11 herrialdetako ia berrehun parte-hartzaile izango dira bihar Tecnun-en Donostiako egoitzan Fabrikazio Aurreratu eta Materialen Biltzarrean (Advanced Manufacturing & Materials), non erronka berriak, bazkideak eta ideiak ezagutuko baitira 4.0 industriaren aro berriari aurre egiteko nazioartean Fabrikazio Aurreratu eta Materialen arloan. Europako Batasunean, industriak BPGren %15 esan nahi du, eta zifra hori %21,7koa da EAEko kasuan. Innobasque, SPRI Taldea, BEAZ eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Basque Enterprise Europe Network Partzuergoko kideak, CEIT-IK4-rekin lankidetzan, nazioarteko jardunaldi bat antolatu dute I+G+b proiektuetarako teknologia transferitu eta bazkideak bilatzeko fabrikazio eta material aurreratuen arloan. Bertan nazioarteko ikertzaileak, adituak eta enpresa berritzaile garrantzitsuenak izango dira, aurrez hitzartuta alde biko bilerak egingo dituztelarik. Lantegi praktikoak ere izango dira.

Biltzarra administrazio, enpresa, teknologia-zentro, unibertsitate eta fabrikazio eta material aurreratuen arloan Europako eta nazioarteko beste erakunde batzuen arteko topaketa-foro bat da. Parte-hartzaileek lankidetza- eta negozio-aukerak izango dituzte teknologian oinarrituak, baita I+G+b finantzatzeko Europako programa den Horizon(te) 2020ko NMBP-en (Nanotechnologies, Advanced Materials, Biotechnology and Production) eta FoF-en (Factory of the Future) hurrengo deialdietako I+G+b proiektuetarako bazkide potentzialak bilatzeko ere.

Biltzarrean izango dira Abdul Rahim, Europako Vision2020 Sarekoa; Europako Batzordeko Hazkunderako Zuzendaritza Nagusiaren ordezkari bat bideomezu baten bidez; Amaia Martínez Muro, NanoBasqueko Estrategia arduraduna; Javier Eguren, Mondragon Korporaziokoa; Lucía Iñigo, Industria Teknologia Garapenerako Zentrokoa (CDTI); Javier Lauzirika, IK4 Research Alliance-koa; Leire Arriola, Innobasqueko proiektu-burua; eta Leire Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Teknologia zuzendaria.

Jardunaldian Europan fabrikazioaren etorkizuneko joerak ezagutuko dira, eta gaur egun dauden aukera guztiak I+G+b finantzatzeko Horizon(te) 2020 bezalako europar tresnen bidez, eskualde mailakoen (Era-Net) eta alde bikoen (Eureka) bidez.

Horren haritik, Horizon(te) 2020 programaren lehenengo bi urteetan Euskadik oso emaitza onak izan ditu parte-hartzeari dagokionez, denboraldirako ezarritako helburuak baino %5 handiagoak. Guztira 176 euskal erakundek hartu dute parte 326 proiektutan eta 232,14 milioi euroko finantzaketa lortu dute. Halaber, Euskadi ari da zuzentzen Manunet Europako eskualde finantzaketa-programa, fabrikazio aurreraturako ERA-NET bat. Europan nazioz gaindiko lankidetzan I+G+b proiektuak bultzatzeko nazio eta eskualdeetako finantzaketa-programen sarea dira ERA-NETak. Eusko Jaurlaritzak ekinbide honetan parte hartzen du euskal enpresen ─bereziki ETEen─ lehiakortasuna hobetzeko.

Industria garrantzi handiko sektorea da, bai Europarako eta bai Euskadirako, gaikuntza handiko eta ondo ordaindutako enplegua sortzeko gaitasuna baitu, eta bere pisuagatik bi eremuetako BPGetan. Horregatik, industria-lehiakortasunari eustea funtsezkoa da, eta horretarako industria-ekinbide berritzaile gehiago behar dira. Testuinguru honetan, Euskadik espezializazio adimendunerako eskualde-ikerketa eta -berrikuntzako estrategia diseinatu du, Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean jasoa; hiru lehentasun estrategiko identifikatzen ditu –fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak/osasuna– eta dagoeneko inplementatzen ari dira. Fabrikazio Aurreraturako espezializazio adimendunaren euskal estrategian, Basque Industry 4.0 deituan, hauek sartzen dira: produktu berriak sortzea, material berriak erabiltzea eta fabrikazio-prozesuak hobetzea, eta horretarako erabiliko dituen teknologia digitalek adimen, eraginkortasun, produktibitate eta iraunkortasun handiagoa emango diote industria-ehunari. 

Fabrikazio Aurreratu eta Materialen Biltzarra bihar hasiko da eta ingelesez izango da guztiz; Foroaren babesle edo laguntzaile da Enterprise Europe Network, nazioarteko bokazioa duten ETEen laguntzarako mundu-sare handiena; baita Vision2020 Europar Sarea ere, Horizon(te) 2020 Ikerketa eta Berrikuntzarako Europako Esparru Programan parte hartzen duten ikerketa-erakunde eta enpresentzako berrikuntza-plataforma. Argibide gehiago esteka honetan. 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago