“Euskadik erabat aprobetxatu ditu RIS3 Espezializazio Adimendunaren Estrategiak aurkezten dituen aukera guztiak eskualdeko berrikuntza-sistema eta bere estrategia berrikusi eta eraberritzeko”. Europako funtsak eskuratzeko ariketa teorikoa izatetik urrun, euskal RIS3-ren diseinu eta garapena oso zehatza izan da, Europako Batasunean besterik ikusi ez dugun bezalakoa, eta hori Eusko Jaurlaritzaren konpromiso politikoari eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko bazkideen lankidetzari egotz dakioke”.  Horixe da “Implementando RIS3: el caso de Euskadi” txostenaren ondorio nagusia, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzarentzat Kevin Morgan ikertzaile independenteak eta Orkestrako kide diren Maria Jose Aranguren eta James Wilson-ek egina eta ofizialki joan zen ekainaren 8an Donostian aurkeztua.

Txostenak Euskadiko Espezializazio Adimendunaren Estrategia inplementatzeko prozesua ebaluatzen du, Jaurlaritzako, negozio eta ikerketa arloetako eta zenbait dokumenturen prozesuan eta analisian zuzenean inplikaturiko beste eragile batzuen artean 35 pertsonari egindako elkarrizketen bidez. Espezializazio Adimendunaren Estrategiak (RIS3 ingelesezko siglen arabera) lehiarako euskal abantailak fokalizatzen ditu globalki lehiatzeko (fabrikazio aurreratua, energia, biozientziak/osasuna, elikadura, sortze-industriak, ekosistemak eta hiri-habitata). Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean jasota dago, eta Plan horren helburua euskal gizartearen ongizatea, hazkunde ekonomiko iraunkorra eta enplegua hobetzea da.

Txostenak bi gertakari garrantzitsu ditu ardatz: eskualdeko gobernantza-mekanismoetan eta ikuspegi partekatuan sakontzea, baita aurkikuntza ekintzaileko prozesuen estimulua ere. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea berrantolatzea gainditu behar izan den erronka nagusietako bat izan da, Sarea hazia baitzen konplexutasunean eta dentsitatean azken 30 urteetan.

Egonkortasun eta aldaketaren, jarraitutasun eta berrikuntzaren arteko oreka azpimarratzen da, eragileak eboluzionatzera bultzatuz sisteman eragile berriak sartuz. Bereziki nabarmentzekoa da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseilu berriaren arintasuna eta eraginkortasuna: ikuspegi fresko eta anitzak hartzen ditu kide berriak barneratzeari esker, eta aldian behingo bileretan aholku ematen dio Jaurlaritzako lehendakari, sailburu eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako mandatariaren Kontseiluari.

Estrategia hau etorkizuneko eskakizunetara egokitzen dela ziurtatzeko, erronka nagusiak identifikatu dira, baita horiei nola aurre egin ere, lidergo partekatu eta banatuaren bidez.

Etorkizun dagoenari begira, argitalpenak dio “Euskadik askoz gehiago lor dezakeela iraganaren gainean eraikiz eta lankidetzan lan eginez, egindako lana kareletik bota eta hauteskunde-ziklo bakoitzean hutsetik hasita baino”. Halaber, RIS3-k arrakasta izaten jarrai dezan, sinplifikatu egin behar dela gomendatzen du, lankidetza areagotu eta baliabideak eta helburuak orekatu, oso kontuan izanda lankidetza horren emaitzetan fokalizatu beharra dagoela.

Txostenak euskal esperientziaren azterketa izan nahi du, Europar Batasuneko beste eskualde batzuentzat ere suspergarri eta ikasgai erabilgarri izan dadin.

Txosten osoa hemen ikus daiteke.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago