Innobasqueren Astearteek 50 edizio izan dituzte. Hileroko deialdi honetan Innobasquek berrikuntzaren protagonistak batzen ditu, euskal berrikuntza agenda publikoan jartzen duen dibulgazio-foro ireki batean. Jardunaldi hauetan Berrikuntzaren Euskal Sistemaren parte diren erakundeen jardunbide egokiak eta egitasmoak ezagutarazten dira.

5.000 pertsona baino gehiago izan dira Innobasqueren Astearte hauetan 2016ko urtarrilera arte. Guztira 402 euskal erakundek hartu dute parte hizlari gisa jardunaldi hauetan, non oso gai ezberdinak jorratu diren berrikuntza-jardunbide egokien bidez. Horietako batzuk hauek izan dira: berrikuntza kirolean edo osasuna, neurozientzia, adinaren kudeaketa erakundeetan, berrikuntza irekia, elkarlaneko ekonomia, dibulgazioa edo hezkuntza-berrikuntza. Zientzia eta teknologiari lotuago dauden gaietarako lekua ere izan da, adibidez, patenteei buruzko Astearteak, smart city-ak, ingeniaritza, matematika edo robotika.

Proiektua berrikuntzaren hileroko hitzordu bat bihurtu da Euskadin: bertan proiektu aitzindariak aurkeztu dira eta ikusgaitasuna eman zaie eragin handiko ekinbideei.  Adibidez, Kiro Robotics enpresaren Kiro Oncology ospitale-farmaziarako robota, kimioterapian zain barneko botikaren prestakuntza automatizatzeko gauza dena eta produktu hauekin kontaktuan dauden osasun-profesionalentzako arriskua minimizatzen duena. “Gaxure” elikadura-produktu berria, I+G Leartiker zentroak esne-gazura, ikertzaileek eta teknologoek berriz  balioztatzea lortu duten hondakina, erabiliz egina.

Innobasqueren 50 Astearte hauetan ahotsa eman zaie enpresa handi, ETE, hirugarren sektoreko erakunde, herri-administrazio, gizarte-erakunde eta zientzia- eta teknologia eragileen profesionalei. Kutxabank, Deustuko Unibertsitate, Eusko Jaurlaritza, hiru Foru Aldundi, Idom, BBVA, UPV/EHU, Ekonomialarien Euskal Elkargo, BCAM, Tecnalia, Donostia Sustapena, Gasteizko Udala, Easo Politeknikoa, Spri edo Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniarien Elkargo Ofiziala dira kolaboratzaile-zerrenda luze honetakoak. Ekintzaile berritzaileek ere izan dute tarte bat beren enpresa-proiektuak aurkezteko. Gik eta bere ardo urdinaren kasua da, edo Hermeneus-en online azokarena, elikaduraren arloan.  Zerbitzu-robotikan Drone by drone eta Bizintek, eta marketinaren eremuan Ticket bis euskal enpresa, 30 herrialde baino gehiagotan dagoena, adibideetako batzuk besterik ez dira.

Aintzatespena eta eragina

Astearte hauek berrikuntzaren zabalkundeko jardunbide egokiaren aintzatespena jaso zuten 2010. urtean Bankinter Berrikuntza Foroaren aldetik. Publikoak ere saritu du gure foroa bere leialtasunarekin. Innobasqueren Astearte bakoitzean 100 pertsona izan dira batez beste, eta eman dioten gogobetetze-kalifikazioa 7,6 puntukoa izan da.

Baina ekitaldiarekin berarekin lorturikoaz haratagoa doa eragina. Innobasque-ren webgunean 20 argitalpen daude Astearte horien emaitza gisa, eta interesatuek doan eskura ditzakete. Gainera, eduki irekiak eta eskuragarriak sortzen dira: jardunaldien ikus-entzunezko materiala Youtuben (30.000 erreprodukzio) eta aurkezpenak eta txostenak Slideshare-n aurkeztuak (85.000 aldiz ikusiak), baita argazkiak Flickr-en ere.

Partekatu albiste hau