Joan zen ostegunean, ekainaren 23an, Japonia, Espainia eta Euskadiko adituek, lehen aldiz Euskadin, lankidetzarako aukerak erakutsi dituzte I+G+b proiektuetan, hondar-beroa aprobetxatzen laguntzeko, galdu egiten baita manufaktura-industriaren fabrikazio-prozesuetan, eta nazioarteko erronka da lurralde horietako industriari eragiten diona. Lankidetza horiek sustatzeko, bi herrialdeen artean elkarlanean egindako proiektuak finantzatuko ditu Japan-Spain Innovation Program (JSIP) lankidetza-programak, kasuen arabera, finantza daitekeen aurrekontuaren %50eraino irits daitezkeen zuzeneko diru-laguntzen bidez.

1. WS Effective use of thermal energy in industry_JSIP from Innobasque -Berrikuntzaren Euskal Agentzia

Euskadiko Calor proiektua eta Japoniako TherMAT gaur aurkeztu dira I+G+b lankidetza publiko-pribatuko ekinbideen adibide gisa.

“Energia termikoaren erabilera eraginkorra industrian” jardunaldia Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean dagoen Euskaltelen egoitzan egin da, eta Garapen Teknologiko Industrialeko Zentroak (CDTI), Japoniako agentzia homologoak (NEDO) eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatu dute, Energiaren Cluster, CIC Energigune, Euskaltel eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. Ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, erakunde horien, IK4 Research Alliance eta Tecnaliaren ordezkariek. Bestalde, NEDO buru duen japoniar ordezkaritza Mitsubishi, Mino Ceramic, Panasonic, Hitachi, Furukawa eta Industria-Zientzia Aurreratu eta Teknologiako Japoniako Institutuko ordezkariek osatzen dute.

Teknologia eta Energia Berrien Garapenerako Erakundea (ingeleseko siglen arabera, NEDO) Japoniako erakunderik handiena da ikerketa, garapen teknologiko eta proiektu-demostraziorako,  eta bere aurrekontua 1.050 milioi euro ingurukoa da. Erakunde honek 100 milioi euroko aurrekontua du 2022ra arte gastatzeko, hondar-beroaren energiaren erabilera eraginkor eta berritzaileari loturiko teknologiak garatzeko honelako arloetan: bero-metatzea, isolamendu termikoa, hondar-beroa berreskuratzea, beroaren kudeaketa, oinarrizko teknologia, bero-ponpak eta bihurketa termoelektrikoa.

11. WS Effective use of thermal energy in industry NEDO from Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia

Galdutako beroa berreskuratzea aukera handia da, energia termikoa, orain arte alferrik galdua, negozio-aukera berriak sortzeko baliabidea izan daitekeelako. Europan, energia-eskariaren %70ek helburu termikoak ditu, eta heren bat eguratsera botatzen da bero-galera bezala. Galdaketa, forja, altzairu edo zementua bezalako industria-prozesuek sorturiko beroaren %35 eta 50 artean galtzen dute.

2. WS Effective use of thermal energy in industry Altran from Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia

Euskadin, Calor Proiektuak, Innobasquek bultzatua eta hainbat industria-arlotako 75 erakunderen inplikazioa duenak, industria eraginkorrago eta errentagarriagoa bilatzen du soluziobide integralen bidez, balio erantsi handiko sektore anitzetara iristeko eta nazioartean merkaturatzeko gaitasunarekin. Gaur ezagutzera eman den bezala, 180 milioi euro aurreztu ahal izango lirateke urtero, euskal industriak galdutako hondar-beroaren diru-balioa, eta ingurumen-eraginari dagokionez 900.000 tona karbono-dioxido gutxiago sortuko genuke, ia milioi bat europarrek hilero eguratsera botatzen duenaren baliokidea. Gainera, negozio berriak eta enpleguak sortzen lagunduko du energia-kudeaketa industrialean eta zientzia- eta teknologia-gaitasunak hobetuko dira lehentasunezko eremu batean, nola baita fabrikazio aurreratua Euskadirako.

 

5. WS Effective use of thermal energy in industry_CALOR Project from Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia

Calor proiektua Basque Industry 4.0 (Fabrikazio Aurreratuko Estrategia) eta Energibasque 2.0-ren (Energia Estrategiaren) esparruan identifikaturiko ekinbide estrategikoa da, eta hauek Euskadiko espezializazio adimendunaren (RIS3) estrategian lankidetza publiko-pribatuko guneak dira, estrategia honek ardazten dituelarik euskal onurak globalki lehiatzeko.

Bestalde, japoniarrek TherMAT ekinbidea ezagutarazi dute, teknologia eta materialak ikertzeko proiektua energia termala murriztu, berrerabili eta birziklatzeko bero-metaketaren, termoelektrizitate edo bero-ponpen bidez, industria-planta, automobil edo eraikinetatik datorren hondar-beroa berreskuratzen dutenak. Japoniarentzat ─ Thomson Reuters indizearen arabera, munduko 100 konpainia berritzaileenetako 40 dituen herrialdearentzat─ funtsezkoa da bero-galera murriztea.

4. WS Effective use of thermal energy in industry_AIST_Hirano from Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia

Honela, Japoniak bere BPGren %3,87 inbertitzen du I+G-n, 28 herrialdeen Europak %2,02 inbertitzen du, Espainiak %1,23 eta Euskadik %2,03. Gainera, Asiako herrialdean, kopuru horren %80 baino gehiago arlo pribatuak finantzatzen du, Europan eta Euskadin %57, eta Espainian %51,2.

“Energia termikoaren erabilera eraginkorra industrian” jardunaldiari Alberto García Erauzkinek, Innobasqueko presidenteak, eman dio amaiera. Topaketa honetan, baita ere, sakon aztertu dira industria-labe, metaketa termiko eta hondar-beroaren atzemate eta balorizazioko teknologietan egindako aurrerapenak.

Japoniako ordezkaritzak bihar, ostirala, FYM-Italcementi Group, Tubacex eta CiC EnergiGUNEren instalazioak ikusiko ditu, teknologian eta ikerketan egindako aurrerapenak ezagutzeko. 

Jardunaldiko aurkezpen guztiak esteka honetan ikus ditzakezu, eta argazki guztiak beste honetan. 

Partekatu albiste hau