Israel herrialde txikia da. 8 milioi biztanle baino gehixeagorekin, 1.000 milioi euroko aurrekontua du urtean berrikuntzan, eta I+G-n duen inbertsioa bere Barne Produktu Gordinaren %5ekoa da. Lurralde honek, helmuga dituen merkatuetatik urrun, 80 start up teknologiko bideratu ditu Nasdaq-era, Europak eta Asiak elkarturik baino gehiago; hori gogorarazten du Xavier Ferrasek bere azken post-etako batean, eta gainera  esaten du han biltzen dela munduko arrisku kapitalaren dentsitate handiena eta oinarri teknologikodun ekintzaileen nazioarteko komunitaterik bizienetako bat ere. Zergatik?

Harold Wiener-ek, Terra Venture Partners-eko (TVP) general partner-ak, beheko bideo horietan azaldu du. TVP goi-teknologiako start up disruptiboen inkubagailu bat da, proiektu hauetan inbertitzen duena, eta bazkide estrategiko eta industria-liderrengana iristeko aukera eskaintzen duena. Israelen, gobernuak etorkizun handieneko teknologiak finantzatzen ditu, TVP bezalako eragile independenteek aukeratuak, berauek ere teknologia horietan inbertitzen dutelarik. Hiru faktore hauek (korporatiboaren eskarmentua, ekintzailearen ideia berriak eta Gobernuak jartzen dituen bitarteko bideratzaileak ─beste biei askatasuna ematen dielarik irizpide profesionalen arabera jarduteko─) batzea israeldar ereduaren gakoetako bat da

Wiener-ek, Uruguain jaioak, ondo ezagutzen du Ekintzailetzaren Euskal Sistema (bere bosgarren bisita da Euskadira) eta esaten du bankuek arrisku gehiago hartu behar dutela proiektu berritzaileetan inbertitzerakoan. Innvest Sareak, gobernuak eta ekintzaileek, elkarlanean, emaitza ikusgarriak lor ditzaketela aitortzen du Wiener-ek, eta gaineratzen du: “Hobe INNvest Sare bat balego Israelen”.

Harold Wiener-ek “Euskadiko berritzaileen eta inbertsiogileen topaketan” hartu zuen parte, eta bertan inbertsio-ehunean konexio-mekanismoak identifikatu ziren, Innvest Sareak, ekintzaileek eta CEIek ordezkatuak. Ekintzaileen eta intraekintzaileen showcase bat ere egin zen Histocell, BioFenix, Erre Use Evolution, Optimitive, Greenius eta CAF Ventures-ekin. Ekitaldia SPRI Taldeak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako Sailak eta Innobasquek antolatu zuten.

Partekatu albiste hau