Wiki Toki Elkarteak, Fiare Euskadi proiektuari laguntzeko elkarteak eta Ulia auzo-elkarteak jaso dituzte “Elkarlan sariak”. Sari hauek gizarte-eragileen parte-hartzea sustatu nahi dute, eta gardentasuna eta herritarrei entzutea eta kontsultatzea bultzatu ere bai, eta gaur goizean banatu dira. Ekitaldian izan dira: Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Herri Administrazio eta Justizia sailburua, Luis Petrikorena eta Javier Bikandi, lehena Gobernu Irekiaren zuzendaria eta bigarrena Herritarren Arretarako eta Administrazioaren Berrikuntza eta Hobekuntzarako zuzendaria. Parte-hartze eta gardentasunari buruzko eskuliburuak aurkeztu dira bertan: “Bidaiarako Gida. Parte-hartzea. 100 esplorazio, hurbilketa eta ibilbiderako orientabideak” eta “Gardentasunean Ontziratuko gara”. Bi argitalpenak doakoak dira, online formatuan euskaraz eta gaztelaniaz daude deskargatzeko moduan Eusko Jaurlaritzaren web-orri ofizialean: www.euskadi.eus, baita beherago ere.

 

Elkarlan sariak

Sarien lehenengo edizio honetarako hiru gizarte-erakunde saritu dira 6.000€rekin, eta horretarako alderdi hauek baloratu dira: aritzen diren esparruan horien proiektuek zer eragin duten, izaera berritzailea, eredugarri izatea eta antolatu zein jarduteko gaitasuna. Honako hauek dira: 

– Wiki Toki Elkartea: Bilboko San Frantzisko auzoko elkarlaneko jardueren laborategi bat da. Harreman-era berriak esperimentatzen dituzte; profesionalen eta amateurren arteko, gizarte zibilaren eta agente publiko eta pribatuen arteko hibridazioa eta/edo baterako sorkuntza (diziplina eta esparru ezberdinen artean). Harreman, antolamendu, ikerketa, sorkuntza, ekoizpen eta kontsumo era berrien inguruan esperimentatzeko aukera dela azaltzen dute bultzatzaileek.

– Euskadin Fiare proiektua babesteko elkartea: Bestelako eredu finantzarioa eraikitzeko sortu zuten banka etikoko proiektu bat da. Prestatzen urte askoan egon ostean, gaur egun, Fiare Banka Etikoak argi erakusten du antolatutako herritarrak gizarte bidezko, kontziente eta arduratsuagoa eraikitzeko proposamen eraldatzaileak egiteko gauza direla. Finantza etikoak eta gizarte-ekonomia solidarioa bultzatzeko egiten duen lana nabarmentzen da.

Uliako Auzo Elkartea: Uliako (Donostia) antzinako udal-mintegiak berrerabiltzeko asmoz sortutako proiektua da, mintegi horiek herritarrek erabili eta gozatzeko moduko parke publiko handi bat bihurtzeko. Proiektuak 9 hilabete baino ez daramatza abian, baina erreferentea da jada Donostiako ingurumenaren eta kulturaren arloko jarduera-agendan.

Sarietara 59 ekinbide aurkeztu dira, honako bideo honetan ikus daitekeen bezala:

Argitalpenak

Bestalde, gaur aurkezturiko argitalpenek formatu original eta dibertigarria dute, bi bidaia-gida izango balira bezala aurkeztuta baitaude. Erraz eta modu atsegin batez irakurtzeko modukoak dira gai publikoetako parte-hartzera zein euskal erakundeen gardentasunera hurbildu nahi duen ororentzat. Bi gidek, era berean, bide-orri edo erabilera-eskuliburu ere izan nahi dute lan egiteko erak parte-hartzearen eta gardentasunaren eskakizun berrietara egokitzea erabakitzen duten EAEko administrazio publikoentzat.

Eusko Jaurlaritzak «Euskadiko Demokraziari eta Herritarren Parte-hartzeari buruzko Liburu Zuria»n hartutako konpromisoetan ageri dira, besteak beste, aipatutako bi eskuliburuak. Euskadiko administrazio publiko batek egin duen ezaugarri horretako lehena izan da liburu hori; 400 pertsona inguruk eta era guztietako 150 erakundek hartu zuten parte prestaketan.

“Bidaia-gida. Parte-hartzea. 100 esplorazio, hurbilketa eta ibilbiderako orientabideak”

Administrazio publiko guztiek abiarazi nahi duten edozein parte-hartze prozesu hasi, garatu eta ebaluatu ahal izateko gakoak biltzea du helburutzat «Bidaia-gida. Parte-hartzea. 100 esplorazio, hurbilketa eta ibilbiderako orientabideak» liburuak. Parte hartzeko prozesuaren fase guztiak zehaztu, zerrendatu eta azaltzen ditu, horietako bakoitzean nola jardun zehatz-mehatz azalduta, eta prozesuaren autoebaluaziorako eskuliburu bat ere jasotzen du. Eskuliburua «QR» irakurketa-kodeko formatu original batean ere badago jasota; horrek sareko hirugarren argitalpen batera eramango gaitu, eta parte-hartze esperientzia eraginkortasunez neurtzen irakatsiko digu.

Parte-hartzeari buruzko gidak 3 atal ditu:

– Bidaia prestatzea: parte hartzeko prozesu bati ekiteko oinarrizko eta beharrezko diren alderdiak hartzen ditu barnean; besteak beste, herritarren parte-hartzea arautzen duen egungo legedia, parte-hartzeari buruzko historia eta azkenaldiko adibideak, arriskuak, kontuan hartu beharreko neurriak eta parte hartzeko prozesua hasi aurretik sustatu beharreko baldintzak, bai eta horrelako prozesuen oinarrian egon beharreko balioak ere (hots, gardentasuna, komunikazioa, zintzotasuna, plangintza eta ebaluazioa).

– Bidaia: eragingo dugun errealitatea aztertzea eta kasuan kasu parte hartu beharreko eragileak zehaztea garrantzitsua dela nabarmentzen du, bai eta prozesua hasi aurretik horiek behar bezala informaturik egon beharra ere. Helburuak zehatzak, neurgarriak, lortzeko modukoak eta errealistak izan behar direla eta denbora-muga eduki behar dutela ohartarazten du.

– Bidaiaren ostean: parte hartzeko prozesua amaitutakoan, gizarteratzea ezinbestekoa da, ezagutaraztea, alegia; esperientziaren alderdi positiboak zein negatiboak, ikasitakoa eta ondorioak helaraztea, era horretan etorkizunean izan beharreko jardunbideak eta jarduerak finkatzeko. Herritarren ekarpenak eta gomendioak Euskadiko politika publikoen plangintza, inplementazio eta ebaluazioan jasotzeko gauza ere izan beharra dago, ahal den neurrian betiere, eta hori ezinezkoa denean, prozesuan parte hartu duten herritarrei gutxienez, justifikazio zehatza eman behar zaie.

Gardentasunean ontziratuko gara

Gida teknikoagoa da, langile publiko eta politikoentzat. Oinarrizko kontzeptu eta printzipioak argitzea du helburutzat, eta ideiak zein tresnak ematea kudeaketa publikoa gardenagoa izan eta herritarrei irekiago egon dadin.

Funtsezko honako alderdi hauek jorratzen ditu, besteak beste: datu publikoak nola tratatu egiaz erabilgarriak izan daitezen; herritarrek informazio publikoa eskuratzeko duten eskubidea bermatzearen garrantzia; administrazioak herritarrei erantzuteko epeak; datu pertsonalak babesteko betebeharra; gardentasun handiagoa egoteko aukera ematen duten antolamendu-ereduak; gardentasuna kontrolatzeko organoak, eta abar.

Partekatu albiste hau