Cambridge Innovation Center-ek (CIC), munduan dagoen eragin handieneko startup taldeak, Europako bigarren egoitza Euskadin irekiko du, zehazki Bilbon. Bostonen 1999an sorturiko ekintzaileen komunitate honek Bizkaiko hiriburura etortzeko erabakia hartu du, Foru Aldundiaren eskutik. CIC sortze-fasean dauden enpresen garapena bultzatzeaz arduratzen da, batez ere.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak hiru milioi euro erabiliko ditu bere instalazioak egokitzeko. Proiektuaren helburua da ekosistema bat sortzea, bereziki egokia startup-en garapenerako. Bizkaiko ahaldun nagusiak, Unai Rementeriak, adierazi bezala, “proiektu handi bat da, funtsezko sektoreak indartu eta etorkizunez beteko dituena”. Proiektua erreferente bat izango da Europan, negozio-ideia bat duten ekintzaileak, horren garapenean lagunduko duten teknikariak eta enpresa handiak batzeko pentsatua.

Timothy Rowe eta Andrew Olmsted-ek (CICen sortzaileak eta MITen graduatuak) txiripaz hasi zuten abentura hau duela 18 urte, 250 metro koadroko leku batean, Estatu Batuetan, eta dagoeneko lau zentro dituzte han (Boston, Cambridge, Miami eta Filadelfia), eta horiei beste bat gehituko zaie datorren urtean, St. Louis-en. Erakunde honen bereizgarria da tokiko ekosistema ekintzailearen hainbat osagairekin duen koordinazioa bere zentroetako bakoitzaren garapenerako.

Rowe eta Olmsted-en instalazioetatik Google eta Android enpresak igaro dira, eta, haiek dioten bezala, beraien proiektuaren giltzarri bakarra beren guneetan talentu, ideia eta diruaren arteko konexioa izan zen. Haien zentroetan mila enpresa baino gehiago biltzen dira, batez ere izaera teknologikoa dutenak eta software edo biozientziak bezalako sektoreak.

Duela hilabete batzuk, Chris Shipley-k, Silicon Valley-n eraginik handieneko emakumeak, esaten zuen Kaliforniako ereduari jarraituz Euskadik hemen berton teknologia-gune bat sortzeko aukera duela. Shipleyk gehitu zuen Euskadin oso zabaldua dagoela ekintzailetza-kultura, hemen proiektu indartsuak daudela bilduta teknologiaren eremuan, eta bi faktore hauek aukera handi bat direla Euskal Herria Europan erreferente bihur dadin berrikuntzan eta teknologian.

Urte batzuk atzera begiratuz, Euskal Herrian proiektu berritzaileei buruz hitz egiten zenean, esaten zen talentu handia zegoela eta profesional prestatu asko, baina inbertsioa falta zela eremu teknologikoan. Orain gauzak aldatu egin dira eta Euskadik lortu du berrikuntzaren erreferente bihurtzea; beraz, espero dugu CICen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektu berri honek bere helburua lortzea arrakastaz, adore emanez ekintzaile berriei beren negozio-ideiak garatzeko, eta enpresa gehiagori ere bai berrikuntzan inberti dezaten.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago