Elkarlan Sariak, balio publikoaren baterako sorkuntzakoak, eta Open Data Euskadi 2018 Sariak, datu irekien erabilera bultzatzekoak, eman dira Bilbon OGP Euskadiren 3. Konpromisoaren Foroaren amaierako ekitaldian; OGP Euskadi Gobernu Irekirako Nazioarteko Aliantza da, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek, hiriburuetako udalek eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak osatua. Jardunaldian aurrera egin da herritarren parte-hartzeari buruz berrikuntza publikoko euskal laborategia sortzeko bidean.

Elkarlan sariak, Eusko Jaurlaritzak bultzatuak, BioAlai Kontsumo Ekologikoko Elkartea, WikiEmakume eta Impact Hub Donostia-rentzat izan dira, beren izaera berritzaileagatik, eredugarritasunagatik eta herritarrak ahalduntzea sustatzeko lanagatik.

BioAlai kontsumo ekologikoko elkarteak, Gasteizen 1.200 familiak bultzatuak, produktu ekologikoen kontsumoa sustatzen du. WikiEmakumek, Etxebarriko (Bizkaia) Inurtxi emakume-elkartearenak, erreferente diren emakumeak jartzen ditu agerian Wikipedia elkarlaneko entziklopedian. Azkenik, Impact hub Donostia kooperatibak Impact Hub Donostia, gizarte-eraldaketako proiektuak garatzen dituena, sustatu du.

Datu irekiak berrerabiltzeko kultura bultzatzeko helburuarekin, Open Data Euskadi Sariak ere eman dira; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru foru-aldundiekin eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalekin batera Eusko Jaurlaritzak deituta, datu irekien bi lehiaketa antolatzen dira.

Aplikazioen kategorian Euskadiko osasun, ingurumen, eta gizarte eta ekonomiako atlasa eremu txikien arabera, Imanol Montoya Arroniz-ena, saritu da; webgune honen helburua da desberdintasun geografikoak monitorizatzea osasun, gizarte eta ekonomia, eta ingurumenari buruzko adierazleetan, kontuan izanda genero-ikuspegia. Erakusten diren mapek balio dute hobeto ulertzeko osasun-adierazleen banaketa geografikoa eta horren determinanteak Euskadiko biztanlerian. Textreference: euskararako testuingurudun hiztegia ere saritu da; Mikel Artetxe Zurutuzaren testuinguruzko hiztegia da euskaraz, hainbat administrazioren datu irekiez elikatzen dena. Hiztegiak aukera ematen du itzulpen-memoria publikoetan hitzak eta esaldiak bilatzeko, eta erabilera-adibide errealak erakusten ditu.

Ideia Lehiaketa kategorian lizitazio publikoen esleipena saritu da, Eurohelp Consulting-ena, lizitazio publikoetan kontratuzko jarduerari buruz datu irekien zenbait errepositorio edo gordailutan argitaratutako informazioaz baliatuz eta datu estekatuen (Linked Data) teknologia erabiliz, negozio-ideia bat proposatzen du, non posible den informazioa datu ireki estekatuen forman izatearen onurak ustiatzea, eta enpresek eta erakundeek nola erabil ditzaketen datu horiek negozio-aukera berriak aurkitzeko. Baita Enrique Rodal-en OPE Euskadi ere, euskal administrazioen Enplegu Eskaintza Publikoen deialdiei buruzko informazio garrantzitsuarekin app bat sortzeko proposamenagatik.

 

 

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago