Manuel Salaverriak, Innobasque-Berrikuntzako Euskal Agentziako presidenteak, Irungo alkate den Jose Antonio Santanorekin batera, Irun Open Innovation jardunaldia ireki du gaur goizean. Innobasqueren laguntzaz Irungo Udalak antolatua, aurten jardunaldi honen laugarren edizioa da, eta enpresa-munduko profesionalak, berrikuntza irekiaren kultura eskualdeko ETEen artean sustatu dutenak, biltzen ditu. Goizean ekintzailetza, teknologia, berrikuntza irekia, hezkuntza eta ikaskuntza-prozesuak jorratu dira. 

Salaverriak bere hitzaldian berrikuntzaren eta prestakuntzaren erronkak jorratu ditu, eta azpimarratu du gehiago ardaztu behar dugula “berrikuntzan hezten, hezkuntzan berrikuntza egiten baino”. Eta etorkizunean, aldaketa teknologikoek industrian izango duten eraginaren aurrean, langileek indartu beharko dituzten 10 trebetasun nagusiak zerrendatu ditu: problema konplexuen ebazpidea, pentsamendu kritikoa, sormena, kudeaketa pertsonala, koordinazioa, adimen emozionala, erabakiak hartzea, zerbitzura orientazioa, negoziazioa eta malgutasun kognitiboa. Halaber, STEAM Hezkuntzaren garrantzia eta arlo honetan Innobasquek garatzen dituen proiektuak azpimarratu ditu.

Parte-hartzaileak hauek izan dira: Jan Spruijt, Innovative Dutch eta Openinnovation.eu-ren sortzailea; Miguel Caballer, Tutellus-en zuzendari nagusi eta CEO eta sortzaileetako bat; Roser Grivé, hezkuntzan aditua eta Lego Serious Play metodologian bideratzailea; Regina Tolosa eta Xabier Alzuri, Prim Errehabilitazio Zentrokoak; Iker Velasco Eizagirre, ekintzailea eta Ekiphos proiektuaren arduraduna; Eva Fernández, Bidasoa Activa Garapen Agentziako zuzendari nagusia; Mar Romera, maistra, pedagogoa eta psikopedagogoa, adimen emozionalean espezialista; Lara Larrañaga eta Sayuri Alvarado, Mondragon Unibertsitatearen Bidasoako Campuseko teamcoache-ak; Mar Romo López, Irungo La Salleko Enplegurako Prestakuntzaren arduraduna; Iskander Alkate, Tazebaez-koa; eta Miguel Ángel Páez Eskamendi, Irungo Udaleko Hiri Bultzada, Ekonomia eta Ogasuneko ordezkaria.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago