Teknologia aliatu izugarria da erronka global handiei aurre egiteko orduan. Munduko Ekonomia Foroak, Scientific American aldizkariarekin lankidetzan, erronka horietako hamar identifikatu ditu. Identifikatzeko erabili den irizpideetako bat da 2016a inflexio-puntu bat izatea teknologia bakoitzaren hedapenean. Beraz, zerrendan badaude duela urte batzuetatik ezagunak diren teknologia batzuk, baina orain bakarrik iritsi dira heldutasun-puntu batera, non beraien eragina nabarmen senti daitekeen.

Aurtengo zerrendako 10 teknologia garrantzitsuenak honako hauek dira:

1. Nanogauzen Interneta

Teknologia hau sentsore batzuetan oinarritzen da, behar hainbat txikiak gorputz bizietan zehar zirkulatzeko edo zuzenean eraikuntzako materialekin nahasteko. Lehen urrats erabakigarria da Nanogauzen Interneterantz (IoNT), eta honek medikuntza, ingurumen-zientziak eta beste sektore asko eraldatu ahal izango lituzke.

2. Energia-metatzea sare-eskalan

Bateria-teknologia berriak sartzen dira hemen, sodio-ion eta zing-airezkoak, askoz eraginkorragoak eta ekonomikoagoak baitira. Honek energia eskala handian metatzea eta energia berriztagarrien erabilera erraztea ahalbidetuko du.

3. Bloke-katea [Blockchain]

Bloke-katea datu-base deszentralizatua da, non transakzio elektronikoak era seguru eta egiaztagarrian erregistratzen diren. Gaur egun Bitcoin bezalako txanpon digitaletarako erabiltzen dira. Etorkizuneko mundu-ekonomia bloke-kateetan egindako transakzioetan oinarrituko da, eta gerta liteke hirugarrengoen erakundeak beharrezkoak ere ez izatea.

4. 2D materialak

Grafenoa bezalako material berritzaileak geroz eta ekonomikoagoak dira eta erabateko hobekuntzak eskain litzakete eguzki-energia eta aire-kutsadura kudeatzeko.

5. Ibilgailu autonomoak

Ibilgailu autonomo edo gidaririk gabekoen garapena asko lastertu da Tesla bezalako enpresekin, dagoeneko egiten baitituzte kontsumitzailearentzako modeloak. Litekeena da ibilgailu erdi autonomoak masan ekoizteko moduan egotea espero zena baino lehenago.

6. Organoak txip-etan

Txip-etako organoak miniaturazko modeloak dira, benetan giza organoen maila eman dezaketenak, horrela botika berriak zehaztasun handiagoz probatu ahal izateko, proba horiek animaliekin egin gabe.

7. Perovskitazko eguzki-zelulak

Eguzki-zelula mota berria da, energia sortzeko askoz eraginkorragoa. Eguzki-zelula hauen garapen lasterrak energia garbiaren iturri fidagarri bat eman lezake mundu osoan.

8. Adimen Artifizialeko (AA) ekosistema irekia

Hizketa, testua, finantza-portaera eta osasun-baldintzak interpretatzen dituzten AAko teknologiak laster izango dira laguntza emateko gai, giza laguntzaile pertsonal batek ematen duen besteko laguntza edo handiagoa.

9. Optogenetika

Optogenetikarekin, neurozientzialariek neuronak aktibatu eta desaktibatu egin ditzakete era selektiboan aurrekaririk gabeko zehaztasun mailaz. Osasunaren Mundu Erakundeak kalkulatzen du buru-nahasmenduek lau pertsonatik bati eragiten diotela munduan, epe luzerako ondorioekin gizabanakoentzat eta gizarteentzat. Optogenetikak eragin iraultzailea izan dezake buru-nahasmenduen tratamenduan, adibidez, epilepsiaren eta Parkinson gaitzaren tratamenduan.

10. Sistema-ingeniaritza metabolikoa

Klima-aldaketarekiko eta erregai fosilen mendekotasunarekiko kezkak oinarri biologikoa duen ekonomia ari dira sortzen. Era seguruan eta arazo etikorik gabe eduki daitezkeen mikroorganismoak “biofaktoria” gisa ari dira erabiltzen produktu kimikoak eta material iraunkorrak ekoizteko, karbono-aztarnarik gabe ingurumenarekiko adiskidetsuagoak izango diren produktuak ekoizteko.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago