Herri Administrazio eta Justizia sailburuak, Josu Erkorekak, eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak, Alberto García Erauzkinek, lankidetza-hitzarmena izenpetu dute “Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zuria” erakusten eta erabiltzen hasteko. Dokumentu ofizial honen arabera, Eusko Jaurlaritzak aurrera egin nahi du gobernantza onaren baloreekiko konpromisoan: gardentasuna, herritarren parte-hartzea erabakietan, publizitate aktiboa, kontu-ematea eta abar. Gizarte-berrikuntzako proiektu aitzindari hau urtebete iraun duen sorkidetza-prozesuaren emaitza da, euskal herritarrekin gauzatu dena, hau da, 400 pertsona eta 150 erakunde publiko eta pribatu baino gehiagoren parte-hartzearekin

Eusko Jaurlaritzak uste du Innobasquek badituela ezagutza eta eskarmentua gizarte-berrikuntzan, baita beharrezko baliabideak ere, bigarren faseari ekiteko eta, horrela, herritarrek dokumentu hau sortzeko prozesuan bertan esplizitu bihurtu zituzten eskariei eraginkortasunez erantzuteko.

Hitzarmen honek Eusko Jaurlaritzari eta Innobasqueri estrategikoki elkarlanean aritzea ahalbidetuko die berrikuntza publikoan eta pribatuan adituak diren talde teknikoak partekatuz, herritarren parte-hartzearen arloan proiektu pilotuak eta esperientzia berritzaileak egiteko.  Honela, bi erakundeek konpromiso hauek hartzen dituzte:

  • Ideia-lehiaketa bat martxan jartzea nahi duten herritarrek eta gizarte-eragileek proposa dezaten euskal Herri Administrazioak egitea gai publikoetan elkarrekin parte hartzeko eta batera ikasteko proiektu pilotuak.
  • 20.000€-rekin finantzatzea herritarren parte-hartzeari buruzko hiru esperientzia berritzaile, kanpoko eragileek eginak, 2016ko abenduaren 31 baino lehen.
  • Gidaliburu praktikoa egitea herritarren parte-hartze prozesuak diseinatu eta martxan jartzeko.
  • Jardunbide egokien dokumentu batean biltzea prozesu hauek toki bakoitzean martxan jartzeko erabil daitezkeen tresna guztiak.
  • Ebaluazio-eredu bat diseinatzea, parte-hartzeari buruzko prozesu hauen eragina egiaztatu ahal izateko.
  • Jaurlaritzako zuzendaritza-kideak eta teknikariak sentsibilizatu eta prestatzea herritarren parte-hartzeari buruz.

Liburu Zuria 

2014ko abenduaren 19an Eusko Jaurlaritzak “Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zuria” aurkeztu zuen, honelako lehenengo liburu zuria, herri-administrazio batek Euskadin egina. Dokumentu honek urtebeteko lana jasotzen du, era guztietako 400 pertsonak eta 150 erakundek parte hartu zutelarik bertan: udalek, foru-aldundiek, ezgaitasunen bat duten pertsonen elkarteek, pertsona nagusien elkarteek, kultura-elkarteek, unibertsitateek, ikastetxeek, GKEek, gizarte-integrazioko elkarteek…

Sei hilabete hauetan, Eusko Jaurlaritzak lehenengo etapan dokumentuaren zabalkunde- eta azalpen-lana egin du, eta honako ekintza hauek gauzatu ditu hor:

  • Liburu Zuriaren aurkezpena Eusko Legebiltzarreko taldeei. Aurtengo otsailaren 4an izan zen. Legebiltzarrean izan ziren Herri Administrazio eta Justiziako sailburua, Josu Erkoreka, eta dokumentua egiten parte hartu zuten adituetako bi:  Ana Viñals, Deustuko Unibertsitatean Aisialdi Azterketetan ikertzailea, eta Pedro Ibarra, UPV-EHUko katedraduna, zientzia politikoen eremuan espezializatua eta Parte Hartuz-en sortzaile eta zuzendaria; Parte Hartuz demokrazia parte-hartzaileari buruzko ikerketa-taldea da, Euskal Herriko Unibertsitate  Publikoan.
  • Barne-saioak eta alde biko bilerak sentsibilizazio eta zabalkunderako, Euskal Herri Administrazioko kargu publiko eta langile teknikoei zuzenduta.  Bilera hauetan, kultura-aldaketa bilatu nahi izan da kudeaketa publikoan ardura duten langileen artean, esperientzia pilotu gisa arlo batzuk identifikatzeko eta horietan parte-hartzeko prozesuak eta, horien eragina baloratzeko, dagozkien ebaluazio-ereduak martxan jartzeko.
  • Osasun Sailak Jaurlaritzako lehen Sustapen Taldea sortu du, dagoeneko lanean ari dena gaien zerrendak egiten, horietan herritarrek parte hartu ahal izango dutelarik euskal osasun-sistema hobetzeko. 
  • Gobernua hasia da parte hartzeko eskuliburu praktiko bat egiten, eta honek diseinu, inplementazio eta parte-hartzeko tresna-kutxa bat izango ditu Eusko Jaurlaritzako langile politiko eta teknikoentzat.

Partekatu albiste hau