Pokemon Go Nintendo-ren aplikazio mugikor berria da, konpainiaren akzioen balioa %85 handitzea lortu duena astebete baino gutxiagoan. Baina, zenbat denbora behar izan da aurrekaririk gabeko arrakasta hau sortzen, dagoeneko Twitter-ek baino erabiltzaile aktibo gehiago dituelarik? Horren sortzailea izan zen John Hanke-k bere bizitzako 20 urte baino gehiago inbertitu ditu Pokémonak ehizatzeko joko hau sortzen, eta orain bere lehen astean bakarrik 10 milioi deskarga baino gehiago izan ditu.

Santi Pisonerok, PR4ko zuzendariak, errealitate birtualak pertsonei nola eragingo dien aztertu du ondoren euskaratuta ematen dugun artikuluan: “Los Pokemon y la socialización tecnológica” (Pokémonak eta teknologiaren sozializazioa).

“Urteak dira errealitate areagotua asmatu zela, teknikoki posible eta eskuragarria dela, baina ez da eklosionatu, ferietan bakarrik ikusi izan dugu… orain arte. 90eko sorkari batzuk, Pokémonak, izan dira lozorroan zegoen lehergailuaren –hots, errealitate areagotuaren– detonagailuak. Laster, bere mugikorraren bidez munduari begira dabilen jendea ikusiko dugu gure kaleetan, eta ez bizitzako alderdi funtsezkoren bat hobetzeko, baizik eta Pokémonen baten bila.

Pokémonek arrakasta izan dute beste askok porrot egin duten lekuan. Ludikoari duen garrantzia eman behar zaio: guztia.

Hasieran ergel hutsak emango dute, baina gero ez. Teknologia eta moda onartzea horrela egiten da: erabilera publikoak masa kritiko bat lortzen duenean (herritarren %13 ingurukoa) ezohikoa ohiko bihurtzen da. Hori gertatu zen entzungailuekin eta telefono mugikorrekin… eta hori gertatuko da smartphonea geiger detektagailu bat balitz bezala eramatearekin, eta hori gertatuko da zeregin hori errazten duten gadget-ekin. Betaurreko batzuekin, adibidez.

Errealitate areagotuak aukera eskaintzen du jendeak eragin-truke hobea izan dezan ingurunearekin, eta horregatik pentsatzen zen horretarako zailtasun bereziak dituztenak (ezgaitasunen bat dutenak) izango zirela lehenengoak teknologia hau onartzen ─“premiak behartuta”, “nabilela bero…”─ eta, benetan, joera-sortzaile bihurtuko zirela. Baina hori ez da oraindik gertatu. Agian ez da kanalizatu premien benetako eskaera, edota berrikuntza ez da erabiltzaileagandik egin, edota “prototipoak prototipoegi izan dira” (Enrique Dans: 2014), edota agian eragozpen gehiegi dugu buruan kalean onddo-kapelarekin joaten lehenengoak izateko, adibidez.

Joko bati esker, oso litekeena da errealitate areagotuko betaurrekoak gure paisaiaren parte bihurtzea, eta jendea ez lotsatzea horiek jantzita, eta horiengatik ordaintzea; eta orduan horien garapen eta aukerak esponentzialki gehituko dira, interesgune izango baitira diseinatzaile eta garatzaileentzat.

Orain Pokémon tsunamia aprobetxatu beharra dago, eta errealitate areagotua izan dadila gizarte-berrikuntzarako tresna, irtenbideak eskainiz zentzumen- eta ezagutza-mugak dituzten pertsonentzat, bizitza aktiboa bultzatzeko, beste sozializazio-era batzuk bideratzeko… Eboluziona dezagun, Pokémon tankerara.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago