Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak, nekazaritzako elikagaien balio-katearen –lehen sektore, eraldaketa-industria eta sukaldaritzaren–  eta erlazionaturiko erakundeen 150 ordezkariren aurrean Euskadiko Gastronomia eta Elikadurarako Plan Estrategikoa aurkeztu du. Plan horrek elikadura eta gastronomiaren balio-kateak euskal BPGn duen pisua egungo %10,56tik %12ra igotzea aurreikusten du lau urteko epean, eta 2.457 milioi euroko inbertsioa suposatzen du: 2.100 milioi inbertsio pribatutik etorriko dira eta gainerakoa Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetatik.

Plan estrategiko honen garapenerako, sektoreko eta erakundeetako eragile guztien laguntza eta parte-hartzea izan da, lankidetza publiko-pribatuaren emaitza izanik eta zeharkako izaera duelarik euskal administrazioan, zeren eta, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako saila buru dela, beste sail batzuen –adibidez, Turismo eta Merkataritza, Kultura, Hezkuntza edo Kanpo Harremanak sailen– plan estrategikoekin inplikatzen baita eta ildo berean baitago. 

Helburu eta ildo estrategikoak

Planak helburu estrategiko zehatzak planteatzen ditu gastronomiaren eta elikaduraren balio-katearentzat:

  1. Sektorea indartzea, bertako produktuen ekoizpena eta kontsumoa gehitzea kalitate, segurtasun eta iraunkortasunaren ezaugarriekin.
  2. Ekoizleekin eta bezeroekin konektaturiko eraldaketa-industria sendotzea, lehiakorra bere eraginkortasunagatik eta balio erantsia sortzeko gaitasunagatik, irtenbide osasungarriak eta komenientziazkoak eskainiz.
  3. Euskal Gastronomiaren sektoreari jauzi kualitatiboa ematen laguntzea bere berrikuntza eta kalitateagatik merkatu globalean, eta nazioartean proiektatzea Euskadi Basque Country marka pean.
  4. Oro har, elikaduraren balio-kateko eragile guztien lehiakortasunaren hobekuntza orokorra lortzea, berrikuntzaren bidez, ezagupen berriak sartuta eta eragile guztien laguntzaz.
  5. Euskadik mundu-mailan duen kokapena eta nabaritasuna sendotzea elikadura eta gastronomiaren arloan erreferentziazko lurralde bihurtuz, eta lurralde erakargarri kalitatezko turismoarentzat.
  6. Elikadura eta gastronomiaren arloko langileen prestakuntza hobetzea.
  7. Euskal biztanleen gizarte-ongizatea eta bizi-kalitatea areagotzea elikadura osasungarri, berezi eta seguruaren bidez. Biztanleria sentsibilizatua.
  8. Enplegu iraunkorra sortzea elikadura-katean, arreta berezia jarrita lehen sektorean.

Honela, Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoak Euskal elikadura eta gastronomiaren 4 ezaugarriotan aurrera egiteko lan egingo du: segurua, osasungarria, berezia eta iraunkorra (gizarte, kultura, ekonomia eta ingurumen aldetik), baina ikuspegi berri batetik, Elikaduraren Balio Katearen paradigmatik, lehen mailako ekoizpenetik elikagaien kontsumoraino, eta tartean eraldaketa, banaketa, merkaturatzea eta gastronomia.

Planaren arabera, elikadura-arloan sartzen dira: elikadura-industria (eraldaketa eta fabrikazioa) eta beste sektore batzuk: lehen sektorea (nekazaritza, arrantza eta abeltzaintza), banaketa, merkaturatzea (handizkakoa eta txikizkakoa) eta sukaldaritza, baina baita ere marketina eta elkarturiko zerbitzuak, ikerketa eta hezkuntza.  Balio-kate hau BPGren %10,56 da orain, eta zuzeneko enplegua ematen die 96.500 pertsonari Euskadin.  Plan Estrategikoak pisu ekonomiko hori BPGren %12raino igo nahi du.

Elikadura eta bere adierazpen gorena, gastronomia, aukera-lurraldea da RIS3 Espezializazio Estrategia Adimendunean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren 2020 Planean sartuta dagoelarik.

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago