gerentearekin. Aritz Ariznabarretak adierazi du euren kasuan hil ala bizikoa izan zela berrikuntzaren erronkari eustea. “ahaleginak merezi izan du. Horri eutsi ezean desagertuak ginateke. Duela 4 urte ekin genion kanpoko aholkulari batekin coaching lana egiteari; astean behin elkartzen gara eta pertsonen inguruan lan egiten dugu harekin: azken finean, familia bat gara eta zenbat eta gusturago lan egin emaitza ere hobea izango da. Aholkulariaren laguntzarik gabe ez genukeen lau urteotan aurreratu dugun aurreratuko. Zentzu horretan, garrantzitsua da enpresa nora eraman nahi duzun ulertuko duen aholkularia aurkitzea”.

Sergio Barrónek ere bere enpresan, berrikuntzarekin lotuta garatutako proiektuen berri eman du: “Hutsetik hasi ginen duela 20 urte: gure buruari galdetu genion konpetentziarengandik bereiziko gintuen zer eskaini geniezaiekeen gure bezeroei. Orain dela 17 urte extranet bat sortu genuen bezeroek unean unean euren eskarien egoera zein zen ikusteko aukera izan zezaten; oso lagungarria gertatu zitzaigun, batez ere, atzerriko bezeroei begira, eta hori izan zen lehenbiziko jauzi handia”. Sergiok nabarmendu du, bere ustez, berrikuntza dela bidea, oso garrantzizkoa dela urtero berrikuntza edo hobekuntza proiektuak abiatzea enpresak aurrera egin dezan. 

Jardunaldia antolatu dute Tolosaldea Garatzen Eskualdeko Garapen Agentzia, Goieki, Goierriko garapen agentzia, eta Beterri-Buruntza eskualdeko udalak, hau da, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalak. Erakunde horiek Hazinnova agenteak dira: zerbitzua euren inguruneko enpresei ezagutzera emateaz arduratu eta bitartekari aritzen diren erakundeak. 

Jardunaldian Hazinnvaren berri jasotzeko hamabi ETEtako ordezkariak bildu dira Lehiberri Zentroan.

Gaur Tolosan egin den aurkezpen-ekitaldi honetaz gain, Gipuzkoan beste hiru aurkezpen ekitaldi egingo dira, beste hainbeste eskualdetan: urriaren 3 ostegunean Irunen; urriaren 9an Azpeitian eta urriaren 18an Eibarren, hain zuzen ere. Gainera, Araba eta Bizkaiko eskualdetan ere izango dira Hazinnovaren aurkezpenak enpresentzako.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago