Europako industriak 32 milioi pertsona enplegatzen ditu; lanpostu horietako 1,5 milioi 2013tik aurrera sortu ziren. Lehiarako bere abantaila mantendu eta indartzeko ─EBko esportazioen bi heren baitira, gainera─ modernizazio-ahalegin garrantzitsua egin behar da. Horregatik, industria Europako Batzordearen lehentasun politikoen elementu zentrala da. Bere politika guztiak industria ahalduntzera bideratzen dira: lanpostuak sortzeko eta Europako lehiakortasuna indartzeko, teknologia garbi eta digitaletan inbertsioa eta berrikuntza sustatzeko, eta Europako eskualdeak eta langileak, industria-eraldaketak gehien nozitu dituztenak, babesteko.

EBko industria-politikaren estrategia eraberrituak ekimen horizontal eta sektorial guztiak, lehendik zeudenak eta berriak, biltzen ditu, Europako industria berritzailea, digitala eta deskarbonizatua izan dadin. EBren Industria Politikaren Estrategia berritik ondorengo berritasunak nabarmentzen dira:

– Neurri-sorta zabala industriaren zibersegurtasuna sendotzeko, eta hor sartzen da Zibersegurtasunean Gaitasun eta Ikerketarako Europar Zentroa, zibersegurtasunaren eremuan gaitasun teknologiko eta industrialen garapena bultzatzeko helburuaz, baita ere EBren eskalan produktu eta zerbitzuen ziurtatze-sistema bat, kide diren estatu guztietan aitortua; pertsonalak ez diren datuen zirkulazio libreari buruzko Araudi-proposamena, mugen gaindi datuak libre ibiltzea ahalbidetuko duena, honela industria modernizatzen eta Europan datuen benetako gune komun bat sortzen lagunduko duena.

Ekonomia zirkularrari dagozkion neurriak, bereziki plastikoei buruzko estrategia eta baliabide biologiko berriztagarrien ekoizpena hobetzera eta horiek bioproduktu eta bioenergia bihurtzera zuzendutako neurriak.

Jabetza intelektualaren esparrua modernizatzeko ekintza-multzoa, hor sartuta jabetza intelektualaren eskubideen begirunearen inguruko Zuzentarauaren funtzionamenduari buruzko txostena, eta Jakinarazpen edo komunikazio bat, arauei buruzko funtsezko patente-lizentzien esparru europar argi eta aurresangarriari buruzkoa.

EBn kontratazio publikoaren funtzionamendua hobetzeko ekimena, azpiegitura-proiektu handiak planifikatzen dituzten agintariei argitasuna eta orientabideak emateko borondatezko mekanismo bat barne.

Gaitasunen Agenda funtsezko industria-sektore berrietara (adibidez, eraikuntza, siderurgia, paper, teknologia berde eta energia berriztagarri, fabrikazio eta itsas garraiora) zabaltzea. 

Finantzaketa iraunkorraren arloko estrategia, kapital pribatuaren fluxuak inbertsio iraunkorragoetara hobeto bideratzeko.

Merkataritza-politika orekatu eta progresiboaren aldeko ekimenak, baita ere Europako esparru bat segurtasun edo ordena publikorako mehatxu bat suposa dezaketen atzerriko zuzeneko inbertsioak kontrolatzeko.

Funtsezko lehengaien zerrenda berrikusia; horiei dagokienez, Batzordeak jarraituko du EBko manufaktura-industriarentzat hornikuntza seguru, iraunkor eta eskuragarria bermatzeko laguntzen (2017ko irailaren 13an onartua).

– Proposamen berriak mugikortasun garbi, lehiakor eta konektaturako, bereziki CO2 isurtzeko arau zorrotzagoak turismo eta ibilgailu komertzial arinentzat, erregai alternatiboentzako azpiegituren ekintza-plana karga-azpiegitura baten ezarpenean laguntzeko, eta gidatze autonomoa sustatzeko ekintzak.

Europako industriaren etorkizuna etengabe egokitzeko eta berritzeko duen gaitasunaren mende egongo da, horretarako teknologia berrietan inbertituz eta digitalizatzea areagotzeak eta ekonomia hipokarboniko eta zirkularrerako trantsizioak berekin dakartzaten aldaketak onartuz. 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago