Iñigo Urkulluk, Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak, eta Arantxa Tapiak, Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako sailburuak, Innobasqueko Batzorde Betearazlea hartu dute Gasteizen, Manuel Salaverria presidentea buru zela. Euskadiren erronkak –ETEen berrikuntza hobetzea eta haur eta gazteen artean zientzia, teknologia eta berrikuntzako bokazioak sustatzea– izan dira bileran aztertu diren gai nagusiak, balio izan duelarik lehendakariari zehazki ezagutarazteko Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Plan Estrategikoa.

Plan honek Innobasqueren ikuspegia jasotzen du 2030erako, erakundea bera baino harago doan ikuspegia: Euskadi Europan berrikuntzan lider diren 50 eskualdeen artean kokatzea. Gaur egun, Europako Batzordearen arabera, Euskadi “berrikuntza handiko” eskualdea da Europan, berrikuntza-ardatz edo polo bat, berrikuntza moderatuko eskualdez inguratuta dagoelarik.

Innobasqueren 2018ko Berrikuntza Txostenak”, Europako beste eskualdeekin alderatuta, Euskadiren indargune nagusitzat jotzen ditu gure hezkuntza-maila eta berrikuntzaren eragin ekonomikoak. Aldi berean, euskal ETEen berrikuntza-jarduera azpimarratzen du hobetzeko gune nagusi gisa.

Erronka honi Innobasquek bere Plan Estrategikoaren bidez erantzuten dio, lau jarduera-eremu zehaztuz: prospektiba, ebaluazioa eta politikak, diseinua eta bazkideekin esperimentazioa, eta itunak eta sareak.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago