Gazteria etorkizuna da, biharko norabidea markatuko duen aldaketa-eragilea. Berrikuntzaren benetako izarrak dira gazteak. Datorren ekainaren 14ko Global Innovation Day-n horietako batzuen istorioa ezagutzeko aukera izango da; beren egitasmoen bidez ezberdintasuna markatzen hasi diren pertsonak dira, eta, hala ere, merezi duten ospe eta entzuterik ez dutenak; adibidez, Legoñazpi Day sortu duten Begoñazpi ikastolako Bigarren Hezkuntzako ikasleak; egun horretan ikastetxea bere ikasleek kudeatzen dute, zientzia eta robotikako lehiaketa antolatzen dute eta laguntzaile asko tartean sartzea lortzen dute. Nola egiten duten azalduko dute, eta esperientzia honek zelan eroan dituen beste eszenatoki batzuk ezagutzera.

Aurrekoekin batera, Global Shapers Bilbaokoak izango dira, World Economic Forum-aren inguruan sortuak; hauek beren inguruneak aldatzeko berebiziko ahalmenak, lorpenak eta bulkada dituzten gazteek sortu eta zuzenduriko komunitatea osatzen dute. Babesle dituzte Coca-Cola, Reliance Industries eta The Abraaj Group. Mundu osoan 452 hub daude, eta 5.000 shaper baino gehiago 169 herrialdetan konprometituta.

Horien ondoan, 5 days to dance-ko gaztetxo dantzariek beren istorioa kontatuko dute, eta nola egun batean Holandako Wilfried van Poppel eta Donostiako Amaia Lubeigt koreografoak ezustean sartu ziren beraien Donostiako Institutuan, ikasleei iragartzeko bost egunez koreografia bat prestatu behar zutela astearen bukaeran jendaurrean antzezteko. Prozesuaz dokumental bat egin zuten.

Hezkuntza-errutina hausteak eta metodoaren eraginkortasunak iraultza txiki bat sortu dute irakasleen artean. Esperientzia etengabe erreproduzitu da hainbat zentrotan.

12Nubes Esperientzia pedagogiko integrala da, hezkuntza-ekintza mundu birtualean eta ekintza mundu errealean, edo hezkuntza formala eta ez formala, uztartu nahi dituena, hurbileko pertsonen sare batetik abiatuta. Ekinbide hau Gasteizko auzo bateko Institutu bateko DBHko ikasle nerabeen talde baten inguruan sortutakoa da, eta ekintza nagusia “Nubes de tiza” liburuaren ulermenezko irakurketan oinarritzen da. Elkarlanean bultzatzen dute Gasteizko Kaleko Hezkuntzarako Udal Programak eta J. Manuel Septien eleberriaren egileak. Gasteizko Udalaren babesa du.

Legoñazpi Day, Global Shapers Bilbao, 12 nubes eta 5 days to dance Smart People hitzaldi-panelaren parte dira.

Global-erako izena ematen dutenek beste 3 hitzaldi-panel ere aukera ditzakete:

Smart Enterprises: 4.0 industriak Euskadirentzat dituen lanbide-aukeretan sakonduko du, eta nola eragingo dien erabiltzaile eta profesionalei. José Luis Cordeiro-k parte hartuko du; hau Energia irakasle eta aholkularia da, eta Singularity University-n eta Silicon Valley-n dabil irakasle eta aholkulari-lanetan.

Smart Living: etorkizuneko hirien erronkak aztertuko dira eta horiek izango duten eragina biztanleak bizitzeko, harremanak izateko eta lan egiteko moduan. Parte-hartzaileak: Francis Pisani, blogaria, irakaslea eta aholkularia. Munduan zehar egindako bidaia ugarietan ezagutza sakona lortu du hiri-ereduei dagozkien berrikuntzetan, jendearen bizitza aldatuko dutenetan. “Voyage dans les villes inteligentes: entre datapolis et participolis”en egilea da. Hiri adimendunen eta herritarren parte-hartzearen aztertzailea da. Euken Sesé, Donostia Sustapena-ko zuzendari nagusia da eta Donostiako Plan Estrategikoaren sustatzailea, Londresko Hirigintza Akademiak Europako Hiri 2016 aukeratua. Mara Balestrani, Ideas for Change-ko ikerketa-zuzendari eta bazkidea; hirietarako esku-hartze teknologiko parte-hartzaileetan espezialista. Pilar Cones, Anteverti-ko sortzaile eta zuzendaria, eta Smart City World Congress-eko zuzendaria. Smart citizens izango du hizpide.

Smart Innovation: Europako berrikuntzaren lider edo erreferente nagusiek berrikuntza-joerak eta horien aplikazio praktikoena azalduko dituzte, baita horietatik ondorioztatzen diren aukera edo abaguneak ere. Parte-hartzailea Martin Duckworth izango da, futurista eta aholkulari estrategikoa Sami Consulting-en; “Strategic Foresight: the Third Strategic Programme of H2020” txostena aurkeztuko du, Europako programa handi honen hirugarren fasea aztertzen duena.

Azkenik, Toby Shapshak hegoafrikarrak, Stuff aldizkariaren editoreak eta Forbes.com-en kolaboratzaileak, berrikuntzari buruz astero zutabe bat idazten duelarik, Europako kontinentearen beste ikuspegi bat emango du Afrikako ikuspegitik.

Innobasque sareko ehunen bat erakundek Global Innovation Day-ren bosgarren edizioa egingo dute Bilboko Euskalduna jauregian. Milaka berritzaile batuko dira bertan 58 proposamen berritzaileren inguruko txokoetan, eta aukera izango da 28 lantegi edo tailerretan parte hartzeko, Berrikuntzaren Campus bat osatzeko edo aipaturiko 4 hitzaldi-panel horietakoren batera joateko.

Argibide gehiago hemen. Izena emateko, egizu klik hemen.

Deialdiak honako hauen laguntza du: BBK Fundazioa, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskaltel Fundazioa, Eusko Jaurlaritza eta Iberdrola. Halaber, ekinbidean laguntzaile dira Aernnova, Begoñazpi Ikastola, Bilboko Elizbarrutia, Estrategia Empresarial, Euskotren, Ikashub, IK4 Research Alliance, Innovation Today, Interempresas, Lantegi Batuak, Mondragon Unibertsitatea, Protón Electrónica, Suuma eta Tecnalia. 

Partekatu albiste hau