“Unibertsalki onartua dago berrikuntza funtsezkoa dela lehiakortasuna hobetzeko, eta huts egiteko arriskurik gabe esan dezakegu berrikuntzaren orduan bizi garela”. Zientzialari hauek ─Mikel Lezaun, UPV/EHUko Matematika Aplikatuko katedradunak;  José Antonio Lozano, UPV/EHUko Konputazio Zientzia eta Adimen Artifizialeko katedradun eta BCAMeko ikertzaileak;  eta Luis Vega, UPV/EHUko Matematika Analisiko katedradun eta BCAMen zuzendariak─ horrela  baieztatzen dute ondorengo artikuluan, non matematikaren eginkizuna errebindikatzen duten eremu honetan, benetako arazoak konpontzeko balio du eta.

“Joseph A. Schumpeter austriar-estatubatuar ekonomialariaren hitzetan, berrikuntza da produktu eta zerbitzu, prozesu edo hornikuntza-iturri berriak eta industria-antolaketan aldaketak etengabe sartzea, bezero, kontsumitzaile edo erabiltzailearengana orientatuta. Bestalde, Michael Porter-en arabera, nazio baten lehiakortasuna bere industriak berrikuntzarako eta hobekuntzarako duen gaitasunaren araberakoa da. Enpresak berrikuntzen bidez lortzen du lehiarako abantaila. Bi aipu hauek justifikatzen dute artikulu honen izenburua. Unibertsalki onartua dago berrikuntza funtsezkoa dela lehiakortasuna hobetzeko, eta huts egiteko arriskurik gabe esan dezakegu berrikuntzaren orduan bizi garela. Aldi berean, berrikuntzak ezagutza edo jakintza berri baten erabilera inplikatzen du edota dauden ezaupideen konbinazio berri bat, eta hori kasu asko-askotan matematikaren emaitza da. Egia esateko, industria, osasun, garraio, energia, logistika, komunikazio, informatika, finantza eta abarretan produktu, prozesu eta antolaketa-forma berri askoren jatorrian eta garapenean dauden osagaiak dira matematikaren aplikazioa eta matematika-tratamendua.

Zerbait ezberdina edo era ezberdin batean egitea eskatzen duen erronka baten aurrean, funtsezkoa da pentsatzea hori gauzatzeak berekin duen zailtasuna ez dela gaindiezina. Kasu askotan, enpresak ez dira ausartzen soluziobide berritzaileak hartzen, uste dutelako planteatzen zaien arazoa konpontzea ez dagoela beraien esku. Eta matematikak hor eskain ditzake aukerak, zuzenean berrikuntzan eta ondorioz lehiakortasunean eragiten dutenak. Matematika berrikuntzaren beharrezko, batzuetan ezinbesteko, aliatua dela barneratu behar dute enpresek, eta matematikariok prest gaudela beraien proposamen eta erronketarako irtenbideak aurkitzen inplikatzeko.

Euskal Herrian badira matematikariak eta matematikak arazo “errealetan” lan egiten dutenak, berrikuntza-proiektuetan murgilduta industria, teknologia, ekonomia eta osasunaren hainbat arlotako enpresekin. Adibide gisa, eta gurea bezalako gizarte aurreratuetan osasunari buruzko guztia gero eta garrantzitsuagoa denez, bai ekonomiaren aldetik eta bai laguntzaren kalitate eta berdintasunaren aldetik,  Osakidetzaren mendeko zentroen eta matematikaren arteko hiru lankidetza-kasu arrakastatsu erakutsiko ditugu: Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa (CVTTH), Donostia Unibertsitate Ospitaleko Laguntza Bidezko Ugalketa Unitatea, eta Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratua. Lehenengo biak UPV/EHUk egin ditu eta hirugarrena BCAMek.

CVTTHrekiko proiektuak odol-plaketen kontzentratuen ekoizpenaren optimizazioa izan du helburu. Produktu garestia da, iraungitze oso laburrarekin, bost egun, eta ziur jakin ezin den eskaera asebete behar du berandutzarik gabe. Bere aplikazio praktikoaren emaitza aurrezki ekonomiko garrantzitsua da eta transfusioen kalitatearen hobekuntza, iraungitzeak %70 murrizten baitira eta egun bat gutxitzen da isuraldaturiko plaketen batez besteko adina. Donostia Ospitalearekiko proiektuak laguntza bidezko ugalketa-tratamenduen arrakasta hobetzeko balio izan du, transferitu aurretik obozitoen ontasuna iragarriz. Galdakao-Usansolo Ospitalearekiko lankidetza osasunari lotutako bizi-kalitateari buruzko galdeketen puntuazioen metodo estatistikoen bidezko iragarpenean zentratu da, eta hori eragin handiena duten faktoreak zehazteko helburuaz kolon-ondesteko minbizia diagnostikatua duten gaixoengan.

 Erakutsitako arrakasta-kasuek puntu bat dute komun: datu historikoak erabiltzea. Gaur egun datuak dira lehengaia, eta hor oinarritzen da matematika arazo erreal gehienak konpontzeko. Datuen erabilgarritasuna funtsezkoa da eta enpresek eta herri-erakundeek horretaz jabeturik egon behar dute, merezi duten balioa emanez, eta matematikarien eskura jarriz planteatzen diren galderentzako erantzunak bila ditzaten, eta batez ere burutik sekula pasa ez zaizkien galdera horientzat.

 Konbentziturik datuek jokatzen duten zeregin handiaz eta hau hasi besterik ez dela egin, BCAMek eta UPV/EHUk Data Science-ko ikerketa-ildo estrategikoak garatzearen alde egin dute, matematika aplikatuak ibilbide zabala baitu eremu horretan. Dena den, esan beharra daukagu gaur egun ez dagoela komunikazio-kanalik ikerketa-zentroen eta enpresa-ehunaren artean, merkatuaren benetako premia edo beharrizanak konpontzera bideratutako ikerketa errazten duenik. Paradoxa bat gertatzen da honela: Datu Zientzia garatzen da, baina datu errealen erabilera mugatuarekin. Testuinguru honetan, UPV/EHU eta bereziki BCAM dira, beren ikerketa-ahalmen handiagatik, prestaturik dauden erakundeak ikerketa aplikatuko zeregin hau betetzeko. Biak dira berrikuntza garatzeko funtsezko aktoreak industriaren zerbitzura, zentzu zabalean ulertuta, eta lankidetzak zehaztu eta datuak partekatzera animatzen dituzte enpresak, Data Science arloan ikerketa teorikoak nahiz soluziobide praktikoak bultzatzeko”.

Partekatu albiste hau