Suitza, Israel, Finlandia, Estatu Batuak eta Alemania dira munduko bost herrialderik berritzaileenak Munduko Ekonomia Foroak egindako Lehiakortasunaren Txosten Globalaren (2016-2017) arabera. Zazpigarren urtez jarraian Suitza dago lehen tokian, batez ere, puntuazio handia duelako komertzialki aplikazioa duten produktuen eta berrikuntzaren aldeko borrokari loturiko adierazleetan.

2016-2017 txostenak 138 ekonomien lehiakortasun-egoera ebaluatzen du eta hainbat faktoretan oinarrituta sailkatzen ditu. Puntuazio handiko herrialdeek berrikuntza-jarduera errazten duen ingurunea daukate, laguntza publiko eta pribatuarekin. “Ekonomia hauetan, enpresek abangoardiako produktuak eta prozesuak diseinatu eta garatu behar dituzte lehiatzeko abantailari eusteko eta balio erantsi handiagoko jardueretarantz aurrera egiten jarraitzeko”, adierazten du txostenak.

Aurtengo aldaketarik nabarmenena Japonia taulatik irtetea izan da. Etengabe agertu zen lehenengo bost nagusien artean sailkatuta 2007tik 2015era, baina Japonia bost postu atzeratu da eta orain zortzigarren tokian dago berrikuntzari dagokionez, funtsezkoa den zutabea mundu osoko ekonomia arrakastatsuentzat.

Txostenak dio berrikuntza gertatzen dela “ekosistemako negozioek, araudiek eta gizarte-arauek konektibitatea, sormena, enpresa-espiritua, lankidetza eta azken teknologien onarpena sustatzen dituztenean, ideia berriak sortzeko eta merkatuari produktu eta negozio-eredu berriak eskaintzeko”.

Halaber, dokumentuak agerian uzten du irekitasunik eza dela erronkarik handiena hazkunde, berrikuntza eta oparotasunerako, eta aldi berean baieztatzen du planetako ekonomiarik lehiakorrena Suitza dela, eta ondoren Singapur eta Estatu Batuak. Indiak izan du hobekuntzarik handiena, iazko egoerarekiko 16 postu aurreratu baita sailkapenean.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago