Energia Klusterreko Energia Efizientziaren arduraduna den Marcos Suarezek azpimarratu duenez, “Erronka da Energiaren eremuan bere teknologia eta industriaren garapen-mailagatik Euskadi Europan erreferente izatea”. Horretarako, “beharrezkoa da gorabidean dauden energia-eremu berrien garapena, horietan euskal enpresek eta teknologia-zentroek abantailak izan ditzaten, lehiarako abiapuntu on bat izango lirateke eta”, esan zuen. Adierazpen horiek, Innobasquek koordinaturik eta Durangoko Mankomunitatearekin lankidetzan, Iurretan (Bizkaia) egindako jardunaldi batean egin zituen, eta bertan energia-espezializazioko eremuaren gakoak, Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean sartuak, zehaztu ziren.

 Mintegian gogorarazi zen energiaren sektorean I+G+b jardueraren %50 (240 milioi euro baino gehiago) Euskadin dauden enpresa eta teknologia-zentroek gauzatzen dutela. Egia esateko, eremu honetan inbertsio gehienak enpresek eurek egiten dituzte.  Parte-hartzaileak bat etorri ziren euskal trakzio-enpresak sendotu beharraz energiaren alorrean munduko teknologia-erreferenteak izan daitezen. Honela, sare zabal hau aberastasun, enplegu eta bizi-kalitatearen iturri bihurtuko litzateke gainerako Euskadirentzat”, esan zuen Marcos Suarezek.

Lankidetza trakzio-enpresa eta ETEen artean 

Halaber, berrikuntza handiagoa sortzeko trakzio-enpresen eta ETEen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu zuten adituek. Azaldutako azken mezua balio-kate berriak sortzeko ideia izan zen, euskal berrikuntza-prozesuaren bat etortze eta efizientzia handiagoa lortzeko, baita negozio-eredu berriak ere, ohiko balio-kateen arteko interkonexioan oinarrituta. 

Hain zuzen ere, Energiaren espezializazio adimendunaren eremuak, Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean sartuak, bi arlo teknologiko transbertsal edo zeharkako ditu bere barne: metatzea eta potentzia-elektronika. Gainera, beste zazpi arlo teknologiko ditu: petrolioa eta gasa, energia eolikoa, olatuen energia, eguzki-energia termoelektrikoa, sare elektrikoak, energia-efizientzia industrian eta mugikortasun elektrikoa.  

Atzoko jardunaldian azpimarratu zenez, datozen urteetarako apustuak hiru eremutan ardaztu behar dira: Itsas energiak (eolikoa, olatuen energia, edo petrolioa eta gasa), Smart Grid-ak (sare elektrikoen automatizazioa eta digitalizatzea edo sorkuntza berriztagarriaren integrazioa) eta Fabrikazio Ekoefizientea (adibidez, ekipamenduen eta osagaien ekodiseinua). Espero da apustu hauek ezagutza berria sortzea enpresa-eremutik kanpo, lankidetzaren eta ekintzailetzaren bidez merkatu berrietara iritsi ahal izateko.

Tresna berriak  

Helburu hauek lortzeko, hainbat tresna aurkeztu ziren, adibidez, BIMEP, 2011n abian jarritako azpiegitura Bizkaiko Armintza herrian: olatuen energia atzeman eta bihurtzeko gailuak eta sistemak ikertu eta eskala errealean frogatzeko aukera ematen du. Operazio-fasean dagoen beste ekinbide bat ARSH proiektua da: offshore laborategi honek itsas ingurunean energia-instalazioetarako diren produktu eta zerbitzu horien garapen-etapetan esperimentuak in situ egiteko aukera ematen du. Fabrikazio ekoefizientearen arloan Basque Ecodesign Center proiektua nabarmentzen da, bere helburua Ekodiseinuko proiektu berritzaileen kontzeptualizazioa eta egikaritzea izanik. Smart Grid-en arloan BIDELEK SAREAK programa azpimarratu da; Eusko Jaurlaritzaren eta Iberdrolaren baterako ekinbidea da, hiriguneak eta landaguneak sare adimendunez hornitu eta hornikuntza elektrikoaren efizientzia eta segurtasuna areagotzeko helburua duena. Hori martxan jarri zenetik onurak ekarri dizkie kontsumitzaileei, industria-ehunari eta gizarte osoari, isurketak murriztu direlako eta enplegu berria sortarazi duelako. Gainera, kostuen murrizketa lortu da, enpresa partikularretan batez ere. 

Beste arrakasta-kasu batzuk ere ezagutarazi ziren, adibidez TKGune enpresarena, eta bere arduraduna den Roberto Fernandezek azaldu zuen nolakoa izango den etorkizuneko ibilgailu-parkea (elektrikoak, hibridoak, gas naturalezkoak, hidrogenozkoak). Baita ere aurreratu zituen ibilgailu elektrikoetan goi-tentsioko baterien deskonexiorako etorkizuneko protokoloak, baita ere zein izango diren ibilgailu elektriko eta hibridoetan aurreikusitako konponketa nagusiak.

Bestalde, Benja Ballesteros-ek, Rebatteryren sortzaileak, edozein bateria elektrikoren konponketan espezializatuak, Muisu Fundazioa aurkeztu zuen, %100 elektrikoak diren motor bat eta auto bat diseinatu eta egiteko Rebattery-ren proiektuen ondorioz sorturiko fundazioa. 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago