“Gaitasunak batuz ziurgabetasuna eta arriskua murrizten da eta emaitzak partekatzen dira”, dio Alberto Garcia Erauzkinek, Innobasqueko presidenteak, 2014-2015 Memoriaren hasieran, eta uste du lankidetza ezinbestekoa dela berrikuntzarako. Hemen artikulua osorik:

“Euskal erakundeok gaitasuna dugu oraindik gehiago kolaboratzeko eta sektore, jakintza-arlo eta aukera berrietara irekitzeko. AAhalegina egitea eta konfiantza izatea eskatzen duen prozesua da lankidetza, eta bidea beti erraza ez bada ere, helmuga handiagoak lortzea ahalbidetzen digu, urrutirago iristea.

Euskal enpresa-ehunaren %99 ETEek osatzen dute. Horietako gehienak enpresa txikiak eta mikroETEak dira, eta arintasuna, malgutasuna, talentua eta irekitasuna dituzte; beraz, egoera hobezinean daude proiektu handiak lankidetzan gauzatzeko. Korporazio handiak ere jabetzen dira start up eta erakunde txikien garrantziaz berrikuntzaren iturri gisa, eta horiek bereziki baloratzen dute lehenengoen trakzio-gaitasuna ekinbideak lankidetzan jorratzeko. Gaitasunak batuz ziurgabetasuna eta arriskua murriztu egiten da, eta emaitzak partekatu egiten dira.

Kolaboratzerakoan gertatzen da ez ditugula behar beste ezagutzen bide-lagunak, ezta ere ziur jakiten zein izango den abiaturiko bide horren helmuga, eta beraz ohikoa izaten da mesfidantza sortzea. Baina funanbulismo-ariketa hori egiterakoan sortzen dira berrikuntzak, dauden merkatu-segmentuetan lehiatzeko posizioak mantentzeko aukera ematen dutenak, eta beraien gertaleku den ekosistema eraldatzera irits daitezkeen berrikuntzak. Horregatik, benetan elkarlaneko berrikuntzak sortzeko, baldintza da konfiantzazko inguruneak sortzea, kultura berritzaile finkatu eta esploraziora irekiarekin.

Erakunde batzuk dagoeneko bide ezezagun horietatik dabiltza berrikuntza ahaltsuagoetara iristeko: ezberdinak direnekin kolaboratzen dute, baita beraien erakundekoak edota beraien sektorekoak ez diren eragileekin ere, eta berrikuntza-egiteko forma irekiagoak jartzen dituzte praktikan. Aldaketa hau agerikoa den honetan oinarritzen da: lankidetza hauen emaitzek berrikuntza bizkortzen dutela eta oso lehiakorrak diren merkatu-posizioak sortzen dituztela.

Beste ekonomia batzuen gaitasun berritzailea gehitzea, aldaketa teknologiko lasterrak, produktu eta zerbitzu berrien eskari amaiezina, edo produktu eta zerbitzuen bizi-ziklo gero eta laburragoa: nahikoa pizgarri dira horiek ondorioztatzeko ez dagoela erakunderik, oso handia izan arren, erronka horiei bakarka aurre egin diezaiekeenik.

Innobasquen mila bazkide gara, guztiok berrikuntzarekin konprometituak: ETEak, enpresa handiak, jakintza-zentroak (unibertsitateak, teknologia-zentroak eta beste erakunde batzuk), herri-administrazioak eta pertsona fisikoak, azken batean euskal gizartearen aberastasunaren ordezkariak. Gogo-pizgarriak, konfiantzazkoak, diren inguruneak sortzen ari gara elkarrekin, guztiok garatzeko bertan geure gaitasunen ahalmena. Mila bazkide, mila gaitasun. Eta zeharkako lankidetza handiagoa sortarazten badugu? Eta aliantza publiko-pribatuan sakontzen badugu?

Berrikuntza-kultura finkatua izateaz gain, networking-sareak (formalak edo ez-formalak, aurrez aurrekoak, online, adituekin eta bazkide-gai eta kolaboratzaileekin eginak) edukitzea faktore erabakigarria da, lankidetzaren arrakastari argi eta garbi laguntzen baitio, nahiz eta gehiegitan oharkabean pasa. Innobasque bezalako figurek konexioak errazten dituzte izaera askotako erakundeen artean: sektore artekoak, eragile askotakoak, publikoaren eta pribatuaren artekoak, oso beharrezkoa den zerbait euskalduna bezalako ekosistema konplexu eta trinkoetan. Sare hauek erraztu egiten dute leku ezezagun horretarako bidea, berrikuntza deitua, seguruagoa izatea. Eztabaida ezina baita bide hori ibili beharra dagoela.”

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago