Arriskuak eta lankidetza berrikuntzaren oinarrizko bi osagai dira. Arriskatzen ez duenak ez du berrikuntzarik egiten, baina lankidetza ezinbestekoa da huts egiteko aukera minimizatzeko. Abuztuko asteartero bezala, berrikuntzari buruzko beste bi irakaspen partekatuko ditugu Innobasqueren esperientziatik.

– Berrikuntza arriskuak onartzea da

Berrikuntza arriskua da eta esplorazio eta ikaskuntzara irekitako guneak eta inguruneak behar ditu, non konfiantza izango den giro nagusia. Funtsezkoa da uste sendoa, malgutasuna, ilusioa, jarraikitasuna eta adorea izatea.

Berrikuntza ezin da kontrolatu, ezta aurresan ere. Proiektu berritzaileen ezaugarriek, halako arrisku batez bere helburuetan eta gauzatzeko eran, zaildu egiten dute plangintza. Beraz, komeni da testuinguru eraginkorragoak bultzatzea, eta horietan abiaraziko diren ekinbideek, lehen faseetan, ziurgabetasun handienekoetan, aukera-kostu murriztuak izan behar dituzte. Arrisku-egoera hauek onartzeko prest dauden lantaldeak eratzea komeni da, gai izan daitezen balioa ateratzeko bai prozesutik bertatik eta bai emaitzetatik. Halaber, ezinbestekoa da autokritika-gaitasuna duten erakundeak izatea, eta errorearekiko tolerantzia handiko inguruneak.

Arriskuen kudeaketa egokia eta irteera-estrategiak planteatzea hil ala bizikoa da, behar izanez gero, proiektuak berrorientatzeko, edota baita bertan behera uzteko erabakia hartzeko ere. 

 

– Lankidetza baliabide-iturri agortezina da

Lankidetza eraginkorra ez da berehala lortzen, baizik eta ahalegin, konfiantza eta eskuzabaltasunean inbertsio handia eskatzen duen prozesua da. Nahiz eta bide hau ez izan beti lasterrena, helmuga handiagoak lortzea eta urrutirago iristea ahalbidetzen dizkigu.

Egiaztatu dugu lankidetzak baliabideen erabilera eraginkorragoa ahalbidetzen duela, sinergiak sortzeari eta era askotako baliabide berriak (teknologikoak, ekonomikoak, harreman-kapitala…) erakartzeko eta erabiltzeko beharrezko masa kritikoa sortzeari esker. Hori nabaria da ekinbide batzuetan, non lankidetza konponbide berritzaileen eskariaren nahiz eskaintzaren aldetik datorren. Hala ere, elkarlaneko prozesuen hasierako uneetan zalantza eta ziurgabetasunaren sentimendu partekatua egon daiteke, honelako ekinbideek berez duten aurreikuste-ezintasun mailak praktikan esperotakoak baino ahalegin handiagoak eskatzen baititu. Hala ere, ahaleginak merezi du. Lankidetzak eragin handiagoa du eta funtzionatu egiten du.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago