Imajinatzen duzu nola izan litekeen urtebete espazioan bizitzea? Zer eragin ote du horrek astronauten osasunean, elikaduran edo segurtasunean? Nola konpondu tripulazioak espazioko esplorazioetan topatzen dituen arazo fisiko eta sozialak? Innobasquek zientzia eta teknologiaren mundua euskal gazteengana hurbiltzen du FIRST LEGO League nazioarteko lehiaketaren bidez, eta aurten erronka hauxe botako die: espazioan bizitza erraztuko duen konponbide berritzaileren bat aurkeztea.

FIRST LEGO Leagueren 2018-2019ko edizioan, 6-16 urte arteko ikasleei zientzia eta teknologiaren bidez espazioa aztertzeko erronka egiten zaie. Horretarako, eguzki-sistemaren barruan, urtebetez espazioa esploratzea nolakoa izan litekeen imajinatu beharko dute, eta sortu litezkeen arazoak eta premiak konpontzen saiatu: nola elikatu, zelan egon sasoian edo nola konpondu espazio-ontziaren arazo tekniko bat, edo nola entretenitu, Lurrean geratu diren senitartekoekin komunikatu edo han sorturiko zaborra birziklatu. Azken batean, kanpoko espazioan bizirik, osasuntsu eta zoriontsu mantentzen lagundu dezakeen edozein proposamen aurkez daiteke Euskadin otsailean izango den lehiaketaren hamargarren ediziora.

Parte hartu nahi duten ikastetxeek urriaren 15era arte eman dezakete izena esteka honetan. Horretarako, gehienez hamarna laguneko taldeak sortu beharko dituzte eta zein kategoriatan lehiatuko diren esan: FIRST LEGO League Junior, 6-9 urte; edo FIRST LEGO League, 10-16 urte.

Innobasquek hamargarren urtez jarraian FIRST LEGO League Euskadi hezkuntza-programa antolatu du bi helbururekin: alde batetik, STEM ikasketekiko eta trebetasunekiko interesa piztea; eta, bestetik, gaitasun digital eta zeharkakoak garatzea, etorkizun hurbilean lan-munduan beharko baitituzte, zeinahi dela ere bakoitzak aukeratzen dituen ikasketak.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago