4.0 industria espezializazio adimendunaren estrategia da, Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean jasoa, euskal zientzia- eta teknologia-gaitasun garrantzitsuak biltzen dituena. Hiru datuk adierazten dute garrantzi hori: Euskadin I+G-n egiten den inbertsioaren % 41 da, euskal BPGren % 20 , eta Euskadiko enpleguaren % 21.

Fabrikazio aurreratuaren euskal estrategia Basque Industry 4.0 gisa ezagutzen da. Hori hedatu eta garatzeko ardura duen lantaldea pilotatze-taldea da, eta enpresek, klusterrek, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek eta Eusko Jaurlaritzak osatzen dute. Talde honek datorren uztailaren 12rako, goizeko 10:00etarako, web mintegi bat antolatu du, eta bertan 4.0 industria honi loturiko teknologietan dauden joerak eta beraiekin doan serbitizazioa aurkeztuko dira, negozio-aukera garrantzitsuak izan baitaitezke, behar hainbat ustiatzen ez direnak. 

Eduardo Castellano industria-ingeniaritzan doktoreak gai hau jorratuko du eta ekintza-ildo nagusiak aurkeztuko ditu, negozio klabean, 4.0 teknologietan eta beraien serbitizazioan egindako inbertsioak errentagarri bihurtzeko. Castellano MIK kudeaketan ikertzeko eta erakunde- eta gizarte-berrikuntzan espezializaturiko zentrokoa da, eta Mondragon Unibertsitateko Enpresa Zientzien Fakultateko irakaslea. 

Ordubeteko masterclass honetan, parte-hartzaileen iritziak eta iradokizunak jasoko dira, Basque Industry 4.0 pilotatze-taldetik bultzatuko diren hurrengo ekimenak identifikatu ahal izateko.

Web mintegian parte hartzeko esteka honetan erregistratu behar da. Jarraian, berresteko posta elektronikoa jasoko da, webinarrarekin nola bat egin adieraziko duten argibideekin batera.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago