2.400 euskal ETEk erabilgarri dute dagoeneko Hazinnova zerbitzu berria. SPRI Taldeak eta Innobasque-Berrikuntzako Euskal Agentziak joan den martxoan abiarazitako ekimen horrek 500 proiektu inguru jarriko ditu martxan enpresa parte-hartzaileen berrikuntza- eta lehiakortasun-indizeak hobetzeko. Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapiak gaur aurkeztu du Hazinnova eta, hemendik aurrera, zerbitzuaren zabalkundea egingo da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskualde guztietako enpresa txikien artean. Tapiarekin batera, ekitaldian izan dira baita ere Alex Arriola eta Leire Bilbao, SPRI Taldeko eta Innobasque-ko zuzendariak. 

Hazinnova ekimenak 2,5 milioi euroko aurrekontua du eta duela gutxi argitaratutako Europako txosten batek berretsi du ekimen honen garrantzi estrategikoa. Regional Innovation Scoreboard 2019 txostenaren arabera, Euskadik bere berrikuntzako errendimendua hobetu du azken zortzi urteotan, baina hobekuntza hori ez da nahikoa izan Euskadik Berrikuntza-maila Handiko Eskualdeen multzoan jarrai dezan, Europako batez bestekoa gehiago hazi delako proportzioan. Ahulezia handiena erakutsi dutenak ETE txikienak izan dira. 

Euskal ETEek doako aholkulari espezializatu bat eskatu ahal izango dute spri.eus webgunearen bidez, eta aholkulari horren laguntzaz aukera izango dute lana antolatzeko modu berriak eta produktu nahiz zerbitzuak merkaturatzeko metodo berriak ezartzeko.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago