Industria-fabrikazioko prozesuetan ─galdaketan, forjan, siderurgian, paper edo zementugintzan─ sorturiko beroaren %35 eta %50 artean galdu egiten da. Hondar-bero hori eraginkortasunez berrerabiltzeak urtean 180 milioi euroraino aurreztu dezake Euskadin bakarrik. Testuinguru honetan sortu da Calor proiektua, Basque Industry 4.0 eta Energibasque 2.0-ren esparruan identifikaturiko ekinbide estrategikoa, eta hauek Euskadiko espezializazio adimendunaren (RIS3) estrategian lankidetza publiko-pribatuko guneak dira, estrategia honek ardazten dituelarik lehiarako euskal abantailak globalki lehiatzeko. SPRI, Energiaren Cluster, EVE/EEE, CIC EnergiGUNE eta Ihoberekin lankidetzan Innobasquek bultzatua, programa honek industriaren hondar-beroa aprobetxatu nahi du eraginkortasun eta errentagarritasun handiagoz, eta datorren ekainaren 23an Bizkaiko Teknologia Parkean egingo den lan-jardunaldian aztertuko da. 

Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan, Industria eta Teknologia Garapenerako Zentroak (CDTI) eta horren Japoniako homologoak (NEDO) antolatuta, The Effective Use of Thermal Energy in Industry workshop teknologikoaren seigarren edizioa da hau.

Espainia, Japonia eta Euskal Herriko enpresa eta erakunde garrantzitsuen parte-hartzearekin, lan-saioan industriako hondar-beroaren ustiapenaren egoera  eta Espainia, Japonia eta Euskal Herrian gauzatzen diren I+G+b ekinbideak ezagutuko dira, 3 teknologia-gai zehatz aztertuko direlarik: labe industrialak, metaketa termikoa eta hondar-beroa bildu eta balorizatzea, eta horien inguruko garapenak eta teknologiak aurkeztuko dira. Japoniako ordezkaritza Europara egindako bidaiaz baliatuko da euskal enpresen zenbait instalazio ikusteko.

Jardunaldi hau Espainia eta Japoniaren arteko Teknologia Lankidetzarako Aldebiko Programan sartzen da (JSIP-Japan Spain Innovation Program), baldintza onuragarriak eskaintzen dituelarik I+G+b-ko lankidetza-jarduerak finantzatzeko, eta beraz sortzen diren lankidetza-egitasmoek CDTI eta NEDOren babesa eskatu ahal izango dute.

Bertaratzeko beharrezkoa da erregistratzea esteka honetan.

Partekatu albiste hau