Berrikuntzaren aldeko apustuari eusten dioten herrialdeak ahaleginak eta bi egiten ari dira, ikasleen artean zientzia eta teknologiarekiko jakinmina areagotzeko, izan ere, etorkizun hurbil samarrean, diziplina hauek eragin positiboa izan dezakete ingurumena, osasuna eta garapen ekonomikoa bezalako gizarte-esparruetan.

Horretarako, STEAM (Science, Technology, Engineering, Arts and Maths) Hezkuntzako estrategiak sartzen hasiak dira beren agendetan. Estrategia hauek pentsamendu zientifikoaren kultura bultzatzen dute ikuspegi integral batetik, eta ikasleak inspiratzen dituzte, analisi eta pentsamendu zientifikoa aplikatuz, arazoak konpontzeko gaitasunak eta trebetasunak gara ditzaten, betiere gizartearen garapenean nahiz pertsonen bizi-kalitatearen hobekuntzan era aktiboan parte hartu eta laguntzeko gauza izan daitezen.

Herrialdeek STEAM Hezkuntza lehentasun bihurtu dute, ondorengo 2 faktore hauen eraginez:

  1. Premiazkoa bezain presazkoa da gizarte osoan kultura berritzailea bultzatzea, maila guzti-guztietan, neska-mutilengandik hasita. STEAM Hezkuntzari esker, ikasleek berrikuntzarekin lotutako trebetasunak eta gaitasunak garatzen dituzte, gerora lanbide zientifiko-teknikoren batean jardungo duten ala ez kontuan hartu gabe.
  2. Honen harira, STEMeko profesional kualifikatuen eskaria handitzen ari da, eta aurrerantzean ere, joera hau bere horretan mantenduko dela aurresikusi da. Alabaina, gurea bezalako herrialdeetako jaiotze-tasa murritzari, prestakuntza zientifiko-teknologikoaren aldeko hautua egiten duten ikasleen kopuruaren hazkundea eskaria baino motelagoa dela gaineratu behar zaio.

Aldi berean, berrikuntzaren aldeko apustua egin duten ikastetxeek STEAM Hezkuntza eredua lehentasun bilakatu dute. Ildo horretan, FIRST LEGO League Euskadi bezalako proiektuez baliatzen ari dira. Horrela, FLL Euskadin parte hartzen duten ikastetxe batzuetan, berrikuntzaren mesedeko aldaketa adierazkorrak gertatzen ari dira.

–          Metodologia berritzaileak sartzen ari dira; esaterako, proiektuetan oinarritutako ikasketa, bizitza errealeko erronken bitartez

–          Ikasleen trebetasun teknologikoak sustatzen dituzte

–          Zientzia eta teknologiarekin lotuta dagoen mundu profesionalera hurbiltzen ari dira

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago