San José de Calasanz ikastetxea aukeratu du ELGE/OCDEk “Berrikuntza-ekintzailetzako jardunbide egoki” gisa, eta beraz munduko 15 ikastetxe onenetakoa da ekintzailetza sustatzen Lehen eta Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan. “Entrepreneurship to learning” da Santurtziko (Bizkaia) ikastetxearen proiektua, ELGE/OCDEren “Entrepreneurship 360” programaren arreta piztu duena, ikasleen artean pentsamolde ekintzailea sustatzea bilatzen baitu.

Kontuan izanda enpresa-munduan azken hamarkadan izandako teknologia eta erakunde arloko aldaketen dimentsioa eta abiadura, San José de Calasanz-ek Euskal Enpresa Konfederazioarekin (Confebask) lan egin zuen funtsezko trebetasunak identifikatzeko, ikasleek berengana ditzaten horiek ikaskuntzako metodo aktiboen bidez. Trebetasun edo gaitasunak honako hauek dira:

–          Pertsonen arteko negoziazioa

–          Arazoen konponbidea

–          Auto-ikasketa

–          Kudeaketa

–          Talde-lana

–          Erabakitzeko gaitasuna

–          Kudeaketa emozionala

Ikastetxea bere ikasleengan, LHko ikaskuntza-giroan, trebetasun teknikoak ez ezik lehen aipaturikoak ere sustatzen ari da, eta horiek aukerak gehitzen dituzte gero ikasle horiek beren negozioak sortu ahal izateko.

Erabilitako metodologia-programak networking-gaitasun handia eskatu du eta hainbat erakunderen lankidetza aktiboa. San José de Calasanz-ek 400 enpresa baino gehiagorekin egiten du lan, baita Tknika, Spri Talde, DEMA, Inguralde, Behargintza, Cedemi, Novia Salcedo Fundazio, Bizkaiko Foru Aldundi, Eusko Jaurlaritza, Bilboko edo Santurtziko Udalekin ere.

Ikastetxeko ikasle guztiek parte hartzen dute programa honetan, 4 irakaslek gainbegiratuta, eta 150 negozio-ideia eta 20 enpresa sortu ditu.

 

 

Partekatu albiste hau