Cristobal Cobo Ceibal Azterketa Zentroa – Fundazioaren zuzendaria da, eta Oxfordeko Unibertsitateko Internet Institutuko ikertzaile elkartua. Duela gutxi “La Innovación Pendiente” argitaratu du, eta bertan hezkuntzaz beste ikuspegi batetik pentsatzera gonbidatzen du, eta honetan jartzen du benetako berrikuntza: ezagutza edo jakintza, ikasgela barruan nahiz kanpoan, balioetsi eta aitortzeko era berriak esploratzean.

Berarekin hitz egin genuen hezkuntzaren teknologiaz, berrikuntzaz eta ebaluazioaz, urtero Donostia Sustapenak antolatzen duen “Week Inn” berrikuntzaren astean eskaini zuen hitzaldiaren harira. 

Zer harreman egon beharko luke teknologiaren eta hezkuntzaren artean?

Gure egungo hezkuntzaren erronka ez da mugatzen irakasleek luzaroan teknologia digitalak ikasgelan erabiltzera, zerbait sakonagora baizik. Hau da, curriculumaz haratago doazen jakintzak eraikitzeko guneak bultzatu behar dituzte, ikasgai jakin bat baino haratago, kalifikazio zehatz bat baino haratago, jakite adituaz haratago. Ohiko alfabetismoak ongi menderatzea gaur egun funtsezko zeregina duten trebetasun multzo berri baten garapenarekin artikulatzea ahalbidetuko dutenak. Teknologiek honetan lagundu dezaketela ez dago zalantzarik, baina azkenean pedagogia-berrikuntza izango da faktore erabakigarria.

Erronka zera ulertzea da, sarea ez dela teknologikoa, kognitiboa baizik. Ezagutzaren zenbait forma eta dinamika konektatzeko aukera da oraindik benetan egin gabe dagoena.

 Hezkuntza inklusiborako elementua da teknologia?

Aukera berriak sortzen dituen edozein tresna falta denean, zaurgarritasun edo bazterketa forma berriak irekitzen dira. Ildo honetan, IKTak nazioen aurrerapen- eta garapen-agendan instalatzen direnean, horiek erabiltzeko interesa eta baliabideak hazi egiten dira.

Arazoa da hori ez dela historiaren amaiera. Lehenik, gaur egun bazterketa edo esklusikoa sortzen duena ez da bakarrik teknologia hauek erabiltzeko edo ez erabiltzeko aukera, baizik eta erabiltzeko forma eta beraien erabileraren bidez balioa garatzeko hartzen diren ahalmen edo gaitasunak. Gainera, hau oso azkar eraldatu eta zaharkituta geratzen den eremua da, etengabe egokitzapen berriak egitea eskatzen duena, bai teknologikoak eta bai portaerazkoak edo/eta kognitiboak. Beraz, eten edo arrail berrien arriskuak konstanteak dira eta horrek zaintza teknologiko eta kognitibo etengabea eskatzen du.

Zein dira hezkuntza-sisteman egin beharreko aldaketak ikasleen artean kultura berritzailea sustatzeko?

Kultura-aldaketek ziklo eta prozesu oso ezberdinak eskatzen dituzte. Uste dut hori kontuan ez hartzeak aldaketa azeleratuak ikusi nahi izatera eraman gaituela bestelako denborak eskatzen dituzten testuinguruetan. Teknologiaren munduak eta hezkuntzaren munduak denbora ezberdinak dituzte. Eztabaidatzen hasi beharko genuke zer ulertzen dugun kultura berritzailea esanda, teknologian, ekintzailetzan, etengabeko aldaketan, sormenean eta abarretan. Baita ere galdetu beharko genioke geure buruari ea hezkuntza-sistemak, mende-aldaketa honetan ulertu ditugun bezala, ingurunerik egokiena diren edo ez berrikuntzaren kultura sustatzeko. Hau da, ezagutza edo jakintza arlo bereizitan antolatu dugu, ikasleak adinaren arabera banatu ditugu edo kalifikazio txarrak zeuzkatenak suspenditu egin ditugu. Nire ustez, gune askoz malguago, dinamikoago eta ausartagoetan sortzen da berrikuntza. Berrikuntzan pentsatu aurretik, ematen ari garen hezkuntza-motan pentsatu behar da.

Zeure liburuetako batean ikaskuntza ikusezinaren garrantzia azpimarratzen duzu, nola transferitu daiteke kontzeptu hau hezkuntza formalera?

Ikaskuntza hau gailuen curriculum-erabileraz haratago doa eta testuinguru formaletatik haratago sortzen diren jakintza edo ezagutza-prozesuak hartzen ditu kontuan. Ikusezina ez da existitzen ez dena, baizik eta agerian edo era nabarian ikusten ez dena. Ezagupen eta trebetasun asko dauzkagu, hezkuntza-sistemek azkar errekonozitzeko moduan adierazi edo sistematizatu ezin ditugunak.  Adibidez, errazago neurtu eta errekonozitzen da hizkuntza baten menderatzea subjektu baten sormena edo jakin-mina baino.  Hala ere, horrek ez du esan nahi hor ez daudenik edo garrantzitsuak ez direnik, baizik eta batzuetan kontuan hartzen ez ditugun alderdiak kontuan hartu eta balioesteko beste era batzuk eraiki behar ditugula.

Ikuspegi honetatik, ikaskuntza ikusezina hezkuntza-sistemetatik aitortu eta estimulatu ere egin ahal izango litzatekeen zerbait da, baina uste dut haratago joan behar duela. Horixe da ikuspegi honen edertasuna, sistemei erantzuten ez diena, baizik eta ekologia askoz zabalagoa planteatzen duena.

Hezkuntzak aurrean duen erronketako bat ebaluazioa da: badugu neurketa-sistema egoki bat ebaluatzeko?

Gaur egun badirudi gero eta onarpen eta ebidentzia handiagoa dagoela esateko ikasi uneoro eta leku guztietan egiten dela. Erronketako bat da ikasteko gune hauek ikusi, kontuan hartu eta aprobetxatzeko gai izatea. Horretarako baliagarria da, formalaz haratagoko testuinguruetan gertatzen diren edo eskolakoa beste ingurune batzuekin konektatzen duten ikaskuntzak sakonkiago ulertzen lagunduko diguten jarraipen- eta ebaluazio-tresnak sortu eta onartzea.

Posible ote da ikasteko geure ibilbideak  marratzeko gai diren tresnak sortzea? Ezagutzaren eraikuntza banatuaren jardunbideak zenbat eta gehiago dibertsifikatu, are eta funtsezkoagoa gertatzen da ikasteko ibilbide ireki hauek aitortzeko mekanismo egokiak sortzeko bidean aurrera egitea.

“La Innovación Pendiente” liburuan zazpi bektore iradokitzen dira, eta erabilgarriak izan daitezke teknologiaz aberasturiko ezagutza ebaluatu, balioetsi eta aitortzeko estrategia eta mekanismoen inplementazioan pentsatzeko.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago