Parkeen Euskal Sarea zientzia- eta teknologia-arloko ezagutza eta garapenaren benetako ekosistema da, 511 enpresa, ikerketa- eta berrikuntza-zentro, korporazio handi eta startup batzen dituena. Parkean dauden enpresen (114) %22 Euskadiko inkubagailuen eta elkartegien laguntza eta jarraipenari esker sortu da, hor bideratzen baita enpresa berritzaileak sortzeko gogoa duten gazteen talentua eta espiritu ekintzailea. 2016an, parkeen sareko enpresek Euskadi osoko enpresek I+Gn egindako inbertsio osoaren (494 milioi euro urtean) %40 baino gehiago inbertitu zuten eta 4.633 milioi euroko fakturazioa izan zuten. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Teknologia Parkeetan 16.100 pertsona baino gehiago ari dira lanean. IKT konpainietan ari da jende gehien lanean parkeetan, zehatz esanda, sareko langile guztien %27. Langile-kopuruan pisu handieneko bigarren sektorea I+G da, %21 ari baita hor lanean. Hirugarren, biozientzia eta elektronikako sektoreak daude, Parkeen Euskal Sarean guztira dauden 16.177 langileen %11 enplegatzen baitute bien artean.

30 urteko bizialdian, Sarea egokituz joan da unean uneko erronketara, Euskadiko ekonomia eta gizartearen garapena katalizatuz, gaur egun helburu hori iraultza digitalari lotua dagoelarik. Laugarren Industria Iraultza delakoak era guztietako erakundeak behartzen ditu etengabeko ekintzailetzara eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietara egokitzera, erabat aldatzen ari direlarik industria-, ekonomia- eta gizarte-prozesuak. Eszenatoki edo jokaleku honetan, teknologia eta zientzia ezinbestekoak dira enpresen lehiakortasuna bermatzeko, gazteen artean zientzia- eta teknologia-bokazioak sortu eta bultzatzeko, eta gizarte osoaren ekonomia-garapena sustatzeko.  

Testuinguru honetan, Euskadiko Teknologia Parkeen Sareak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Parkeek osatuak, 20172020 Plan Estrategikoa du aurrean. Sareak enpresen, teknologia-eragileen eta unibertsitateen arteko teknologia-ezagutza trukatzera bideratutako ekintzak areagotuko ditu; parkeetan enpresa berritzaileak sortu eta hazteko proiektuak bultzatuko dira, eta Euskadirako enpresa-proiektu estrategikoak erakartzeko ekimenak indartuko dira, baita nazioartean parkeen euskal sarea ikusgaiago bihurtzeko ere. 

Epe labur eta ertainean gauzatzeko 62 ekintzen artean nabarmentzekoak dira: 4.0 sektoreko guneak sortzea; enpresa berriak erakartzeko finantzaketa-pizgarri eta formula alternatiboen politika garatzea; Arabako Parkean Marie Curie eraikinerako eta Haize Tunelaren azpiegiturarako merkaturatze-plan bereziak egitea; BIKekin (enpresa-inkubagailuekin) etengabeko lankidetza enpresa berriak sortzen eta gero parkeetan ezartzen laguntzeko; teknologia eta enpresa-errealitatea gazteenengana hurbiltzeko tresna berriak sortzea; parkeetan sorkuntzarako eta ezagutzaren transferentziarako guneak sortzea; eta, azkenik, nazioarteko foro eta sare interesgarrietan parte-hartzea bultzatzea eta nazioarteko bisitak gehitzea.

Parkeen Sarean eta hedapen-proiektuetan erabilgarri dauden gune edo espazioen merkaturatze aktiboa ere kontuan hartzen du Plan Estrategikoak.  Proiektu nagusietako bat beste parke teknologiko bat martxan jartzea da: Ezkerraldea/Meatzaldeko campusa, 4.0. industriara bideratutako parke-ereduarekin, eta bertara, besteak beste, trakzio-proiektu bat erakartzea aurreikusten da, teknologia-berrikuntza eta industria aurreratuko arlo berri hau bultzatzeko. 

Halaber, Bizkaian Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko eraikuntza-gaitasuna gehituko da Zamudion eta Derion. Gainera, Leioako campusaren garapenean aurrera egingo dugu, EHUrekin lankidetzan, dauden eraikinetara enpresak erakartzeko eta enpresen eta unibertsitateko ikerketa-taldeen hazkunde-premiei erantzuteko, eta Zorrotzaurreko teknologia-parke hiritarraren proiektua ere bultzatuko da.

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, Plan Estrategikoak espazioa handiagotzea aurreikusten du Miramonen, eraikin berri bat egin eta dauden lursailak zatitzeko aukerarekin; baita Galarretako campusaren garapena bultzatzea ere, Gipuzkoako parkearen berezko hedapen gisa, trakzio-proiektu bat sustatuz erakundeekin lankidetzan. 

Araban, Teknologia Parkeak enpresa eta proiektu berriak erakartzera bideratuko ditu bere ahaleginak.

 

 

 

 

 

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago