Horizon(te) 2020 EBko ikerketa eta berrikuntza finantzatzeko programatik, 2018-2020 denboraldian, 30.000 milioi euro nola inbertituko dituen iragarri du Europako Batzordeak, 2.700 milioi euro daudelarik hor Europako Berrikuntza Kontseilua martxan jartzeko.

EBko ikerketa eta berrikuntza finantzatzeko Horizon(te) 2020 programak 77.000 milioi euroko kopurua du, zientzia-bikaintasuna bultzatzen du Europan eta goi-mailako zientzia-aurrerapenak sustatu ditu, adibidez exoplaneten eta grabitazio-uhinen aurkikuntza. Datozen hiru urteetan, Batzordea saiatuko da bere ikerketa-finantzaketak eragin handiagoa izan dezan lortzen, gai gutxiagotan ardaztuta baina funtsezko gaietan: migrazioa, segurtasuna, klima, energia garbia eta ekonomia digitala. Halaber, Horizon(te) 2020 programa bideratuago egongo da merkatuak sortzen dituen punta-puntako berrikuntzara.

Merkatuak sortzeko punta-puntako berrikuntzaren laguntza
Juncker Batzordeak Europako enpresaburu berritzaile ugariei aurrera egiteko aukera guztiak eskaintzeko lan egiten du. Orain, Batzordeak Berrikuntzaren Europako Kontseiluaren lehen fasea jarri du martxan. 2018 eta 2020 artean, Batzordeak Horizon(te) 2020 programako 2.700 milioi euro mobilizatuko ditu arrisku handiko eta mozkin handiko berrikuntzak etorkizuneko merkatuak sor ditzan. Gainera, Horizon(te) 2020-k hobeto erabiliko ditu bere «Crack the challenge» sariak gure hiritarrek dituzten arazo larriei puntako irtenbide teknologikoak eskaintzeko.
2018-2020 lan-programak gai gutxiagotara bideratuko ditu bere ahaleginak baina aurrekontu handiagoekin, honako lehentasun hauek bultzatuz zuzenean:

Karbono-isurketa apaleko etorkizuna, klima-aldaketaren aurka babesteko: 3.300 milioi euro
Ekonomia zirkularra: 1.000 milioi euro
Europako industria eta zerbitzuen digitalizatzea eta eraldaketa: 1.700 milioi euro
Segurtasunaren Batasuna: 1.000 milioi euro
Migrazioa: 200 milioi euro
Energia garbia: 2.200 milioi euro energia garbiko proiektuetara bideratuko dira elkar erlazionaturiko lau eremutan: energia berriztagarriak, eraikinen energia-eraginkortasuna, mugikortasun elektrikoa eta metatzeko konponbideak, 200 milioi euro barne bateria elektrikoen hurrengo belaunaldia Europan garatu eta ekoizten laguntzeko.

Oinarrizko ikerketari bultzada
Aldi berean, Horizon(te) 2020-k jarraituko du «jakin-minak eragindako zientzia» finantzatzen (sarritan «oinarrizko zientzia» edo «ezagutzaren mugetako ikerketa» deitua). Europako Ikerketa Kontseiluaren 2018rako lan-programak, abuztuan onartuak, aukera ematen du ikertzaile bikainei laguntzeko 1.860 milioi eurorekin. Marie Skłodowska-Curie ekintzek, karrerako etapa guztietan ikertzaileentzako bekak finantzatzen dituztenek, 2.900 milioi euroko bultzada jasoko dute hiru urteko epean.
Nazioarteko lankidetzaren hobekuntza
Lan-programa berriak nazioarteko lankidetza ere indartuko du ikerketan eta berrikuntzan. 1.000 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu 30 ekinbide adierazgarritan interes komuneko eremuetan. Adibide batzuk dira Kanadarekiko lankidetza medikuntza pertsonalizatuaz, Estatu Batu, Japonia, Hego Korea, Singapur eta Australiarekin errepidezko garraioaren automatizazioaz, Indiarekin uraren arazoei buruz eta Afrikako herrialdeekin elikadura-segurtasun eta energia berriztagarrien inguruan.

Bikaintasuna jendarteratzea
2018 eta 2020 artean, Horizon(te) 2020ko 460 milioi EUR erabiliko dira espezifikoki estatu kideei laguntzeko, baita oraindik bete-betean programan parte hartzen ez duten herrialde elkartuei laguntzeko ere. Helburua da Europan eta Europatik kanpo ustiatu gabeko bikaintasun-guneez baliatzea. Gainera, programak jarraitzen du sinergia estuagoak sustatzen ere Europako Egitura eta Inbertsio Funtsekin.

Parte-hartzeko arauen sinplifikazioa
Beste berritasun bat oroharreko prezioan proiektu pilotuak sartzea da, ikuspegi berri sinpleago bat parte-hartzaileei diru-laguntza eskaintzeko. Proiektuen zientzia- eta teknika-edukiarekiko finantza-kontrolen ex ante kontrolaren ikuspegia aldatuko da.

Zientzia irekia
Programak erabateko aldaketa suposatzen du zientzia irekiaren sustapenean, zientzia-argitalpenetan ikerketaren emaitzak argitaratzetik ezagupenen elkartrukera igaroko baita ikerketa-prozesuaren fase goiztiarrago batean. 2.000 milioi euro bideratuko dira zientzia irekia bultzatzeko eta 600 milioi EUR eskainiko zaizkio Zientzia Irekiaren Europako Hodeiari, Europako Datu Azpiegitura eta Errendimendu Handiko Informatikari.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago