Haurren Hiria gizarte eta politikako berrikuntza-proiektua da, ikaskuntza osasungarri, parte-hartzaile eta inklusiborako ingurune gisa komunitateak eraberritzeko helburuaz sortua. Euskadiko neska-mutikoen hirien sarea Francesco Tonucciren “la citta dei bambini proiektuari lotua dago, eta jada Italia, Espainia eta Latinoamerikako 150 hiri eta herri baino gehiagotan dago, HerriLaborategiak bultzatuta eta Innobasquek lagunduta.

Komunitateen hazkundea bertako kide diren pertsonen hazkundearen mende dago. Horregatik, proposamen honek begirada jaistera gonbidatzen du, eta “haurraren” parametroa erabiltzera inor bistatik ez galtzeko. Ikaskuntza baldintzatzen duten harremanak, baliabideak eta espazio komunak eraldatzen badira, gure herri eta hirietan berreskuratu egin litezke konfiantza, autonomia, parte-hartzea eta osasuna, eta komunitateek hazteko eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatu.

Haurren Hiria proiektua ziurtasun batetik abiatzen da, alegia, pertsona guztiak direla gai eta ezberdinak, eta haurtzaroa elementu lotesle eta disruptiboa dela berarekin egin eta hazteko era kolektiboan. Gainera, neska-mutikoek eskubidea dute dagokien guztian parte hartzeko, pertsona gaituak, osoak eta hemen daudenak direlako, beraiengandik asko ikas daitekeelarik.

Proiektu hau Euskadiko herri eta hiri ezberdinetara aldatzeko, bi proiektu sinple eta moldakor daude abian: “Umeen Kontseilua” eta “Eskolara  lagunekin”.

Umeen Kontseilua alkatetzaren organo aholku-emailea da, non neska-mutikoek beren ikuspegia ematen duten hiriaz eta tokiko kudeaketaz, begirada aberasteko eta “ezberdinekin” lan egiten ikasten laguntzeko helburuarekin.  

Bestalde, Eskolara lagunekin udal-apustua da haurren mugimendu-autonomia berrezartzeko hirian; guztion espazio publikoa birkonfiguratzeko aukera eskaini gura da, administrazioaren eta herritarren arteko elkarlanaren bidez topaketa eta ikasteko lekua izan dadin.

Gaur egun, hamabi udalerri daude Haurren Hirien Sarean sartuta: Arrasate, Bakio, Balmaseda, Bilbo, Erandio, Ermua, Irun, Leioa, Santurzi, Tolosa, Larrabetzu eta Sopuerta, baina irekita dago beste udal batzuek ere parte har dezaten.

Innobasquek laguntza eta elkarlaneko ikaskuntza-prozesu bat proposatzen du, udalerrien parte-hartzea bultzatuko duena euskal sarean, ezagutza eta informazioa emanez proiektuaren esparruan, ikaskuntza-prozesuaren gakoak eskainiz, eta bere inplementaziorako beharrezko baliabideen gutxi gorabeherako kalkulua eginez.

Haurren Hirien Sarean beren ezagutza edo/eta esperientziak partekatu dituzten pertsona eta erakundeen laguntzari esker, lehentasunezko zenbait gai detektatu dira eta elkarlanean aztertu dira. Topaketa horien emaitza eta lana eta gogoetak beste eragile eta udalerri batzuekin partekatzeko, sarearen hiru txosten sortu dira, dagoeneko Innobasqueren webgunean ikus daitezkeenak: Haurren Hirien Sarea Hirigintza, Haurren Hirien Sarea Begirada Soziala, eta Haurren Hirien Sarea Finantzazioa.

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago