Millenium Project think tank independentea da, gizakiaren aukerak hobetzea eta mundu hobea eraikitzea bilatzen duena. Duela gutxi, bere zuzendari nagusia, Jerome C. Glenn, Innobasquen izan zen, eta bertan etorkizuneko jokalekuak ─45 herrialdetako 350 futuristen parte-hartzeari esker egindako Lanaren eta teknologiaren etorkizuna 2050ean proiektuan identifikatuak─  aurkeztu zituen.  

Glenn-ek hiru jokaleku posible aurreratu zituen 2050erako egungo zirkunstantzietatik abiatuta, eta honela deskribatzen ditu horien ezaugarriak:

–  Aberastasunaren kontzentrazioa areagotzea

–   Errenta-arraila handiagotzea

–  Badirudi enplegurik gabeko hazkunde ekonomikoa izango dela arau berria

–  Kapitalaren eta teknologiaren ROI eskulanarena baino handiagoa da

–  Etorkizuneko teknologiek eskulanaren zati handi bat ordezka dezakete

–  Pronostikoa: iraupen luzeko langabezia

Glennen mezuaren ardatza da zer egin ote daitekeen, osagai hauekin, jendearentzat etorkizun hobea eraikitzeko. Honela, etorkizuna aldatuko duten teknologiak honako hauek izango direla zehazten du Millenium Project-en azterketak: adimen artifiziala, robotika, konputazio-zientziak, Gauzen Internet, 3D/4D Inprimatzea, biologia sintetikoa, web semantikoa, adimen kolektiboa, ibilgailu autonomoak, batzuk aipatzearren.

Honela, 2050erako, Glennek Bilbon aurkeztu duen txostenean hiru aukera agertzen dira etorkizunerako:

1.- Konplikatua da: pot-pourri bat.

Aldaketaren azelerazioa areagotuko da, buru-argitasuna eta ergelkeria nahastuz erabakiak hartzerakoan. Egoera honek teknologia aurreratuaren onartze irregularra ekarriko du, eta langabezia ere bai, gobernuek ez baitituzte epe luzerako estrategiak sortuko. Arrakasta erlatiboa izango du diru-sarrerak bermatzeko errenta unibertsalak. Korporazio handiak hazi egingo dira eta gobernuek baino botere handiagoa izango dute.

2.- Nahasmendu politiko eta ekonomikoa: etorkizun etsigarria.

Aukera honen arabera, gobernuak ez dira gai izango adimen artifizial orokorrak sorturiko eraginei aurre egiteko eta ez dute estrategiarik izango; horrek langabeziaren eztanda eragingo du 2030ean, eta 2050a nahasmendu politiko handian murgilduta geratuko da. Ordena globala hondatu egingo da: nazio estatuak, mega-korporazioak, tokiko miliziak, terrorismoa eta krimen antolatua.

3.- Gizakiak aske izango balira: ekonomia autogauzatua.

Hau da hiru aukeretatik baikorrena, eta uste du gobernuak gai izango direla adimen artifizialaren eraginei aurrea hartzeko, eta beraz ikerketa zabalak eginak izango dituztela  jakiteko nola inplementatu pixkanaka oinarrizko errenta unibertsala eta nola sustatu autoenplegua. Magnate mediatiko eta artistek kultura-aldaketa sustatzen lagunduko dute: enpleguaren kulturatik ekonomia autogauzaturantz.

Glennek ahalduntze-mezua zabaldu zuen Innobasqueren egoitzan: pertsonok alda dezakegu etorkizuna.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago