Langabeziari aurre egiteko pentsamoldea aldatzeko langileen inplikazioa lortzea beren lanbide-patuaren lidergoan: hori da Urbegi Taldeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapenerako Sailak bultzaturiko “Enkarterri Bultzatzen” proiektuaren helburuetako bat, eta hori eskualdean enplegu arloan aldaketa positiboa lortu ahal izateko.

Sei proiektu garatuko dira produkzio- eta industria-eremuan, enpresa bakoitzean zuzeneko 5 enplegu sortzeko ahalmenarekin. Proiektu bakoitzak eskualdean espiritu ekintzailea duten pertsonentzako babesa jasoko du enpresa-proiektuen sortze- eta sendotze-prozesuan; etengabeko prestakuntza eta laguntza eta aditu eta konpainien lankidetza merkatu, produktu eta zerbitzuen ezagutza-arloetan, baita ekonomia- eta finantzaketa-kudeaketari dagokionez ere.

Ekinbidearen lehen fasea maiatzaren 18an hasiko da 15 ekintzaile potentzialekin harremanetan jarrita, eta hori “Enkarterri Bultzatzen” eskualdeko udalerrietan aurkeztu eta proposamenak jaso ondoren izango da.

Urbegi Fundazioko presidentea, Javier Larrañaga, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituztenak orientatzen, prestatzen eta lan-munduan txertatzen ari da lanean 2010. urtetik, eta sakon azalduko du “Enkarterri Bultzatzen” proiektua. 

Zein dira ekinbidearen helburua, iraupena eta ardatz nagusiak?

Helburua 6 industria-enpresa berri eratzea da, lehenengo egunetik gutxienez 5 pertsonari lana emango dietenak, eta enplegu berriak sortzeko gaitasuna dutenak. Proiektuak hainbat fase ditu: lehenengoa, oinarrizko enpresa-prestakuntza, 8 astekoa; bigarren fasea, etorkizuneko enpresa bihur daitezkeen industria-prozesuen azterketa zehaztua; eta hirugarrena, enpresen eraketarekin hasiko da: Urbegiren parte-hartze minoritarioa izango du, eta lehenengo lan-hilabeteetan koordinazioa ere egingo du. Urbegiren parte-hartzeak proiektu hauetan 2 edo 3 urteko denbora-horizontea du, enpresa gisa sendotzen hasten direnean aukera izateko langileek enpresaren %100 jabetzan hartzeko.

Nola eragingo du ekinbide honek Enkarterrietako eskualdean?

Espiritu ekintzailea suspertzeko balio izatea espero dugu, duela hamarkada batzuk gure udalerrietan nabaria zen espiritua; adibidez Balmaseda 50 altzari-lantegi baino gehiago izatera iritsi zen.

Ekinbide hau zergatik dago batez ere industria-arlora zuzenduta?

Enkarterrietako industria Kadagua  ardatzeko enpresa handietan oinarriturik zegoen, eta, hainbat arrazoi medio, ia desagertu dira horiek. Batzuetan, erabakitze-gunea eskualdetik urrundu zelako. Industria-arloa garatzea bilatzen dugu, gure eskualdeko herriak “lotoki” huts bihurtu ez daitezen eta tokian tokiko enpresa-ehun berria eskain dezaten, egungo ekonomia-jardueraren osagarri izango dena.

“Enkarterri Bultzatzen” zabaldu ote daiteke Bizkaiko beste alde batzuetara? Eta horrela bada, zergatik?

Jakina, ekinbide honen ezaugarri bat da hainbat eskualdetan garatzeko modukoa izatea, ez baita garatzen Enkarterrietan eskualde honen ezaugarri bereziengatik, baizik eta Urbegiren egoitza soziala bertan dagoelako.

Zein dira profesional ekintzaile baten ezaugarri nagusiak?

Enkarterrietan gauzatuko dugun ekinbideak, lanbide-profil jakin batean oinarritzea baino gehiago, eskualdeko langabeen profilari erantzun nahi dio; izan ere, langabeziaren %50 baino gehiago 45 urtez gorako jendeak osatzen du eta %60k lehen mailako ikasketak bakarrik ditu. Gure eskualdeko langabeak laneratzea ahalbidetuko duten industria-prozesuak bilatzen ditugu, ez alderantziz.

Zure ikuspegitik, nola indartzen da ekintzailetza gazteen eta profesionalen artean?

Uste dut funtsezkoa dela eskualdeko jendeak ikustea nola lortzen duten lehenengo ekintzaileek beren patua aldatzea eta ongi doakiela eurak lider diren enpresetan. Hori ikusita, ondorengo edizioetan askoz gehiago animatuko dira.

Partekatu albiste hau