Material aurreratuek iraultza suposa dezakete pertsonen eguneroko bizitzan, 4.0 industria,  energia, biomedikuntza edo ehungintza-sektorean aplikatzeagatik. Bakterioen aurkako propietateak dauzkate, arinagoak dira, erresistenteak, polimerikoak, autogarbigarriak, naturalak edo sintetikoak… aukerak mugagabeak dira. Enpresentzat aukera paregabea dira, horiekin ibilgailu arinagoak egin baitaitezke, bateria eraginkorragoak, bereizmen handiagoko pantailak, edo hezurrak birsortzen dituzten biomaterialak.

Euskadik espezializazio adimendunerako eskualde-ikerketa eta -berrikuntzako estrategia diseinatu du, Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean jasoa; hiru lehentasun estrategiko identifikatzen ditu –fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak/osasuna–, eta lau abagune-nitxo: elikadura, hiri-habitata, ekosistemak eta kultura- eta sorkuntza-industriak. Lehentasun estrategiko hauek pilotatze-taldetan hedatzen dira, eta Material Aurreratuen eta Prozesuen azpitaldea Fabrikazio Aurreratukoaren barruan sortua da.

Testuinguru honetan, Fabrikazio Aurreratu eta Materialen Biltzarra, irailaren 27an Donostian izango dena, aukera bat da erronka berriak, bazkideak eta ideiak aurkitzeko nazioartean fabrikazio eta material aurreratuetan 4.0 industria aro berriari aurre egiteko. “Advanced Manufacturing & Materials” jardunaldiak sarbide lasterra, zabala eta erraza ematen du nazioartean garrantzitsuenak diren ikertzaile aditu eta enpresa berritzaileetara.

Innobasque, SPRI eta BEAZek, Basque Enterprise Europe Network Partzuergoko kideak, CEIT-IK4-rekin lankidetzan, nazioarteko jardunaldi bat antolatu dute I+G+b proiektuetarako teknologia transferitu eta bazkideak bilatzeko fabrikazio eta material aurreratuen arloan.

Jardunaldian hitzaldi bat eta enpresa-topaketak (brokerage event) izango dira, datorren irailaren 27an Tecnun-en (Donostia), bezperan egingo den Vision 2020 Sarearen Bileraren esparruan.

Jardunaldiaren helburu nagusia topaketa-foro bat sortzea da administrazio, enpresa, teknologia-zentro, unibertsitate eta fabrikazio eta material aurreratuen arloan Europako eta nazioarteko beste erakunde batzuen artean. Parte-hartzaileek lankidetza- eta negozio-aukerak izango dituzte teknologian oinarrituak, baita bazkide potentzialak bilatzeko ere datozen Horizon(te) 2020 Programako NMBP (Nanotechnologies, Advanced Materials, Biotechnology and Production) eta FoF (Factory of the Future) deialdietako I+G+b proiektuetarako, aurretik hitzarturiko alde biko elkarrizketa-agendaren bidez.

Foroaren babesle edo laguntzaile da Enterprise Europe Network, nazioarteko bokazioa duten ETEen laguntzarako mundu-sare handiena; baita Vision2020 Europar Sarea ere, Horizon(te) 2020 Ikerketa eta Berrikuntzarako Europako Esparru Programan parte hartzen duten ikerketa-erakunde eta enpresentzako berrikuntza-plataforma.

Argibide gehiago eta erregistroa hemen.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago