Inbertsioetarako Europako Funtsak (EIF) eta Laboral Kutxak gaur Bilbon berme-akordio bat izenpetu dute, enpresa berritzaile txiki eta ertainek finantzaketa eskuratzeko bide hobea izan dezaten. Ekimen honek Inbertsio Estrategikoetarako Europako Funtsaren (EFSI) laguntza du, eta hau Europarako Inbertsio Planaren motor edo higiarazle nagusia da, Juncker Plan gisa ezagunagoa. Maileguetan 100 milioi euroko zorroa sortzea espero da

Akordio honi esker, datozen bi urteetan Laboral Kutxak finantzaketa-irtenbideak emango dizkie onurazko baldintzetan enpresa berritzaileei “InnovFin SME Guarantee Facility”ren bidez, Europako Batzordeak bultzaturiko Horizon(te) 2020 Esparru Programaren parte delarik. 

Txomin García, Laboral Kutxako lehendakariak, euskal kreditu-kooperatibaren konpromisoa nabarmendu du enpresen berrikuntza sustatzeko, eta baieztatu du “enpresari aplikaturiko berrikuntzak lehiakortasun handiagoa ekartzen duela epe ertain eta luzera, eta ondorioz, aberastasun iraunkorra sortzen duela. InnovFin-ek Laboral Kutxari ere lehiakorra izaten lagunduko dio, kreditu gehiago eta merkeagoa ematea erraztuko digu-eta”. 

Pier Luigi Gilibert-ek, EIFeko zuzendari betearazleak, adierazi du “EFSI-InnovFin sinadura honek EIFren konpromisoa erakusten duela Europako Batasunaren helburua bultzatzeko, hau da, Europako inbertsioa sustatzeko”.  

ETEentzako InnovFin lerroak finantzaketa lortzeko bermeak eta kontrabermeak ematen ditu. Finantzaketa emateko orduan ez da nahitaezkoa izango aurkezturiko proiektuak edo ideiak berritzaileak izatea; enpresak eurak bere horretan berritzailetzat joak izatea ere hautatzeko elementu nagusi bat izango da. 

14 irizpide ezarri dira erabakitzeko ea enpresak merezi duen “InnovFin SME Guarantee Facility”k babesturiko finantzaketa, eta 5 nabarmendu dituzte, batez ere:

1. Eskaturiko finantzaketaren xedea produktuak, zerbitzuak edo prozesuak hobetzeko izatea da.

2. Enpresa azken 36 hilabeteetan eskualdeko, estatuko edo Europako diru-laguntzak, maileguak edo programa ofizialen bermeak jasotakoa izatea, betiere ikerketa eta berrikuntza bultzatzeko. 

3. Enpresa azken 36 hilabeteetan ‘enpresa berritzaile’ gisa izendatua izatea eskualdeko, estatuko edo Europako erakunde ofizialen baten aldetik. 

4. Enpresak azken 36 hilabeteetan bere ustiapen-gastu guztien %10 gutxienez I+G+b-n inbertituta izatea. 

5. Enpresak azken 24 hilabeteetan eskubide teknologiko bat gutxienez (adib., patenteak, utilitate edo baliagarritasun-modeloak, egile-eskubideak programa informatikoei buruz…) erregistratuta izatea.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago