Confebaskeko presidenteak, Roberto Larrañagak, larunbat honetan Cinco Días  egunkariaren Berrikuntzako Berezian argitaraturiko artikulu batean, ETEek euskal berrikuntzan duten zeregina aztertu du.

“Innobasqueren azken txostenak, eta bertako zuzendaritza-batzordeko presidenteordea naiz Confebasken ordezkari gisa, argi uzten zuen. Gure ekonomiak berrikuntzan egindako ahalegina oso gertu dago Europako Batasuneko batez bestekotik (batez bestekoa %100 baldin bada, %92,4an gaude) eta horrela Euskadi EBko “berrikuntza handiko” eskualdeen taldean dago, Espainiako estatukoa baino kategoria bat gorago eta Europako lider erabatekoengandik maila batera bakarrik.

Gainera, beste zenbait datu interesgarrirekin. Horien artean, bi. Bat, I+G+b-ren berrikuntzaren hobekuntza 2008 eta 2014 artean 50 langile baino gutxiagoko euskal ETEetan izan dela, batez ere. Bigarrena, enpresa-arloaren bultzada izan dela Europarekin (EB-28) bat etortzearen kausa nagusietako bat, bultzada horri herri-erakundeek ere lagundu diotelarik, I+G+b Europan baino neurri handiagoan finantzatu dutelarik. Egia da enpresa handiek zeregin garrantzitsua dutela, baina baita ere egia da, datuen argitan, zorionez beste eragile berri batzuk ere ari direla batzen estrategia hau indartzeko ahaleginean.

Estatistikaren Euskal Erakundeak (Eustat) nabarmendu du Euskadi nagusi dabilela BPGren gaineko I+G+b gastu pribatuan (guztiaren %1,45). ETEak ere Europako batez bestekoaren abangoardian kokaturik daude, %1,30ekoa delarik. Eta Europako mailak baino kalifikapen hobea lortzen du produktu edo prozesuan berritzaileak diren ETEetan ere, oso garrantzitsua den zerbait, hori baita, gure iritziz, ahalegin ikaragarri honen azken helburua. Merkatura irteera duten produktuetara bihurtzea, gure etorkizuna ziurtatzea ahalbidetuko digutenak, konbentziturik baikaude kontua ez dela kostuetan lehiatzea, balio erantsian baizik.

Zalantzarik gabe, hobekuntzarako marjina dago. I+G+b-ko gastu globala moteldu egin da Euskadin azken bi edo hiru urteotan. Baina, Innobasqueren txostenean jasotzen den bezala, krisi-testuinguruan, Euskadik eutsi egin dio bere kokapenari, inguruko eskualdeen bilakaera negatiboa alde batera utzita”.

Oso balio erantsi handia sortzeko Euskadiren industria-gaitasuna esponentzialki biderkatu da azken 20 urteetan. Goi-teknologiaren sektoreak 2014an (Eustaten azken datuak) Euskadin sorturiko balio erantsiaren ia %10 suposatu zuen, eta landunen %8,6. Euskadiko 4.700 enpresa baino gehiagori buruz ari gara, ia 85.000 lanpostu inguru sortzen dituztelarik. Eta lehen esaten genuen bezala, ETEen gero eta protagonismo handiagoarekin, kasu askotan euskal enpresa handien hornitzaileak direlarik.

Adibide asko daude. Euskadin lehen mailako osagai aeronautikoak egiten dira. Aernnovako presidenteak sarri gogorarazten du ez dagoela hegazkinik munduan ez daukanik Euskadin fabrikaturiko pieza edo osagairik. Gamesa lider da munduan haize-sorgailuen turbinak fabrikatzen, eta are gehiago Siemensekin aliatu zenetik. Bridgestone, Basaurin (Bizkaia), /~~X multinazional japoniarraren fabrikarik berritzaileena da, eta horrek, bere zuzendaritzakoen hitzetan, taldeko soldaten kosturik handienak mantentzea ahalbidetzen die. Beasaingo CAF tren-fabrikatzailea bere sektoreko liderra da munduan. Mercedes eta Michelin faktoriak Gasteizen beren sektoreetako abangoardian daude, baita CIE eta Gestamp ere automobilgintzako osagaietan; makina-tresnak, berriz, Euskadin biltzen du Estatuan sektoreak duen guztiaren %80, eta punta-puntako produktuak saltzen ditu mundu osoan. Urrutira joan gabe, Ibarmiak, Gipuzkoan, duela hilabete batzuk munduko 3D industria-inprimagailurik handiena aurkeztu zuen, japoniarrei eta iparramerikarrei aurrea hartuta.

Oraintxe bertan startup teknologikoen benetako eztanda ari gara bizitzen. Duela gutxi, 13 euskal konpainia handi nazioarteko beste horrenbeste startup-ekin elkartu dira balio erantsi handiko proiektuak bultzatzeko, Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko ad hoc programa bati esker.

Bururatu ahala harturiko adibide sorta bat besterik ez da. Zalantzarik gabe, beste asko daude, eta horietako batzuk Confebasken gure web orrian kontsulta daitezke, “Euskal enpresa, balioa sortzen” deitu dugun atal berezi batean.

Azken batean, Euskadik soberako industria-gaitasuna du munduan mailarik gorenean lehiatzeko, eta lasterketa honetan, zorionez, ETEak ere sartzen ari direla ikusten dugu.

Hau guztia ez da kasualitate hutsa, baizik eta industria-tradizioaren eta gure arbasoek sartu zizkiguten balio batzuen ondorioa. Espero dezagun guk ere asmatuko dugula geure seme-alabekin gauza bera egiten.”

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago