Zientzia eta teknologia era dibertigarrian ezagutzea da kirol-lehiaketen formatua duen FIRST LEGO League nazioarteko hezkuntza-programaren helburua. Euskadin Innobasquek bultzatua, 18 erakunderen laguntza du: prestakuntza-programa zabala prestatu dute, 10 eta 16 urte arteko gaztez osaturiko taldeek lehenengo harremana izan eta aurtengo erronka tematikoan (bizitza espazioan) sakondu ahal izan dezaten.

Honela, ikasleek ikasiko dute EAEn zer egiten den arlo honetan, zer-nolako enpresak dauden, nola lan egiten duten teknologia-zentroek, eta aeronautikan, osasunean, ingeniaritzan edo matematikan adituek egiten duten lana ere ezagutuko dute. Aditu hauek, kasu askotan, erreferente izan daitezke eta geroko lanbide-norabidea argitzen lagun diezaiekete ikasleei.

FIRST LEGO League Euskadiko prestakuntza-programan hitzaldiak eta enpresa, ikerketa-zentro eta unibertsitateetara bisitak egin dituzte; Innobasquek antolatu du dena, 18 erakunderekin batera eta Begoñako Andra Mari (BAM) Irakasle Eskolaren laguntzaz.

Besteak beste, ikasleek lehen eskutik ezagutu dute UPV/EHUko planeta-zientzietako taldearen lana.

Espazioko misioetan, zer elikagai hartzen eta nola jaten diren ere ikasi dute, Azti-Tecnaliaren eskutik.

 

 

Beste talde batek hegazkinek zergatik hegan egiten duten eta nola diseinatzen diren ikusi zuen Aernnova-n.

 

Bilbon, Basurtoko Unibertsitate Ospitalean egindako bilkuretako beste saio batean, aeronautikako medikuntza eta erizaintza ezagutu ahal izan zituzten.

 

Prestakuntza-programa honetan laguntzen duten erakundeak honako hauek dira: BAM-Begoñako Andra Mari Irakasle unibertsitate-eskola, Aernnova, UPV/EHU, Aulaespazioa, Bilboko Ingeniaritza Eskola, Farmaziako Fakultatea, Medikuntzako Fakultatea, Psikologiako Fakultatea, UPV/EHU Kultura Zientifikoaren Katedra, Azti-Tecnalia, Neiker-Tecnalia, Osakidetza, Basurtoko Ospitalea, BCAM, MONDRAGON Korporazioa, MU-MGEP, Athlon, Tecnalia eta Sener.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago