Egoera Ekonomikoari buruzko txostenak, Confebask-Euskal Enpresaburuen Konfederazioak eginak, “hazkunde neurritsua izango duen krisi-ondoko egoera” planteatzen du Euskadirentzat 2016. urtean:

  1. Enplegua: Enpleguak hazten jarraituko du, eta langabeziak jaisten, baina 2015ean baino gutxixeago. Gizarte Segurantzan 18.000 afiliatu berri izango dira, eta langabezia-tasa %13raino jaitsiko da. 2015. urtea %14,5ekin amaitu zen.
  2. Hazkundea: Euskal ekonomiaren %2,6ko hazkundea aurreikusten du Confebaskek. 2015ean bigarren urtez ekonomia eta enplegua suspertu egin dira. Hazkunde horren alde egingo dute petrolioaren prezio apalak, euroaren kotizazio apalak eta finantzaketa-baldintzen hobekuntzak. Hazkunde handiagoa eragotziko dutenak, berriz, Espainiako ekonomiaren dezelerazioa, inbertsio-maila apala Europan, enpleguaren hazkunde txikia eta herri-finantzei jartzen zaizkien kortse edo muga estuak.
  3. Berrikuntza: Funtsezkoak dira apustu hauek: industriaren alde egitea, galdutako ehuna berreskuratzea, lehiakortasuna sendotzea, I+G+b arloan egiten den ahalegina bultzatzea, eta 4.0 industriara igarotzeko jendea prestatzea.
  4. Kontsumoa: Kontsumo pribatuak hazten jarraituko du, baina 2015ean baino gutxiago, eta kontsumo publikoan ere hazkundea apaldu egingo da defizit-helburuak betetzeko.
  5. Inbertsioa: Hazkundea %2,3raino azeleratuko da, ekipo-ondasunetan egindako inbertsioari esker, aurten %6,5 haziko baita finantzaketa-baldintzen hobekuntzagatik eta arin bada ere hazten ari den eskariari erantzun beharragatik.

Confebaskek aurreratu duenez, nazioarteko ekonomian hazkundearen azelerazio arina espero da 2016ean, hazkundea %3,5eraino hobetuko duelarik, 2015ean baino lau hamarren gehiago. Estatu Batuek, Europak eta Japoniak arin hobetuko dute beren hazkunde-erritmoa: %2,8, %1,8 eta %1,1, hurrenez hurren. Munduko merkataritza ahul haziko da, iaz baino gehixeago (%3,7, eta iaz %2,6 izan zen).

Txinak bere hazkundea apalduko du, eta hala ere %6,5 haziko da, 2015ean 6,8 hazi zelarik. Indiak hobetu egingo ditu bere datuak, eta %7,4raino haziko da. Bestalde, Errusiak eta Brasilek atzeraldian jarraituko dute, baina maila apalagoan.

Europarentzat azelerazio arina espero da aurten. Inflazioa 2015ean baino handiagoa izango da, baina oraindik oso txikia, %1 ingurukoa, lehengaien prezio apalengatik. Interes-tasak gutxienekoetan mantenduko dira, Europako Banku Zentralaren diru-politika hedakorragatik.

Azkenik, Espainia %2,5 haziko da, iaz baino puntu-erdi gutxiago, eta langabezia ere murriztu egingo da eta 1,8 puntu jaitsi; urteko batez bestekoa %20,4koa izango da, tasarik apalena 2010etik.

Partekatu albiste hau