First Lego League mundu osoan egiten da. Robotikako lehiaketa da, eta urte bakoitzean irtenbide berritzailea eman behar izaten zaio erronka global bati, ikerketaren eta metodo zientifikoaren bidez. Aurten erronka Trash Trek da, edo beste era batera esanda, hondakinak. Gazteek ikertu behar dute dute nola sortu hondakin gutxiago edo zelan birziklatu, baina baita ere batzuentzat hondakinak direnak beste batzuentzat baliabide baliotsuak izan daitezkeela, honela produktu, zerbitzu edota negozio berriak sortzeko. Horixe da ekonomia zirkularra.

FLL Euskadi-ren zazpigarren edizioa egiteko atzerako kontaketa hasia da dagoeneko. Hautaturiko data datorren abenduaren 12a da, eta lekua Euskaltelen egoitza, Zamudioko Zientzia eta Teknologia Parkean. Trebatzaileak ere prest daude. Atzo bildu ziren erronkaz, mahai berriaz, gazteek egiten duten robotaren misio edo zereginez hitz egiteko, eta berriro ere elkarrekin topatzeko.

FLL kirol-ekitaldi baten formatua duen lehiaketa da, 4  eta 16 urte arteko ikasleen zientzia- eta teknologia-bokazioak sustatzen dituena. Horrela esanda, ez da oso zirraragarria, baina protagonistek kontatuta, gauza aldatu egiten da:

Koldo Olaskoaga arbitro edo epaileen burua da. Easo Politeknikoko irakaslea ere bada, eta hezkuntza-robotikan aditua eta zale amorratua, “pentsamendua antolatzea eta beste zientzia-ezagupen batzuk lortzea ahalbidetzen duelako”. Trebatzaileak atzo elkartu zirela baliatuz, guk aurtengo edizioaz eta hezkuntza-robotikaz berarekin hitz egiteko baliatu genuen aukera.

Innobasquek 7 urte daramatza lehiaketa hau sustatzen, Berrikuntza Eskola ekinbidearen parte gisa. Laguntzaileak FLL Euskadi Tecnalia, IK4 Research Alliance, Euskaltel Konekta Fundazioa, Euskal Herriko Telekomunikazioetako Ingeniarien Elkargo Ofiziala, Aerospace School, Ausolan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila eta Bilbao Dynamics dira. Hauen laguntzarik gabe, ezingo litzateke egin.

Partekatu albiste hau